Patinete elektrikoak motorrak ala autobusak baino gehiago kutsatu dezake

Patinete elektrikoak motorrak ala autobusak baino gehiago kutsatu dezake Garraio berri hauen ekoizpenak, bidalketak eta karga elektrikoak eragiten duen CO2a kalkulatu dute, eta emaitza ez da positiboa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patinete-elektrikoak-motorrak-ala-autobusak-baino-gehiago-kutsatu-dezake/@@download/image/Y7lGycNHpp7uBq2Pds3no2.jpg
2019/08/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Garraio berri hauen ekoizpenak, bidalketak eta karga elektrikoak eragiten duen CO2a kalkulatu dute, eta emaitza ez da positiboa.
Patinete elektrikoak motorrak ala autobusak baino gehiago kutsatu dezake

Europako hiri handienak patinete elektrikoz bete dira azkenaldian, eta ez da harritzekoa; espazio gutxi okupatzen duen garraioa da, merkea, praktikoa eta lehen itxuran behintzat, ekologikoa. Hala, kutsaduraz saturatutako hiriburuen airea "garbitzeko" garraio bikaina bezala txertatu dira patineteak. Baina adi; Environmental Research Letters aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, patineteek inpaktu negatiboa eragin dezakete ingurugiroan.

Noski, ikerketa ez da patineteen erabilerara mugatzen, ekoizpenetik hasi eta erabiltzaileen eskuetan amaitu arteko prozesu guztia hartu dute kontutan. Hala, ikerlariek patinete alokairuen enpresak ikertu dituzte, eta hau da aurkitu dutena; alokairuko patineteen bizia fabrikan emandakoa baino askoz ere laburragoa da, bi urtekoa, hain zuzen. Arrazoia? Erabilera traketsa eta bandalismoa. Ondorioz, patinete gehiago ekoiztu behar dituzte, apurtutakoak ordezkatzeko.

Hortxe hasi dira ondorengo arazo guztiak. Ekoizpen masibo horren gastuak merketzeko, patineteak Txinan ekoizten hasi dira, ondoren Europara eta AEBetara hegazkinez ala itsasontziz garraiatuz. Horrez gain, patineteak ekoizteko aluminio ustiapena nabarmen handitu dute. AEBetara zein Europara iristean, patineteek beste hainbat bidaia egiten dituzte alokairu puntuetaraino iritsi arte. Azkenik, karga energetikoa ere kontutan hartu dute ikerlariek, eta ondorioztatu dutenez, alokairuko patinete guztiak jaso, kargatzera eraman eta berriro alokairu puntuetara bueltatzeak sekulako kutsadura sortzen du. Hain zuzen, prozesu guztiak airera igortzen duen CO2 kopurua bidaiatzeko motorra ala autobusa erabiltzean igorri daitekeena baino handiagoa da.

Ikerlarien esanetan, patineteen emisioak onargarriak lirateke autoak behin betiko ordezkatuko balituzte, baina ez da hala izan; patineteen iritsierak ez du hirietako auto kopurua jaitsi. Zeintzuk dira orduan patinetea erabiltzen dutenak? Bada aurretik garraio publikoa erabiltzen zutenak edo oinez ibilitzen zirenak, hain zuzen. Orduan, patinetea kutsakorra da? Soilik autoen erabilera murrizteko gai ez bada. Hori da benetako erronka.