"Pantaila Globala" ikusgai Donostiako San Telmo Museoan

"Pantaila Globala" ikusgai Donostiako San Telmo Museoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantaila-globala-ikusgai-donostiako-san-telmo-museoan/@@download/image/201272899pantaila_globala_kartela.jpg
2012/12/13
berria
"Pantaila Globala" ikusgai Donostiako San Telmo Museoan
Ekainaren 30ean zabaldu zuten, eta irailaren amaiera bitarte izango da bertan. Giles Lipovesky eta Jean Serroy idazleek idatzitako izen bereko obran oinarritutako erakusketa da, egun gure inguruan ditugun milaka pantailek duten botereaz ohartarazten gaituena. Bartzelonako Centre de Cutura Contemporaniarekin batera ekoitzi du Donostiako San Telmo Museoak.

XX. mendean, zinemako pantailatik abiatuta, telebistara, ordenagailura, Internetera, mugikor modernoetara, bideojokoetara eta bestelako tresnetara egin dugu salto. Dena dago pantailaz josia; sakelekoak, erraldoiak, ertainak, denetarikoak.

150 metro luzeko pantailaren aurrean, bisitariak bidaiari ekingo dio. Pantaila erraldoiaren baitan, baina, pantaila txikiagoak aurki daitezke, eta horietako bakoitzean eremu ezberdinei erreferentzia egiten dieten irudiak proiektatzen dira etengabe: gertakari historikoak, ekitaldi politikoak, kirola, publizitatea, gehiegikeriak, zaintza kamaren bidez ikusitako irudiak, pantaila bidezko jokoetako irudiak…

Horiek dira, hain zuzen, proiektua abiarazi duen Pantaila Globala lanetik ateratako alderdiak. Baina erakusketak badu beste kontraeremu bat; alegia, izen bereko plataforma birtualetik, erabiltzaileek beren bideoak bidali dituzte, eta horiek gainerako irudiekin txertatu dira.

2011ko urrian zabaldu zuten kontraeremua elikatzeko aukera, eta datorren irailaren 5a bitarte izango da zabalik. Gainera, Donostian aurkeztutako bideoen artean lehiaketa bat jarri dute abian, eta sari potoloak banatuko dituzte bideo onenen artean.

Erakusketa asteartetik igandera izango da ikusgai, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera orokorra 5 eurokoa da, baina 18 urtez azpikoek doan sartu ahal izango dute, eta ikasleek ere murrizketak izango dituzte.

Pantaila Globala Donostian


Kontraeremua osatzeko, edonork bere bideoa bidali dezake Pantaila Globalaren plataformara

Epea: 2012ko irailaren 5a

Bideoaren iraupena: 2 minutu gehienez

Gaia: Pantailek gaur egungo munduan duten ahalemana

Sariak: Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako sarrerak lortu ahal izango dituzte:
  • Sariak 10 tiketeko bonu bat
  • Beste zazpi sari Kursaal Auditorioan sail ofizialeko film bat ikusteko.

Erakusketa birtuala


CCCBek (Centre de Cultura Contemporania de Barcelona) erakusketaren bertsio birtuala sortu du proiektu osoa garatzen duen plataforman. Ez da erakusketa fisikoaren transposizioa; horren ordez, ikus-entzunezko ekosistema mutante bat islatu nahi du, alegia, sakonean eraldatzen den paisaia mediatiko bat, zinema eta telebista nagusi ez dituen lurralde berri bat osatuz.