Oporrik ez, lanera!

Oporrik ez, lanera! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oporrik-ez-lanera/@@download/image/Ekhi.jpg
2008/09/05
erreportajea
Ekhi Erramundegi


Hasi zen, eta bukatu da. Bagenekien joango zela, baina ez da erraza onartzen. Hain momentu onak pasatu ditugu berarekin! Zenbat festa, zenbat parranda, hondartzako ibilaldiak, camping-eko egonaldiak... baina orain bukatu da. Bai, udaz mintzo naiz. Bukatu da, eta iritsi da ikasturte berria.

Txikienak hasi dira ikastolan, handienei gutxi falta zaie. Baina batzuk aspaldi hasi ziren lanean. Ordaindu gabeko lanean, gainera. Bai, urtero bezala, aurten ere Frantses gobernuak irakasle postuak murriztea erabaki du, eta ondorioz, Seaskako irakasle, guraso eta ikasleek kendutako postu horien beharra aldarrikatu behar izan dute, ikastoletan dabiltzan haurrei hezkuntza egokia eskaini ahal izateko.

Eta urtero bezala, hasi da. Txikienak kanpoan poz-pozik beraien laguntxoekin, handienak uztaila berriz noiz helduko zain. Baina bada gauza bat ez dena betikoa, bada gauza bat urterik urte aldatu dena, aldatzen ari dena. Ikasleak kanpoan direla, ikastetxe ondotik pasatu eta berehala antzematen da. Baionan behintzat, bai, eta segur beste leku anitzetan ere berdin izango dela: ikasleak ez dira euskaraz ari. Guztiek dakite euskara, baina beraien artean ez dira euskaraz ari.  

Eta hor doa galdera: zerk ekarri ote du hau? Gizartea aldatu da? Segurrenik. Baina gure garaian ere, gizarte erdaldunagoa zen euskalduna baino, eta guk euskara baizik ez genekien. Irakasleen kulpa da? Ez dut uste. Nahiz eta leku guzietan ez den berdin gertatzen, ikastolan euskara erabiltzera bultzatzeko hainbat kanpaina eramaten dituzte urtero ikasleekin. Gurasoen hobena da? Nire ustez, bai. Zenbat dira, euskara jakinik, haien haurrekin erdaraz aritzen direnak? Asko. Gehiegi. Lin Ton Taun-en kanta batek zioen bezala: “Kalean Gora Euskadi, etxean erdaraz”. Eta horrek, noski, haurrarengan eragina du. Haurraren eguneroko hizkuntza erdara izango da, eta euskara klaseetako hizkuntza bilakatzen da.

Baina, azkenik, ikasleek errurik badute? Hein haundi batean, bai. Txikienek ez dute oraindik euskararen egoeraren kontzientziarik, baina, behin adin batera iritsita, ez dago aitzakiarik: euskaraz aritzen ez denak oso ongi daki ez dela ari.
Guztiok dugu gure ardura. Euskararen erabilpenarena ez da ikastolako aire-hartzeetara mugatzen den arazoa. Ez diezaiogun oporrik eman euskarari!