Ostegunean hasiko da 22.Korrika Amurriotik

22. Korrika ostegunean, hilak 31, irtengo da Amurriotik, eta Euskal Herria zeharkatu ondoren, apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara. Osasun egoerak euskararen aldeko lasterketa erraldoia urtebetete atzeratzea eragin bazuen ere, azkenik hogeita bigarren edizioa gauzatzeko moduan izango da AEK eta berau antolatzen aritu diren gainerako herritarrak. Lekukoa eskuz esku ibiliko da hamaika egunez, eta milaka herritarrek euskararen aldeko aldarrikapena egingo dute.
Amurrioko plazan izango da hasiera ekitaldia. 16:00etik aurrera, Kaitin Allendek gidatuta eta Neomak taldearen parte-hartzearekin. Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dute. Hala azaldu du AEK-k lehen lekuko eramaleen aukeraketa: "Korrika ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, Korrikaren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien, eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta sei lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Amurrion euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela". Amurriotik Bizkaiarako bidea hartuko du Korrikak.
Egitarau betea
Amurrioko eta Aiaraldeko herritarrek hainbat ekintza prestatu dituzte hasiera egunerako. Hasteko, goizeko hamarretan, txupinazoa egingo dute euskaltegitik, eta kale animazioarekin girotuko dute herria, bertako txistuzale eta trikitilarien eskutik. Goizean zehar, Aiaraldea Gaur-ek zuzeneko emanaldia egingo du, azoka izango da parkean ekoizle eta sortzaileekin, Korrika Txikia ikastetxeetan (Amaurre, Aresketa, Mendiko eta Zabaleko), eta Korrika arropa eta materiala salduko dute plazan.
Eguerdiko ordu bata aldera, parrillada izango da parkean eta arratsaldeko hiruretan, berriz, Aldats elektrotxarangak alaituko ditu bazterrak. Aipatu bezala, Korrikaren hasiera ekitaldia lauretan izango da eta ordu erdi geroago abiatuko da. Arratsaldeko bostak aldera elektrotxaranga arituko da berriz eta eta ordu erdira, Iratxoen kantu sekretuak. Korrika ikuskizuna izango da, antzokian.
Iluntze aldean, 19:00etatik 20:00etara, Karrakan, Ugarte Otxotea, eta Batukada Battuere arituko dira bazterrak musikaz eta kantuz jantziz. Musika gehiago ere izango da, hiru kontzertu prestatu baitituzte parkean: 18:00etan, Gozategi bere 30. urteurrenean; 20:30ean, Izate Faltsua; eta 22:00etan, Dupla.
Jarraipena zuzenean
AEK-k jakinarazi duenez, Korrikaren hasiera telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango da zuzenean. Ohiko moduan, Korrikaren webgunean eta sare sozialetan ere izango da informazioa.