Pantaila gardendun segapotoa

Sony Ericsson Xperia Pureness delakoa da merkaturatutako lehengo pantaila gardendun sakeleko telefonoa. Eta zertarako? Bada, pantailan bertan ageri denaz gain, atzealdean dagoena ere ikusi ahal izateko. Alegia, kaletik itsu-itsu sms bat idazten doanak jada ez du lurreko txikle likatsu bat edo zakur-kaka higuingarria zapaltzeko arriskurik. 320 x 240 pixeleko erresoluzioa du, MP3 musika irakurgailua, 88MBeko barne-memoria eta 510 minutuz hizketan aritzeko adinako bateria, besteak beste. Ganorazko segapotoa, alegia. Interesa duenak presta dezala diru-zorroa, azaro amaieraz geroztik dendetan salgai baitago 600 eurotan. Hau txantxa!