Pixar eta Disney-ren behin betiko pausoa aniztasunaren alde

Bere denbora behar izan dute Disney eta Pixar-ek, baina pixkana komunitate LGBT+a barneratzen joan dira euren iruditerian. Pixar-en Out laburmetraian ikusi ahal izan dugu hori urte honetan bertan, non protagonistak bikote homosexual bat ziren eta Onward-en bere lehen pertsonaia lesbiana aurkeztu zuen.
Oraingo honetan, beste pauso bat eman dute inklusioaren bidean. Honela, Pixar-ek binarioak ez diren pertsonaiak eta transgeneroak erakutsiko ditu datozen bere ekoizpenetan.
Honela argitu zuen Jessica Heidt-ek, enpresaren script ikuskatzaileak, Inside Pixar dokumentalean. Dokumental honetan Pixar-en barruan gertatzen den guztia ikusi daiteke.
Horietako kapitulu batean Heidt-ek adierazi zuen genero ezberdinak ordezkatuak azaldu direla Pixar-en ekoizpenetan eta saiatu izan direla kopuru berdinean azaldu zitezen pertsonaia maskulinoak eta femeninoak.
Baina jada 2020an gaude, eta hori bakarrik ez da nahikoa. Hori dela eta, Heidt-ek aipatzen du estudioaren helburu berrietako bat binarioa ez den komunitateari ikusgarritasuna ematea dela: “Pixar-en datozen pelikulek genero guztietako pertsonaiak edukiko dituzte”. Ikusteko irrikatan gaude.