Pello Lizarraldek irabazi du euskarazko narratibaren Euskadi Literatura Saria

Zazpi Euskadi literatura sarien artetik hiru jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak eta horietako bat Pello Lizarralderena izan da. Idazle zumarragarra saritu dute narratiban, Argiantza nobelagatik. Epaimahaiak "irakurlea harrapatzen duen atmosfera harrigarria" nabarmendu du. Horretaz gain, "ahots narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraiki du kontakizuna". Liburua iazko ekainean kaleratu zuen Lizarraldek, eta bideogintzaren agerpenaren ondoren zinemagintzak izandako beherakadaren hasiera kontatzen du.
Haur eta gazte literaturako saria, berriz, Anjel Lertxundirentzat izan da, Haltzaren muinoa liburuagatik. “Kalitate literario handiko" obratzat jo du epaimahaiak,: “Esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eta gazte literaturako klasikoei egiten dien erreferentziagatik; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik". Uholdeak eramandako arbola baten gorabeherak kontatzen ditu lanak.
Publiko egindako hirugarren saria Joxan Elosegirena izan da, Irene Sola Saezek katalanez idatzitako Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberria itzultzeko eginiko lanarengatik. "Estiloaren joritasuna" azpimarratu dute, eta "jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu izana".
Euskadi Literatura Sariak azaroaren 18an banatuko dituzte Gasteizko Artium museoan. Datorren astean emango dute beste lau modalitateetako irabazleen berri: gaztelaniazko narratiba, ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.