Parasma: Lekeitioko araknidoak

Parasma: Lekeitioko araknidoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/parasma-lekeitioko-araknidoak/@@download/image/7p14-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Parasma taldearen lehen diskoa tinpanoak lehertarazteko moduko abestiez osatua dago. Nondik datozen ikusita, ez da harritzeko kontua. 

Lekeitiarrak dira eta Parasma izena dute (ba al zenekiten parasma hitzak "armiarma" esan  nahi duela lekeitioko euskaran?). Oihuka disketxearekin lehen diskoa kaleratu berri duen boskote hau Etsaiak-en inguruko amaraunean dabilen araknido taldea da. Izan ere, Parasmako "Toki" baterijole eta perkusiogilea Etsaiak-eko partaidea da, eta hori gutxi balitz, lehen lan honetako grabazioa ere Etsaiak-eko Paul baterijolearen Musikorta estudioan egin dute.  
Musika gogorra egiten du Parasmak, death-corea edo. Dena den, erritmo etnikoen aztarna interesgarria ere soma daiteke abestietan. Tokik dioskunez, "perkusioak musika bortitzago bihurtzen du, eta ez du lan handirik eskatzen: bateriaren alboan bosgarren tinbala jarri, une batez makilak alde batera utzi eta egurra ematea besterik ez". Diskorako kolaboratzaile asko izan dituzte: Pilt-eko Aitor, Etsaiak-eko Keu, Brutal Melody taldeko Aner… hortik atera kontuak, adiskideak.
Txilito idazle lekeitiarrak egindako abestietako hitzak ere arreta deitzen duten horietakoak dira. "Gure koadrilako poeta bat da", diosku Tokik, "nahiko denbora darama bere kontuak idazten, eta animatuko ote zen esan genion. Abesti batzuk nahiko poetikoak dira, eta beste batzuk errebindikatiboagoak".
Hamaika mobidatan
Gure solaskidea Parasmako eta Etsaiak-eko partaidea dugun ezkero, ezin ondorengo galdera sahiestu. Etsaiak-ekoek nondik ateratzen dute indarra hainbeste proiektuetan aritzeko? " Ezin dugu geldirik egon, egia da. Orain bakoitza bere kasa ari da. Iñigito Txapelpunk-ekin, Keu bakarkako disko instrumentalarekin,  ni orain Parasman…". Eta Etsaiak-ek kaleratu behar duen bideoaz zer? "Maiatzean izango da kalean, eta bi zati izango ditu. Lehendabizikoan, besteak beste, Mexikon egin genuen biraren irudiak aterako dira, eta bigarrenean beste hamaika kontzertu sartuko ditugu". Parasmarekin hasi eta Etsaiak-ekin bukatu dugu orrialdea. Jainkoarren, hau kakanahastea!