Pitilinmundi

Pitilinmundi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pitilinmundi/@@download/image/pitilinmundi_1362741783.jpg
2009/05/01
erreportajea
Nerea Sancho Psikologoa eta Sexologoa.
Pitilinmundi
Zakilaren tamainaz hitz egin behar dugu. Askok zakilarekin lotzen dute beren gizontasuna, indarra, boterea. Eta logika horretan, konparaketak egiten hasita, zakila inork baino handiagoa izatea da euren ametsa (edo amesgaiztoa). jarraian, hemen dituzu zure pitilina maitatzeko aholku batzuk.

Bizitza bakarra dugun bezalaxe, gorputza ere bakarra dugu. Eta bizitza osoa berarekin emango dugu. Gizonezkoek zakila bakarra daukate, tokatu zaiena. Eta duten horrekin gustura izateak onurak besterik ez dituenez, gustura ez direnek norberaren zakila gehiago maitatzeko aholkuak luzatuko ditugu.

Tamainak garrantzia du. Kontrakoa adieraztea politikoki zuzena izateko saiakera hutsa besterik ez da. Baina horrek ez du esan nahi zenbat eta zakila handiagoa izan, bat sexu kontuetan hobea izango denik. Maitale ona izateko, tamainarekin zerikusirik ez duten hainbat baldintza bete behar dira: umorea, giro egokia sortzeko gaitasuna, gogoa, irudimena, grazia… Eta hor, zakilak ez du dagokiona baino garrantzi handiagoa.

Bestetik, zakila ez da ezinbestekoa emakume batek orgasmoak izan ditzan. Eskuek eta ahoak sekulako plazera eragin dezakete gorputz osoan: bulba, klitoria, uzkia, titiburuak… Emakume askok modu horietan lortzen dute plazer maila gorena, baina, aldiz, emakume askok ez du hainbeste gozatzen bagina edo uzki sarketaren bidez.

Behin aurreko bi ideiak argi izanda, honakoa proposatuko dizugu: pentsa ezazu 90 urte arte biziko zarela. Zenbat geratzen zaizkizu? Zure zakilak ez al du bizimodu duina merezi? Ez al du merezi berarekin gustura sentitzea, eskaintzen dizun guztia aintzat hartzea?

Zer eskatzen diozu zure zakilari? Har itzazu minutu batzuk pentsatzeko. Plazera ematen dizu? Asetzen zaitu? Zerbait eragozten dizu? Itxurak kezkatzen zaitu?

Une batez, imajina ezazu zure zakila perfektua dela. Zer aldatuko da zure bizitzan? Pentsa itzazu aldaketak, eta zerrenda egizu. Benetan uste duzu aldatuko liratekeela? Aldiz, zure zakila den bezalakoa izanda, zer egin dezakezu zerrendan idatzitakoa lortzeko? Badago beste modurik?

Probatu duzu inoiz, zure zakilarekin benetan gustura bazina bezala jokatzen? Nola tratatuko zenuke? Zein jarrera izango zenuke? Asko maite bazenu bezala jokatuz, benetan maitatzera iritsi zaitezke. Bazenekien hori?

Orain, imajina ezazu aktore porno famatu baten zakila eta zurea oso antzekoak direla. Zakilak joko asko ematen dio aktoreari, eta filmetan erakusten du. Bere zakilaren bertuteak adierazteko, nola jokatuko luke aktoreak? Zein eszena irudikatu duzu? Gogoan izan, edozein zakil mota modan jarri daitekeela… modak etengabe aldatzen dira eta.

Eta badaezpada ere, gogoraraztearren… badakizu film horietako irudi gehienak trukatuta daudela? Bukatzeko, argazkiekin ariketa bat egitea proposatuko dugu. Egin al duzu inoiz zure zakilaren argazki on bat? Benetan ona? Zakilari argazki asko egin diezazkiokezu. Goitik, behetik, alde batetik. Ea nola ikusten duzun. Zakila zut dagoenean, argazkia azpialdetik ateratzen badizkiozu ('kontrapikatu' esaten zaio) emaitzak harrituko egingo zaitu, agian. Gustuko irudi bat lortzeko asko egin behar izaten dira, beraz, ez desanimatu lehen irudiek huts egiten badizute. Jarraitu lortu arte!

SEXESALDIA


John Lennon-ek esana: “memelo bakoitzaren atzean sekulako emakumea izaten da beti”. 

PROBATU AL DUZU?



Leku publikoetan egitea? Taberna bateko komunetan, zineman, parkean, auto barruko leku ikusgarri batean, etxean kortinak itxi gabe, igogailu batean, igerilekuko aldageletan… 

SEXEGUNA


Maiatzaren 15a: Familiaren Nazioarteko Eguna.
Maiatzaren 28a: Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna.
Ekaina: Antzutasunaren Mundu Hilabetea
Ekainaren 7a: Jaiotza Eskubideen eta Begirunezko Erditzearen Mundu Eguna.
Ekainaren 21a: Hezkuntza Ez Sexistaren aldeko Nazioarteko Eguna