Pin Pan Pun Band: Biba festa!

Pin Pan Pun Band: Biba festa! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pin-pan-pun-band-biba-festa/@@download/image/32p12-1_1369160874.jpg
2003/07/04
erreportajea
Txomin L. Aramaio
Pin Pan Pun Band taldeak estreinako lana kaleratu du Oihuka disketxearekin: "Lehenengo bolumena". Etsaiak taldeko abeslari Auo buru duen bandak fusio koktel polita eskaini digu. Jaietarako musika aproposa, benetan.

Etsaiak taldearen atsedenaldia aprobetxatuz, Auok aspalditik buruan zuen proiektuari ekin zion, iazko udan: Pin Pan Pun Band sortzea. Proiektua gauzatzeko, Chanul mexikarrarekin elkartu zen eta lehen kantuak sortzen hasi ziren. Bi hauei Erroi eta Axular musikari mutrikuarrak eta Madrilgo Vallecas-eko 'Txikitin' gehitu zitzaizkien. Guztiek eskarmentua dute musika arloan, baina nork bere estiloan: punka, metala, erritmo latinoak, technoa...

Aurtengo neguan Kubara abiatu ziren bira egitera. Bertan, kantu batzuk grabatu zituzten Kubako hainbat musikariren laguntzaz: Merceditas Valdes, Batanga Sonic, Zeus taldea…...

Etxera bueltan, Kuban grabatutako abestiak landu dituzte, lehen diskoa kaleratzeko. Auoren hitzetan, "proiektu honetako puzzle zatiak alderantziz jarri ditugu; lehenengo bira egin, gero kantuak landu eta, azkenik, diskoa atera dugu". 

Bideo klip bat ere grabatu dute, Kubako irudiekin eta Euskal Herrian hartutakoekin. Bideoan, kubatarrak eta euskaldunak dantzan ikus daitezke. "Gure asmoa, musikaren bidez, hemengo eta hango kultura lotzea da, hau da, kultur trukaketa sortaraztea", esan digu Auok.

Zuzeneko emanaldietan, Mikel tronpeta jole bergararrak, Kubako Zeus taldeko 'China' gitarra joleak eta Mutrikuko bost neskez osatutako perkusio taldeak dihardute. Beraz, koadrila polita elkartzen da taula gainean. Emaitza ez da nolanahikoa: batucada, kongoak, perkusioak, salsa, rock-a, metala, txalaparta, adarra, timba, technoa… Euskal Herria Kubarekin senidetu da proiektu honi esker. Eta, dirudienez, adiskidetasunak luze iraungo du. Izan ere, banda berezi honetako taldekideak kantu berriak lantzen ari dira Mendexako lokalean; Durangoko azokarako bigarren diskoa kaleratzeko asmoa dute. Bitartean, makina bat jai alaituko dituzte uda honetan.