Ostiralean abiatuko da EH Sona! Jaialdia

Ostiralean abiatuko da EH Sona! Jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostiralean-abiatuko-da-eh-sona-jaialdia/@@download/image/ehsona_2013_1382346763.jpg
2013/10/21
berria
Euskal musikaren estilo guztiak entzungai izango dira aurten, Bartzelonako Euskal Etxeak hamaseigarrenez antolatzen duen musika jaialdian. Guztira, 16 kontzertu izango dira urriaren 25tik abenduaren 5era bitarte Kataluniako hiriburuan.


Pasa den ostegunean –urriak 17– aurkeztu zuten Bartzelonako Orio Born jatetxean datorren ostiralean abiatuko den EH Sona! jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Guztira 16 kontzertu antolatu dituzte Kataluniako hiriburuko agertokietan.

Estilo aniztasunak ezaugarritzen du, ziurrenik, aurtengo edizioa. Izan ere, Aitor Arruti Euskal Etxeko koordinatzaileak prentsaurrekoan argi utzi zuen bezala, Euskal Herriko musika trikitixa eta rock erradikalaz haratago doala erakutsiko du aurtengo edizioak.

Euskal Herritik kanpoko euskal musika jaialdirik garrantzitsuenak, beste behin gainera, musika estilo aniztasunaren aldeko apostutik haratago, talde txikien oihartzuna izateko erronka ere hartu du. Berri Txarrak, Gatibu, Kepa Junkera eta Su Ta Gar talde ezagunek kartelaren toki inportantea hartuko badute ere, Euskal Herrian ezagunak diren baina hemendik kanpo gutxiago iristen diren taldeak ere ariko dira Bartzleonan.

Berrikuntza gisa, azkenik, era guztietako deskontuak martxan jarri ditu Euskal Etxeak –webgunean ikusgai–. Jaialdira joango den guztiak, horrela, kontzertuko sarrera erakutsita pintxo eta edari bat eskuratu ahal izango du debalde Bartzelonako Sagardi Tabernaren jatetxe guztietan.