Ost, inorena ez den lurrean

Ost, inorena ez den lurrean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ost-inorena-ez-den-lurrean/@@download/image/92p56ost_1363207192.jpg
2008/11/07
elkarrizketa
Ost, inorena ez den lurrean
Bermeotarrek inorena ez den lurrean erditu dute lan berria, erabilerarik ezak iparrorratza herdoildu zuen eremu idorrean. Eta hala ere, jainko guztiak beren esanetara makurrarazteko moduko diskoa dakarkigute. Ezerezetik, inorena ez den lurretik. Taldearekin solasean aritu gara.

Inorena ez den lurrean jarri diozue izenburua disko berriari. Zerbait
berezia adierazi nahi izan duzue?
Bai, musikalki horrela ikusten dugula gure burua, inorena ez den lurrean. Horrek zer nahi duen? Bada, ikusten dugula batzuentzako gogorregiak garela eta, beste batzuentzako, berriz, bigunegiak. Eta hor erdian gaude, inorena ez den lurrean. Sentimendu hau beste arlo batzuetan ere bizi digu, hala nola, politika kontuetan, giza-harremanetan…

Estudioko laugarren lana duzue hau. Gustura emaitzarekin?
Oso, oso gustura. Topikoa da hori esatea, baina gure lanik onena da, duda barik.  Heldutasuna igarri egiten da, eta orain arte heldu zaigun kritika guztiak oso onak izan dira.

Luxuzko kolaboratzaileak izan dituzue aldamenean (Rafa Rueda, Aiora
"Zea Mays"…). Nolakoa izan da elkarlana?
Zoragarria.  Gure asmoa azaldu bezain pronto, elkar ulertu genuen. Lehen froga bat egin eta di-da grabatu zuten. Hori maisutasuna!

Zer aurkituko du entzuleak lan berri honetan?
Kalitatezko euskal metal/rock-a: gogorra, pisutsua, sendoa batzutan, melodikoa eta sentibera besteetan… Daukagun onena eman dugu. Eta, baita, Euskal Herrian inoiz egin diren punteo hoberenetako batzuk ere… kar, kar.

Duela 13 urte osatu zenuten taldea. Zenbat aldatu da Ost denbora
horretan, zein bilakaera zan duzue?
Aldaketa batzuk izan dira, bai. Jon Renteria gitarra jotzaileak taldea utzi eta Iker Bengoetxea sartu zen bere ordez. Estiloari dagokionean, berriz, nolabaiteko bilakaera izan dugu. Amerikar kutsuko metala edo thrasha egiten genuen hasieran, bigarren diskoa esperimentalagoa izan zen, hirugarrenean nu-metalaren eragina nabari da eta, laugarren honetan, rock-metal unibertsalago batera egin dugu jauzi.

Aurkezpen kontzertu asko dituzue lotuta?
Asko ez, baina batzuk bai. Lehen kontzertua Irungo Tunk aretoan eskaini genuen, azaroaren 21ean, Cryogen kataluniarrekin. Abenduaren 5ean Santurtziko Xtrem aretoan izango gara Madrilgo Tinnitia eta Jardin de la Croix taldeekin.  Horren ondotik etxean izango gara, Bermeon, abenduaren 20an, Gabona Rock jaialdian. Datorren urte hasierarako, berriz, data batzuk hitzartuta ditugu Une taldearekin.

Zerbait gehiago gaineratu nahi duzue?
Josu Torrealdai diseinatzailearen lana azpimarratu nahiko genuke. Gure ustean, sekulakoak dira azala eta barruko diseinua. Jagoba Zenon lagunak zuzenekoetan egin zizkigun argazkiak ere oso onak dira. Biek egindako lanarekin pozik gaude. Bukatzeko, diskoa entzun eta gure musikaz gozatzeko gonbitea egin nahi genioke jendeari. Eta, bide batez, sarean bisitatu gaitzaketela gogoratu nahi diegu GAZTEZULOren irakurleei, www.ost-taldea.eu  eta www.myspace.com/osttaldea helbideetan. Durangoko azokan ikusiko gara!