Pantaila txikian: ‘The Underground Railroad’
Aske izan nahi dut, ez ausart

Telesail bat amaitu ostean, bertako irudi, hitz, isilune zein soinuek hitzik gabe uzten nautenean, eta barrenak zeharo nahasiak, zeinen zaila den sentsazioen zurrunbilo hori orrialde hauen bidez helaraztea. Hori da ‘The Underground Railroad’ telesail gordinarekin gertatu zaidana. Zur eta lur utzi nau, emozionalki nokeatuta.
FITXA TEKNIKOA:
Zuzendaria: Barry Jenkins
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
Generoa: Drama
Iraupena: 10 atal
Non ikusi? Amazonen
- Zeri buruzkoa da?
Moonlight filmarengatik Oscar saria irabazi zuen Barry Jenkins-ek zuzendu duen telesail ikaragarria. Colson Whitehead-en izen bereko liburuaren egokitzapena (Pulitzer saria 2017an), XIX. mendearen lehen erdian esklabo beltzei Iparraldeko estatuetara, Kanadara eta beste eskualde batzuetara ihes egiten laguntzen zien sare klandestino baten inguruko kontakizun gordina da. Kasu honetan Cora da protagonista, Georgiako plantazio bateko esklaboa, sare klandestino hori erabiliz ihesean doan neska gaztea.
- Zergatik ikusi?
Patxadaz ikusteko telesaila delako, ez atalak bata bestearen jarraian irenstekoa, eta hori noizean behin eskertzen dudan zerbait da. Telesail errealista bezain gordin baten aurrean zaude. Bisualki izugarria eta erabaki narratibo oso arriskutsuak zein ausartak dituena, non irudimenak hartzen duen ia aginte osoa. Irudimen horri lotua, bertute nabarmenetako bat telesailaren faktura tekniko izugarria da. Barry Jenkins-ek telesail gutxitan ikusitako birtuosismo-ariketa bikaina egitea lortu du. Hasteko, argazkiak kalitate benetan piktorikoa du, ia hipnotizatzailea, planoen konposizioak muturreraino aztertuak daudela nabari da, eta kamera, leuntasun eta trebetasun ikaragarriz mugitzen da uneoro. Mare of Easttown eta It’s a Sin-ekin batera, 2021eko telesailik onenetarikoa zalantza izpirik gabe.
- Ezinbestekoak:
• 12 Years a Slave (2013, Steve McQueen).
• Django Unchained (2012, Quentin Tarantino).
• Moonlight (2016, Barry Jenkins).