Petti: "Maitasuna eta gorrotoa ezagutu nituenean hasi nintzen konposatzen"

Petti: "Maitasuna eta gorrotoa ezagutu nituenean hasi nintzen konposatzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/petti-maitasuna-eta-gorrotoa-ezagutu-nituenean-hasi-nintzen-konposatzen/@@download/image/petti_01_1391686523.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena. Argazkiak: J.A. Areta Goñi (Juxe)
Petti: "Maitasuna eta gorrotoa ezagutu nituenean hasi nintzen konposatzen"
Hamaika proiektutan ikusi dugun arren, bakarlari gisa bereizgarritu da beti Juan Luis Perez ‘Petti’ (Bera, 1973). 2011n, Xabi Garrerekin (Señor No) osatutako ‘Xabi eta Petti’ diskoa da beratarraren azkena, baina grabaketa prozesuan dihardu berriz ere.


Noiz erdituko duzu autoekoitzitako lan berria?
Dena behar bezala badoa, udaberrian ikusiko du argia. Urte bukaera aldera, disko luzeagoa kaleratzeko asmoa dut, gainera.

Zer aurkituko dugu bertan?
Lau edo bortz abestik osatuko dute disko akustiko berria. Tartean taldearekin grabatutako kanta bat sartuko dugu, zeinetan orohar gitarra akustikoa eta gitarra gordinak nagusituko diren.

Bakarlari gisa ikusi zaitugu normalean, baina, berezkoak dituzun blues eta folkaren mugetatik ateratzen zara taldean arituta.
Etxeko Uzta taldean orain arte egin ditudan diskoen artean rockeroena deneko kantak jotzen ditugu. Gitarra akustikoarekin egin ezin ditudan abestiak sortzea maite dut, eta taldean aritzeak horretarako ateak irekitzen dizkit.

Bidaiatu dezagun pixka bat. Nola gogoratzen duzu gitarra hartu zenuen lehen aldia?

Etxean betidanik egon naiz gitarraz inguratuta, bi ahizpek jotzen baitzuten. Zaila zait gitarra hartu nuen lehen aldia oroitzea, baina, serioski, hamalau bat urte nituenean hasi nintzen. 300eko Peavye amplia erosi nuen nire lehenengo soldatarekin eta auzoko bizilagun guztien belarriak astintzen nituen etxe azpiko bajeran. Lanik ez nuenean, hamabi bat ordu ematen nituen egunean. Orduan sustatu nuen, zalantzarik gabe, bizilagunek nirekiko duten maitasuna...

Noiz hasi zinen konposatzen?
Tabernan lanean ari nintzenean. Maitasuna eta gorrotoa ezagutzearekin batera, burua lokaztu eta idazten hasi nintzen.

Zenbaterainoko eragina izan du zure ibilbidean Berak musikarekin duen harremanak?

Galdera honekin erantzunik gabe gelditzen naiz beti. Argi dut sorterriari baino, Beñardo Goietxe lagun minari zor diodala nire musika zaletasun irekia. Dena den, ukaezina da Berak musikarekiko duen lotura. Bertakoak dira Euskal Herriko talde berezienetakoak, Gutariko Bat, Borrokan eta Xabi Erkizia, tartean, eta herrian egiten da Ertz, Euskal Herriko musika jaialdi berezienetakoa. Herritarrak dira Irazoki eta Telletxeatarrak, Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir edo Mugaldekoak taldeen mailako musikari handiak, eta honek edozeinengan du eragina. Udaletik ere ongi zaindu gaituzte beti, eta ziurrenik horrek ateak ireki dizkigu.

Berako harrobiaz ari garela, Iñigo eta Igor Telletxeak, Joseba Irazokik, Maikel eta Fernan Irazokik, Beñardo Goietxek eta Xabier Montoiak laguntzen zaituzte ‘Etxeko Uzta’ diskoan...

Plazer handia da taldearekin jotzea, baina, egia da, gauzak dauden moduan, hagitz zaila zaigula Euskal Herritik kontzertuak egiteko mugitzea. Zentzu horretan, tabernaz taberna jotzeko errazagoa da bakarlari gisa joatea.
Iaz Xabi Garre (Señor No) musikariarekin egindako birak markatu zuen urtea.

Gaztelaniaz aritu zinen lehendabiziko aldiz, oker ez banago...
Hala da, eta ez nintzen batere eroso sentitu. Ingelesez barregarria naizen arren, erosoago sentitzen naiz, behintzat. Hala ere, Xabirekin apustua egin nuen eta bete behar... Berak euskaraz kantatu zuen lehenengoz, eta nik, berriz, gaztelaniaz. Orain argi dut 100 mila dolar ematen ez badizkidate, behintzat, gaztelaniaz aritu naizen lehen eta azken aldia izanen dela. Rantxeraren baten salbuespenarekin, akaso... Kar kar!

Argi duzu, orduan. Orain zertan da Xabi ta Petti bikoa?
Duela hilabete pare bat editatu genuen gure lehen biniloa. Elkarrekin egin dugun disko bakarrari lau kanta gehitu dizkiogu edizio berrian: bi Xabirenak, bertze bat nirea eta azkena Johnny Cashen euskarazko bertsio bat. Zuzenekoetan bakarrik salduko dugu eta otsailaren 8an dugu aurtengo lehenengo kontzertua, Oreretako Niessen aretoan, Kokein eta Bide Ertzean taldeekin batera.

Hitzordu gehiago itxi al dituzue?
Ez, oraingoz bakoitzak nahiko lan du berearekin. Normalean, uda aldera antolatzen ditugu birak eta, egia erran, Kataluniatik eta Espainiatik aritzea gustatuko litzaiguke, baina momentuz ez dugu deus itxita.
 
Harkaitz Cano eta Joxean Goikoetxearekin batera lanean ibili zara azkenaldian Gau-beranduan proiektuan. Noiz eta nola sortu zen ideia?
Joxe Anjel Arbelaitzen (Xabier Lete gogoan, Sortuko dira besteak...) proposamena izan zen poesia eta musika uztartzen dituen Gau-beranduan ikuskizuna. Pertsonalki, gauza berriak egiteko parada izan nuen, eta hasieran lekuz kanpo sentitu nintzen arren, azkenean, gustura ibili naiz. Oraingoz emanaldiak bukatu ditugu, baina aurrerago, agian, errepikatuko dugu Euskal Herriko antzokiren batean...

Bukatze aldera, aurrerantzean zein dira zure erronka nagusiak?
Aipatutako diskoak kaleratzea eta zuzenean jotzen jarraitzea dira aurtengo erronka nagusiak. Hala ere, panorama nola dagoen ikusita, ezin dut jakin musikarekin jarraitzeko aukera izanen dudan edo, aurrera jarraitu ahal izateko, kartoiak biltzen hasi beharko naizen. Aipatutako diskoez aparte, bertsio bilduma ere egin nahiko nuke, baina aurreragorako utziko dut.