Ostiralean abiatuko da gazteentzako Bziber lehiaketaren bosgarren edizioa

Ostiralean abiatuko da gazteentzako Bziber lehiaketaren bosgarren edizioa 13 eta 16 urte artekoei zuzendutako lau erronka izango dira ekainaren 9ra bitarte. Berrikuntza modura, modu pribatuan bidali ahalko dira erronkak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostiralean-abiatuko-da-gazteentzako-bziber-lehiaketaren-bosgarren-edizioa/@@download/image/BIZI.BZIBER.jpg
2022/05/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

13 eta 16 urte artekoei zuzendutako lau erronka izango dira ekainaren 9ra bitarte. Berrikuntza modura, modu pribatuan bidali ahalko dira erronkak.
Ostiralean abiatuko da gazteentzako Bziber lehiaketaren bosgarren edizioa

Azkue Fundazioak sustatua, TikTok sarean oinarritutako euskarazko lehiaketa da Bziber. Lehiaketaren helburua, erronken bitartez, TikTok sarean euskarazko edukiak sortzea da, eta baita erreferente euskaldunak indartzea ere.

Edizio hau maiatzaren 13tik ekainaren 9ra bitartean izango da martxan eta gazteek lau erronka ezberdin egin beharko dituzte. Aurten, gainera, gazteek modu pribatuan bidal ditzakete erronkak. 

13 urtetik 16 urte bitarteko edozein gaztek har dezake parte lehiaketan. Horretarako, Bziber lehiaketa jarraitu behar da sare sozialetan  (@bziber_lehiaketa perfila TikTok eta Instagramen) eta erronkak norbere kontura igo behar dira Bziber etiketatuz edota bideoa mezu pribatu baten bitartez bidalita lehiaketaren profilera. 

Parte hartzaileek ez dituzte proba guztiak egin behar saria eskuratzeko; izan ere, guztira zortzi sari egongo dira, proba bakoitzeko bi irabazle, eta zozketa bidez aukeratuko dira. Mugikorra kargatzeko aukera ematen duen motxila bat eta edozein lekutan mugikorra kargatzeko bateria eramangarria izango dira sariak. Zozketa guztiak lehiaketaren amaieran egingo dira, eta azken egunean, ekainaren 10ean, iragarriko dira irabazleak. 

Asier Burguete, Go!azen telesailaren protagonistetako bat, izango da lehiaketaren aurkezlea eta erronken sortzailea. Berarekin batera beste sei euskal tiktoker egongo dira erronkak egiten: @Kai_Nakai, @lorea_intxasuti, @libbetxxu, @elemelonsv, @anepe.acedo eta @julenportillo.