Paul Urkijo sarituko dute Fant zinema jaialdian

Maiatzaren 4tik 11ra egingo dute Fant Bilboko zinemaldi Fantastikoaren XXIV. edizioa, eta aurten, Errementari filmeko zuzendari Paul Urkijok jasoko du Fantrobia saria. Urkijoren filma martxoak 2 estreinatuko da Euskal Herriko aretoetan.
Horrez gain, Fantek hurrengo ediziorako bere irudia aurkeztu du. Protagonista, hiriko txokoetatik atzera eta aurrera dabilen eta guztietara heltzen den mamu, izaki, zinemazalea da. Bere ohiko izara zuria jantzita, Bilbon ezinbestekoa den beste elementu bat ere badarama: aterkia.
Fantek omentzen duen zine fantastikoan mota guztietako mamuak ikusi ahal izan dituzue: beldurgarri eta gaiztoetatik arima oneko eta eskuzabaletara, eta baita barregarriak eta maitekorrak ere. Komediak, Ghostbusters edo Casper, adibidez, suspenseko filmak, The sixth sense, melodramak, Ghost edo A Ghost Story eta baita beldurrezko zintak eere, Poltergeist eta The Ring, besteak beste.
SARIAK
Lehiaketaren atalean, Sail Ofizialeko kategoriaren batean parte hartu nahi duten filmak aurkezteko epea martxoaren 15a arte egongo da zabalik. Epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren film laburrei 3.000 euroko bi sari emango dizkiete, eta Euskal Herriko film labur hoberenari berriz, 2.000 euro.
Horrez gain, aurtengo edizioan 1.500 euroko saria gehituko dute, Panorama Fantastiko Laburreko Film Labur Hoberenarentzat.
Berrikuntza gisa, FANTen edizio honetan Sail Ofizialeko Film Luze Hoberenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Hoberenak, 2.250 euro. Animatu!