Parisen, bizikletan

Parisen, bizikletan Kotxeen hiria izateari utziko dio Frantziako hiriburuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/parisen-bizikletan/@@download/image/Sortie-velo-au-Parc-Rives-de-Seine-630x405-C-Jean-Baptiste-Gurliat.jpg
2020/07/03
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kotxeen hiria izateari utziko dio Frantziako hiriburuak.
Parisen, bizikletan

Datozen urtetarako plan anbiziotsua aurkeztu du Parisko alkate Anne Hidlagok; '15 minutuko hiria' batailatu du, eta helburua garraio publiko guztiak denbora tarte horretara eskaintzea du helburu. Horrekin batera, kotxeak kanporatuko dituzte erdigunetik, eta horretarako, aparkalekuen %72 ezabatuko dituzte: horren ordez, oinezkoentzat bideak eta bizikletan ibiltzeko bidegorri sare indartsua eraikiko dituzte. 

Eta zergatik aparkalekuak ezabatu? Antza denez, hirietako trafiko pisutsuena aparkatzen saiatzen dabiltzan autoek eragiten dute, eta haiek dira ere gehien kutsatzen dutenak. Plan berriarekin, ideia da jendeak kotxea periferian uztea edo zuzenean kotxerik ez erabiltzea, eta horren ordez, garraio publikoa ala bizikleta erabiltzea. Edo oinez ibiltzea, noski.

Ez da aparkalekuak kentzearen aldeko apustua egin duen hiri bakarra; Amsterdam, Lisboa, Brusela eta Oslo hirietan ere neurri berak hartu dituzte, eta oraingoz, arrakastatsuak izan dira. 

Hidalgoren plana harago doa; datozen urtetan, Parisko kale guztiek bidegorria izatea nahi du, eta kotxea zokoratzea animatzeko, 'gertutasuneko urbanismoa' bultzatuko dute, auzo guztietan beharrezko zerbitzuak zabalduz eta gertuko ekonomiaren aldeko apustua eginez. Horrekin batera, berdegune gehiago eta garraio publiko gehiago ezarriko dituzte. Ez da plan txarra, ezta?