Paradisutik ihesi

Paradisutik ihesi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/paradisutik-ihesi/@@download/image/76p68lahaine1_1363905181.jpg
2007/07/06
erreportajea
Gontzal Agote
Paradisutik ihesi
Izenburu: La haine (1995).
Zuzendaria:Mathieu Kassovitz.
Aktoreak: Vincent Cassel, Hubert Koundé, Said Taghamaoui.

"Morroi bat etxe orratz bateko 50. pisutik erori da. Erortzen ari zen bitartean, pisu bakoitzetik pasatzen zenean, bere buruari esaten zion: 'Momentuz dena ongi doa. Momentuz dena ongi doa'. Istorioaren irakaspena honakoa da: inportanteena ez da nola erortzen ari zaren, lurrera nola ailegatuko zaren baizik".

Horixe da off-eko ahots batek pelikularen hasieran eta amaieran errepikatuko duen istoriotxoa. Eta horretan bilatu behar da La haineren mezu nagusia. Ezinbestean eztanda egin behar duen bortizkeriaren inguruko filma da, eta parabola sasipoetiko horren atzean ezkutatuta ere, bortizkeria da La haineren ardatz nagusia. Gizarteak eragindako bortizkeriak gorrotoa du ondorio.

90eko hamarkadaren erdialdea zen. 1995. urtea, zehatz-mehatz. Eta ordura arte guztiz ezezaguna zen Mathieu Kassovitz zuzendari frantziarrak hankaz gora jarri zuen Canneseko zinemaldia, Frantziako ongizate gizartearen ifrentzua gordin erakusten zuen film honekin. Baina burgesiari beti gustatu izan zaio herrikideen miserien berri izatea —artearen bitartez, jakina—, eta esker onekoak direnez, Kassovitzek zuzendari onenaren saria lortu zuen zinemaldian.

Filmak soka luzea ekarri zuen; zinematografikoki ekarpen handiegirik ez zuen egin, baina egoera sozial jakin baten isla zuzena zen eta gazte askoren ispilu bihurtu zen hainbat hilabetez. Urrunetik bazen ere, gazte askok bere burua identifikatuta ikusten zuten Parisko bazter auzo batean bizi ziren protagonistekin, haien eguneroko bizimoduarekin, norantz bideratu ez zekiten gorrotoarekin….

Jatorri ezberdinetako hiru gazte: judutarra bata, arabiarra bestea, Afrika beltzekoa azkena. Hogei urte eskas dituzte, baina ingurura begiratuta, itxaropenerako zirrikiturik ez dute ikusten; auzo txiro batean bizi dira eta egunetik egunera gizartearekiko gorrotoa elikatzen dute. Horren ihesbidea poliziaren kontrako borrokaldiak dira. Haietako batean lagun bat larri zaurituko da. Eta gorrotoa handitu egingo da. Vinz, Said eta Hubert irteerarik gabeko kale itsu batean daude harrapatuta eta filmaren moduan, gris iluna da haien etorkizuna.

Ikusi nahi ez eta ezin ulertu



2005eko urrian Frantziako hainbat hiritan protestak eta kale istiluak hasi zirenean, askok ez zekiten nola azaldu gertatzen ari zena. Urte luzez irla lasai eta baketsuetan bizi izandako herritar zintzoek ikusi nahi ez zuten errealitate batekin topo egin zuten tupustean.

Paris ekialdean hasi zen matxinada, Clichy-Sous-Bois auzune txiroan poliziak bi gazte hil ondoren. Berehala, Nicolas Sarkozy Barne ministroak protestan ari zirenak “zaborra” zirela esan zuen. Horren aurrean, protestaldia gogortu eta beste hiri askotara zabaldu zen.

Protestetan zenbat auto erre zituztela nabarmendu zuten hedabideek. Hala ere, poliziaren jokabidearen berri ematea ahaztu zitzaien askotan. Areago, eztanda haren atzean zegoen egoerak ez zuen apenas inoren arreta bereganatu.

Urte eta erdi joan da gertaera haietatik, eta orduko Barne ministroa Frantziako presidentea da gaur egun. Clichy-Sous-Bois eta gisako auzunetan egoera ez da aldatu; gorrotoa haziz doa bertako biztanleen artean.

Gorrotoak baditu milaka aurpegi



Zinemagintzak hainbat alditan islatu nahi izan du gazteriaren eta gizartearen arteko harreman korapilatsua. Film askok zabaldutako mezua eta gazteez eskainitako irudia eztabaidagarriak dira, baina hona hemen, gazteen gorrotoaren beste hamar adierazle.

Los olvidados (Luis Buñuel, 1950).Mexikon filmatu zuen Buñuelek Jaiboren eta bere lagunen bizimodu latza. Neoerrealismotik hurbil, bertako gazteen erretratu lazgarria da, eta espainiarraren maisulanetako bat

Rebel without a cause (Nicholas Ray, 1955).Hiru film egin zituen James Deanek, baina bakar bat aski izan zuen gazte errebeldearen rola hilobira eramateko. Rayren film honetan, familiarekiko harremana da gatazka iturri nagusia.

The wild angels (Roger Corman, 1966)Motozaleen ibilbidea faxismoaren mugaraino segituz, gorrotoan eta indarkerian oinarritutako istorio hau filmatu zuen Cormanek.

A clockwork orange (Stanley Kubrick, 1971)Ez da Kubricken lanik onena, baina eragin handia izan zuen. Gazte berezi batzuen jokabide gupidagabea, Beethovenen musikaz lagunduta.

The warriors (Walter Hill, 1979)Gazteak gazteen kontra; horixe da banden arteko borroken muina. Eta borrokaldi horien artean, hau da inoiz filmatutako onena.

The outsiders (Francis Ford Coppola, 1983)Gazte gatazkatsuen inguruan bi film egin zituen Coppolak urte berean. Honakoa Rumble fish baino kaskarragoa da, baina aktore belaunaldi bati bultzada handia eman zion.

Boyz N the Hood (John Singleton, 1991)Spike Leez aparte, Singleton ere saiatu da gazteria beltzaren egoera islatzen. Lehen ekarpena izan zen Boyz N the Hood; orain arte berak egindako interesgarriena.

Trainspotting (Danny Boyle, 1996)Gorrotoa eta bazterketa, menpekotasun bihurtuak. Eskoziako drogazale talde baten gorabeherak jaso zituen Boylek, arrakasta handiz.

Cidade de Deus (Fernando Meirelles, 2002)Paris eta Rio ez daude horren urrun; ez, behintzat, auzo txiroei erreparatzen badiegu. Arazo zaharren gaineko begirada berritzailea.

Elephant (Gus van Sant, 2003)Mende berriko jarrera indibidualistaren adibide gordina eman zigun Van Santek, Cannesen garaile izandako lan honen bitartez.