Paul Urkijoren 'Irati' filma Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko da

Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean proiektatuko dute, Sitgesen, urriaren 6tik 16ra bitartean. Paul Urkijo Alijo gasteiztar zinemagilearen bigarren film luzea da Irati, eta Erdi Aroko garai ilun batean kokatzen da istorioa. Erlijio hegemonikoak euren arteko borrokan ari dira, kristautasuna Europan hedatzen, eta sinismen paganoak desagertzen ari dira. Euskal mitologiak ere badu tartea ikus-entzunezko kontakizunean.
Honela azaldu dute filmaren nondik norakoa: "Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibar-jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaituko du, trukean bizitza emanda, baina, lehenago, Eneko semeari hitzemanaraziko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian. Urte batzuk geroago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta baitago Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko batena. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira".
Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy dira filmeko protagonistak, eta Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituño ere aritu dira aktore lanetan. Lantalde teknikoan, berriz, jantzitegian Nerea Torrijosek, Mikel Serrano arte zuzendariak, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja soinu-bandaren egileek, efektu berezietan David Herasek eta Jon Serranok, eta Gorka Gomez argazki zuzendariak parte hartu dute.
Azaroaren 18tik aurrera ikusi ahal izango da filma zinema-aretoetan.