Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak

Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak Hiru belaunaldi bildu ditu aurtengo Arte Plastikoen sari banaketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pello-irazu-laida-lertxundi-eta-leopoldo-zugaza-gure-artea-saridunak/@@download/image/premiosok.jpg
2020/10/02
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Hiru belaunaldi bildu ditu aurtengo Arte Plastikoen sari banaketak.
Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea saridunak

Atzo banatu zituzten aurtengo Gure Artea Sariak; hiru sari banatu ziren, Arte Plastikoen hiru belaunaldi batuz. Hala, Pello Irazuk, 'Ibilbide artistikoaren aintzatespena' modalitatean jaso zuen saria; Laida Lertxundik, 'Jarduera sortzailearen aintzatespena' modalitatean; eta Leopoldo Zugazak, 'Arte bisualen arloan eragileek egindako jardueraren aintzatespena' modalitatean.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostiako San Telmo Museoan banatu zituen sariak Bilboko Guggenheim Museoan egin zen galan.

Mikel Onandia epaimahaiburuak eta Miren Arenzana, Lucia Agirre, Oier Etxeberria eta Sahatsa Jauregi epaimahaieko kideek hautatu dituzte aurtengo saridunak, eta irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jaso du.

Irazu

'Ibilbide artistikoari aitortza' egin dio aurten Pello Irazu Mendizabal artista gipuzkoarrak (Andoain, 1963). Gure Artea sarien epaimahaiak nabarmendu duenez, "euskal artearen egungo panoraman funtsezko figura" eta "80eko hamarkadan euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat da".

Lertxundi

2020ko 'Sormen Jardueraren Aitorpena' Laida Lertxundi de Pradorentzat izango da (Bilbo, 1981). Donostian bizi den artista bilbotarrak bideoan eta idazketan oinarrituta lan egiten du, "bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatuz, nazioarteko arte biurtekoetan, galerietan, zinema aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztu dira", epaimahaiaren erabakiaren arabera.

Zugaza

Azkenik, Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, 1932) aukeratu dute 'Arte plastiko eta bisualen arloan eragileek egindako jarduera' saritzen duen modalitatean. Epaimahaiak "Euskal Herrian kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan zehar sustatzeko eta zabaltzeko egindako ibilbide oparoa" nabarmendu du.