Oraingoz, magia

Oraingoz, magia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2005/02/04
erreportajea
Amagoia Iban


Harry Potter ez da magoa. Aurreko batean idatzi zuen Patxi Gaztelumendik, Euskal Telebistak "Harry Potter eta sorgin harria" pelikula eman ostean. Urteberri gauean, egun eta ordu berean, euskaraz eta erdaraz eman zuten film arrakastatsu hori. Emaitza negargarria izan zen euskarazko katearentzako: ETB1en 15.000 lagunek ikusi genuen, eta ETB2n 302.000 tele-ikuslek.

Eta errepasoa egiten hasten zara. Gazteei begira egindako pelikula arrakastatsu bat. Film hori gustura ikusiko luketen gazte asko eta asko, euskaldunak. Eta gaztelaniazko kateak hautsi zuen urteko marka: tele-ikusleen %37. Euskarazkoak, aldiz, %1,8 baino ez, bere batez bestekotik oso urrun. Euskararen normalizazioa ez dago jende askok uste bezain sasoiko, argi geratu da.

Filmaren bikoizketa txarra izan ote zen. Aktoreen ahotsak ere ez ote ziren sinesgarriak. Norbaitek esan zuen ez zela ondo entenditzen. Ez zela ona. Euskarazko egunkari nazional bakarrean irakurri nuen lehenik. Eta handik zenbait egunetara entzun nuen, Euskal Telebistaren uhinetako senide euskaldunean bertan, Euskadi Irratian. Magia kontua izan behar zuen. Ezin zuen bestela. Ez ziren ari nik ikusi nuen pelikulaz, ziur, gogoan neukan bikoizketa hura ez baitzen ETB1en eman ohi diren beste filmeena baino okerragoa. Itzulpena ere, ez zen belarriak mintzekoa.

Laburbilduz, zeluloidezko mago txiki batek astindu zigun makilatxoa urte berriarekin, eta gaztelaniarako joera nabarmena utzi du agerian, euskara ofiziala den herrialdeetako gazteen artean ere. Besterik ez. Eta hori ez du itzulpen eta bikoizketa pare batek eragin, kontrakoa pentsatzea lasaigarria gertatzen den arren. Pelikuletako magia pelikuletan bakarrik gertatzen da.

Bukatzeko: ETBk jakinarazi du ez duela film bera egun eta ordu berean, bi kateetan emango. Oraingoz.

Iñaki Lopez ezjakinaren "rollito" ona



“Buen rollito” aspergarrienaren adibide onena da Iñaki Lopez. Baita ezjakintasunarena ere. Urtarrilaren 19an, “Algo pasa con López” saioan, aurkezlea lotsagarri geratu zen Iñaki Perurena harrijasotzaile nafarrari egindako elkarrizketan. Hor bota zion: “…porque tú defiendes la vasquidad de Navarra, Euskadi Nafarroa da y todo eso…”. Perurena harri eta zur geratu zen. Oso rollito ona, benetan.

Agerraldietan, koordinatuta



Ez dakigu programazio eta kontra-programazio kontua izan zen. Baina biek bat egitea deigarria izan zen, behinik behin. Urtarrilaren 18an, Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak elkarrizketa luzea eskaini zuen TVE 1 katean. Urtarrilaren 19an, berriz, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren solasaldia ikusi genuen ETB 2n. Kasualitatea ote elkarren  jarraian gertatutako bi agerraldi horiena? Baita zera ere!