Ortophonk: hezurdura olioztatzeko

Ortophonk: hezurdura olioztatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ortophonk-hezurdura-olioztatzeko/@@download/image/82p61orto.jpg
2008/02/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Ortophonk taldeak Massala Films (FAM) izeneko diskoa argitaratu berri du. Gasteiztarrek osagai beltz ugari gehitzen diote haien musikari: soula, funka, acid jazza, latina, housea... Klubetako zoruak zartatzeko moduko doinuak, hezurdurak hausteko erritmoak. 'Supergroovejazzfunklatinsoulhiphopbreaks' esaten diote euren estiloari. 

Bollywoodeko filmetako estetika exotikoaz jantzita datorren disko berriak 11 kanta ditu, eta berritasun handiena Virginia de la Casaren ahotsa da. Izan ere, aurreko bi diskoak instrumentalak ziren. "Oso pozik gaude disko berriarekin. Ahalegin handia egin dugu lan hau argitaratzeko, eta bai, aldaketa nabarmenena Virginiaren ahotsa da. Laguntzaile asko izan ditugu (Fernando Saunders eta Joseba Tapia, besteak bete). Horrez gain, Massala Films lan helduagoa da, landuagoa, eta seguru aski, ez da lehen diskoa bezain frenetikoa", diosku Dani Foronda Danilo baxu jotzaileak.

Virginiarena ez da taldeak izandako kide aldaketa bakarra. Izan ere, gaur egun, Jimmy Bidaurretak astintzen du teklakua Ortophonken. "Aldaketek beti eragiten dute, nola edo hala, taldearen soinuan. Musikari bakoitzak bere arima dauka, eta jotzerakoan nabaritu egin behar da. Hori gertatzen ari zaigu: Jimmyk latindar eragin ikaragarria dauka, eta Virginiak nahi duena abestu dezake: soula, funka, rocka...", azaldu digu Danilok.

Diskoaren diseinuak erakusten duen Bollywood estetikaz galdetu diogu baxu jotzaileari, eta hona hemen emandako erantzun bizia: "Tira, Ortophonken film berria da... Kantak oso minak dira". Entzuleak musika beltren osagai guztiekin eginiko hainbat saltsa dastatu ahal izango ditu. Herbie Hanckok, James Brown, Bad Company, Mandril, Funkadelic, Eumir Deodato, Stevie Wonder eta Jobim aipatu ditu Danilok bandaren kuttunen artean.

Gaur egun, Euskal Herrian, gero eta koadrila gehiagok jotzen dituzte saltsa beltz dantzagarriak: Mamba Beat, Makala, Javi Pez, THC, Acido C, Camping Gazz... "Hemen kalitate handia dagoela esango nuke; rock, ska edo pop estiloetatik hasiz eta funk edo musika beltza jotzen duten taldeetara heldu arte", dio Danilok. Hezurdura ondo olioztatzeko: Ortophonk.