OXIGENOA EUSKARARI SEI MILA METRORA

OXIGENOA EUSKARARI SEI MILA METRORA Urrian Himalaiako tontorrak konkistatuko ditu euskarak; ezagutu proiektua! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oxigenoa-euskarari-sei-mila-metrora/@@download/image/LOGOA Oxigenoa Euskarari Mendiak copia.jpg
2018/05/21
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea

Urrian Himalaiako tontorrak konkistatuko ditu euskarak; ezagutu proiektua!
OXIGENOA EUSKARARI SEI MILA METRORA

Euskara eta mendizaletasuna betidanik joan dira eskutik helduta, eta harreman berezi hori aprobetxatuz, sekulako abentura antolatuko dute aurtengo udazkenean; urriaren 11etik azaroaren 9ra bitarte, Oxigenoa euskarari sei mila metroan ere egitasmoak mendizale gazte euskaldunak bidaliko ditu Himalaiara, elkartasuna, autokudeaketa eta noski, euskara munduko sabaian ere aldarrikatzeko.

 

Khumbu eskualdean bilduko dira, Everest, Lhotse, Makalu eta Cho Oyu tontorrek inguratuta. Baina abentura ez da bertan hasiko; aurretik, Euskal Herri osoko mendigoizale gazteak saretzeko helburua dute antolatzaileek, eta probintzia guztietako ordezkariak bilatuko dituzte. Antolatzaileetako bat da Felipe Uriarte mendizalea, eta berak eman dizkigu espedizio harrigarri honen inguruko xehetasunak:

 

Espedizioan 15 lagunek parte hartuko duzue. Zeintzuk?

Hamabost gara oraingoz, baina 17-18 lagun izateko asmoa dugu; Euskal Herri osoko gazteak bildu ditugu, baina Iparraldeko pare bat gazte sartzeko itxaropena dugu. Mendigoizale gazteak izango dira espediziokideak, baina saretze lanaren bitartez asko eta asko
bidaiatuko dugu beraiekin; hain zuzen, espedizioaren helburua gailurra den arren, arrakastaren gakoa bidea egitean datza. Bestetik, xerpa gazteen taldea ere osatu dugu; 10 izango dira, Khumbu eskualdekoak: Portse, Khumjung, Thame, Thamo herrixkakoak. 15 urtetik 18 urte bitarteko neska-mutilak dira.

Nola aukeratu dituzue espediziorako mendizaleak?
Espedizio hau sortzeko ideia 2016ko azaroan sortu genuen Himalaian, xerpen lurraldea den Khumjung herrian, 3760 metrora. Ondoren, ikastetxeetan zabaldu genuen proposamena, eta izena emateko epe bat jarri genuen; gazte asko aurkeztu ziren, eta 2017an Sonam Tashirekin aritu ginen treking egiten, herriz herri hainbat etxe bisitatuz eta familiekin hitz eginez. Hala joan ginen zehazten espediziora etorri zitekeen gazte taldea.

 



Zer da 6000 metrora iristean egingo duzuena?
Gailurrak garrantzia baldin badu gailurreraino eramango gaituen bidea eta bidean gertatuko denak horiexek dira garrantzitsuenak. Mendizaletasunean horrela da. Oraingo honetan mendizaletasuna eta euskara uztartzen dugun ekimen honetan ere bideak hartzen du garrantzia. Hau da ekimena finean euskararen inguruko saretze lana egingo dugu. Euskal mendigoizale gazteak Himalaiara joateko aurrekontua 6.000 eurokoa da. Diru hori lortzeko, guztira 90.000 euro bildu behar ditugu, eta horretarako oso garrantzitsua da saretze lana.

Lehen aldia da halako abentura bat abiatzen duzuela?
Bai, hau lehenengo aldia da horrelakoa antolatzen duguna. Egia esan MENDIAK ETA HERRIAK Mendigidari Elkartea duela 7 urte Arabako hainbat udaletxeekin lanean gaudela eta OXIGENOA EUSKARARI proiektua eramaten dugu aurrera. Laudio-Amurrio, Barrundia, Lautada eta Okondo dira udalerriak. Bizkaiko Orozko herriarekin ere urtero zerbait egiten dugu. Egitarau hori Ikasturtean zehar gauzatzen dugu eta 10 bat mendi jarduerak burutzen dugu, non euskara eta mendizaletasuna uztartzen ditugun. Eta oraingo honetan eta idei horretatik abiaturik urrunago goaz!

 

Zer behar du proiektuak aurrera egiteko?
Enpresetara eta erakundeetara hurbiltzen ari gara;  ez dugu diru laguntzarik eskatzen, baizik eta elkarlana. Hori da azken finean espedizioko helburu nagusia; abentura bizitzeaz gain, esperientzia zabaltzeko bideoak eta argazki erreportajeak egin nahi ditugu, eta horrekin telesail bat egin, zortzi atalekoa. Truke bat izango da beraz.  Bestetik hainbat jarduerak eta ekintzak antolatzen ari gara. Eta badugu saltzekoa ere: 10.000 kamiseta saltzen baditugu, aurrekontuaren heren bat pilatuko genuke. 15  eurotan saltzen ditugu nagusientzat eta 12 eurotan umeentzat. Animatzen bazarete, idatzi info@mendiaketaherriak.eus helbidera!