Ostiraletik astelehenera, Santakrutzak Lezon

Ostiraletik astelehenera, Santakrutzak Lezon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostiraletik-astelehenera-santakrutzak-lezon/@@download/image/santakrutzak_eg_1378804297.jpg
2013/09/10
berria
Egoera ekonomiko zailaren ondorioz aurrekontuak estutu behar izan dituzten arren, Lezoko Santakrutzetan ekitaldi indartsuenak mantentzea lortu dute beste urte batez, eta irailaren 13tik 16ra, ostiraletik astelehenera, jai giroa nagusituko da herrian.


Herriko elkarte eta jatetxeen laguntzaz aurtengo Santakrutzak mantentzea lortu du Lezoko Udalak. Jaiak ostiralean hasiko dira, irailak 13, arratsaldeko 19:00etako alkate txikien pregoi eta txupinazoarekin, eta lau egunez musika, kirola, gastronomia eta desfileak nagusituko dira Gipuzkoako kostaldeko herrian.

Besteak beste, helduen danborrada, IV. Musiko Eguna, marmitako jana eta arrantzale bazkaria, rock emanaldiak eta Inude eta Artzainen desfileak barneratuko ditu egitarauak, eta asteleheneko Baserritar Egunak amaiera borobila emango die asteburu osoko jaiei.

Berrikuntzak
Aurten lehen aldiz, pilotari profesionalek hartuko dute parte Aspe enpresaren laguntzaz antolatutako Pilota Jaialdian. Igandean izango da, eta Titin III-Zubieta eta Jaunarena Merino II bikoteak ariko dira nor baino nor txapela eskuratu nahian. Halaber, festen egitaraua QR bidez deskargatzeko aukera izango dute aurten herritar nahiz festara hurbilduko diren bisitariek mugikorreko aplikazio berriari esker.

Honenbestez, ingurumena eta kultura zaintzeko, eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko deia egin du Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, eta bereziki, festez gozatzeko gonbitea luzatu die herritarrei.