Orduak igarotzen dituzu telesail bat aukeratzen? FOBO izan dezakezu

Orduak igarotzen dituzu telesail bat aukeratzen? FOBO izan dezakezu Erabakiak hartzeko zailtasunak badituzu, adi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/orduak-igarotzen-dituzu-telesail-bat-aukeratzen-fobo-izan-dezakezu/@@download/image/2013_09_08_0452_1378673540_original.jpg
2019/12/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Erabakiak hartzeko zailtasunak badituzu, adi!
Orduak igarotzen dituzu telesail bat aukeratzen? FOBO izan dezakezu

The Good Place telesaila ikusten duzuenontzat, Chidi pertsonaiari gertatzen zaiona litzateke FOBO; erabaki txikienarekin ere, etengabe zalantzan ibiltzea. Patrick McGinnis ekonomista estatubatuarrak asmatu du terminoa (Fear of better optionseta aukeraketa baten aurrean, aukera hobeago bat egon daitekeen etengabeko beldurra deskribatzeko balio du.

Fenomeno hau nabarmen biderktu da Netflix, Amazon, HBO eta antzeko telesail eta film plataformen garaian. Zenbat aldiz ibili zara ordubetez carrouselari atzera eta aurrera eragiten, zer aukeratu erabaki ezinik? Hainbeste aukera muturren aurrean jartzen dizkigutenean, aukera bakarra egiteko beldurra sartzen zaigu. Eta ondoko telesaila edo filma hobea bada?

Aukera hoberena hautatzeko nahi horri beste beldur bat gehitzen zaio; zerbait galtzen ari garenaren beldurra. Fenomeno hau ere biziki lotuta dago telesailen sukarraldiarekin; badirudi kaleratu eta segituan kontsumitu behar ditugula kapitulu berriak, atzean ez gelditzeko. Eta zer esanik ez gustatu ez arren ikusten ditugun telesail edota filmekin; kosta egiten zaigu gainontzekoek laudatutako hori kritikatzea.

Baina fenomeno hau ez da soilik telesail eta filmekin gertatzen; esan daiteke gure belaunaldiko amesgaizto handietakoa dela. Hain zuzen, edozein produktu erosterako orduan, ehunka eta ehunka aukerarekin egingo dugu topo, dela mugikor berri bat, telebista bat, arropa, janaria... den-denerako, asimilatu ditzakegunak baino aukera gehiago ditugu, eta noski, horrek sekulako antsietatea eragin dezake, aukera amaigabeen artean onena zein den erabakitzea ezinezkoa suertatzen delako. 

Konponbidea? Aukerekin ez tematzea eta gure senari kasu gehiago egitea. Gure gustuak ezagutu eta nahi dugunari kasu egitea, esaten digutenari itsu-itsuan jarraitu gabe; eta zalantzak bertan jarraitzen badute, lagun ala adituren bati laguntza eskatzea. Zein izango da zuen aukera?