Oreretako Zine Txiroa zikloak agur esango du sei urteren ostean

Oreretako Zine Txiroa zikloak agur esango du sei urteren ostean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oreretako-zine-txiroa-zikloak-agur-esango-du-sei-urteren-ostean/@@download/image/2012612098Zine_Txiroa_Ziztadak.jpg
2012/12/13
berria
Azken saioa berezia izan dadin nahi dute Mikelazulo Kultur Elkartekoek: ekainaren 6an 'Ziztadak' filma proiektatuko dute eta ondoren solasaldia izango da Bidea Helburu taldeko Sabino Ormazabalekin. Aurrerantzean lekukoa Oreretako Gaztetxeak hartuko duela ere iragarri dute.

Duela sei urte abiatu zuen Mikelazuko Kultur Elkarteak Zine Txiroa ekimena, ikus-entzunezkoen alorreko produkzio alternatibo eta kritikoari tartea egiteko asmoz. Ordutik, 50 film eta dokumental baino gehiago proiektatu dituzte elkarteak Oreretan duen lokalean, bakoitza zegokion solasaldiarekin.

Orain, ordea, amaitutzat eman dute zikloa, nahiz eta iragarri duten ez dela hilko, modu batean edo bestean herriko Gaztetxeak hartuko baitu bide beretik segitzeko lekukoa.

Azken saioa berezia eta jendetsua izan dadin nahi dute eta, horregatik, urte hauetan guztietan Zine Txiroa sustengatu duten lagun guztiak deitu dituzte, baina baita proiektua oraindik ezagutzen ez dutenak ere, etorkizunean bidelagun izango direlakoan.

Ekainaren 6an (asteazkena) izango da, 19:30ean Mikelazulo Kultur Elkartean, ohi bezala. Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma Garciaren Ziztadak (2012) filma dokumentala emango dute eta, ondoren, Bidea Helburu taldeko Sabino Ormazabalekin solasteko aukera izango dute hurbiltzen direnek. Amaitzeko, afari-merienda bat ere prestatuko dute.


'Ziztadak' (Oriol Andres, Carlos Castro, Gemma Garcia / 2012)


Indarkeriak politikaren arloan eragindako zaratak albo batera utzi du maiz Euskal Herrian indarkeria ezak izan duen garrantzia. Horrexegatik, dokumental honek argitara ekarri nahi ditu neurri batean isilpean egon diren hainbat eta hainbat ekintza. Euskal Herrikoak, jakina, baina baita nazioarteko erreferentzia batzuk ere, gogoeta eragiteko eta emozioak sortzeko, kontzientziak astintzeko, jarrerak aldatzeko.
Hainbat borrokaren testigantza zuzenak jasotzen ditu: ikastola klandestinoetako andereñoak eta Kukutza bultzatu zutenak, Lemoizko zentral nuklearrari modu baketsuan aurre egin ziotenak eta Demoak, Ipar Euskal Herrian Laborantza Ganbera sustatu zutenak....
Bestetik, dokumentu honek indarkeriarik gabeko aktibismoaren sorrerara garamatza: Martin Luther King, Mahatma Gandhi, Rosa Parks eta Henry David Thoreauren bidez.
Film honek ekintzak eta gogoetak biltzen ditu, geure herriaren orainean eta etorkizunean hainbat borrokatan ekarpen bat egin nahian: bizitza, bakea eta indarkeria eza babesteko borrokan, herritarren partaidetzan, giza eskubideen babesean, askatasun eta gizarte justiziaz egin beharreko eraldaketan eta abar.