Petti: “Lan guztietan biluzten naiz"

Petti: “Lan guztietan biluzten naiz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/petti-lan-guztietan-biluzten-naizquot/@@download/image/27p12-1_1369678367.jpg
2003/02/07
elkarrizketa
Txari Eleta
Hiru disko karrikaratu ditu dagoeneko Berako bakarlari honek, azkena, joan den udazkenean, "Etxeko uzta" izenekoa. Lan hori hamairu kantu erritmiko sakonek osatzen dute. Batzuek diote, lan honek Pettiren espiriturik basatiena eta elektrikoena erakusten duela. Besteek, berriz, Tom Waits, Mikel Laboa edo Neil Young bezalako musikariak gogora ekartzen dituela. Eta zer dio Pettik berak?

Non dago azken diskoaren eta aurreko bien arteko alderik nabarmenena? Musika estiloan? Hitzetan?
Aldaketa nagusia estiloan dago gehienbat. Hitzak berdintsuak dira, baina aurreko diskoetan musika lasaigoa eta akustikoagoa jorratu nuen azkenekoan baino.

"Etxeko uzta" izena du diskoak. Zer nolako uzta jasotzen ari zara lana kaleratu zenuenetik?

Nahiko ona, uzta guztiak horrelakoak balira, ongi.

Erran al daiteke disko honetan nolabait biluztu egin zarela?

Nire ustez, lan guztietan biluzten naiz. "Arrazoiak" lanean, hala ere, gehiago nabaritu zen hori disko honetan baino .

16 urterekin, rock talde batean. Egun, 29 urte dituzula, bakarlari eta intimista.

Bai, baina bi estilo horietan gustura ari naiz. Espero dut hurrengo lanak are hobeak izatea!

Lagunek irri egiten al dizute amodioari kantatzeagatik?

Lagunek ez dute ez nire kontura, ez beste inoren kontura irri egiteko ohiturarik. Hori bai, nire musikak horretarako balio badu, ez dago gaizki.

Argi dago lagunak biziki maite dituzula. "Nahiz eta kabroiak izan, zuek zarete nahi dudana" diozu abesti batean.

Bai, nire lagun guztiek mereziko lukete kantu hori. Aunitz lagundu didate eta, nire ustez, hori da laguntasuna. Ostatuan tragoak edonorekin edan ahal dituzu, baina laguntza behar denean konturatzen zara nor den nor.

Zure jaioterriari eskaintzen diozun kantua ironiaz beteta dago.

Bai, bizitza bera ere ironiaz beterik dago eta. Kantu horrek hori adierazi nahi du, hain zuzen.

Kontzertu batek non du xarma handiagoa, ostatuan ala antzokian?

Desberdinak dira. Adibidez, bakarrik jotzeko, nahiago dut ostatua eta antzoki batean bada, alderantziz. Izan ere, bandak indar handiagoa du antzokian.

Eta ostatuan, non nahiago duzu, barraz bestaldean zerbitzari ala kontzertua eskaintzen?

Bakoitza bere garaian, baina lana beti lana da.

Musikari berrien harrobi ona da Bera azken boladan.

Bai, egia da, eta luzaroan hala izatea nahi nuke. Harrobi polita dugu herrian, eta nire ustez, gero eta indartsuagoa izanen da. Erraztasunak badira  herrian, eta hori nabari da: lokalak, musika eskola eta abar.

Zer egin behar da musikagintzan leku polita lortzeko?

Lana da egin beharrekoa, inork ez dizu deus ematen ezeren truke.

Hainbat musikarik diotenez, arrakasta handiagoa lortu dute beren herritik kanpora sorlekuan bertan baino; alegia, inor ez dela profeta bere herrian. Zer diozu zuk?

Nik nire herrian ez dut arazorik izan, baina egia da esan duzun hori entzuten dela. Garrantzitsuena, edozein lekutan, nork bere helburuak betetzea da.

Noiz hasi zen Juan Luis Perez Petti izaten?

Aspaldi, duela 20 urte pasatxo. Ikastola garaian "Petti suisse" deitzen zidaten.

Musikaz gain, ba al duzu bestelako zaletasunik?

Zinema; hobeto erranda, bideofobia dut. Ondo jatea ere maite dut, bistan denez.

Noizbait entzun dizugu zulo ilunenetan ibili zarela. Zer erran nahi zenuen?

Drogaren zuloan sartu nintzela esan nahi nuen. Baina sartu gabe, ezin atera.

Joan den azarotik ari zarete zuzeneko emanaldiak eskaintzen diskoa aurkezteko. Nola duzue agenda hurrengo egunetarako?

Otsailaren 14tik 22ra Espainian bira egingo dugu:  Madrilen, Bartzelonan, Leonen, Galizian... Ondoren, emanaldi batzuk izango ditugu Euskal Herrian.