Opera ere izan daiteke gaztea

Opera ere izan daiteke gaztea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/opera-ere-izan-daiteke-gaztea/@@download/image/2010341500opera_gaztea_2.jpg
2010/03/05
elkarrizketa
Antxoka Agirre Maiora
Opera ere izan daiteke gaztea
Operak badauka astun samarra izatearen fama. zaleak imajinatzen hasita, adinez nagusitxoak, 'bel canto'-aren kontuetan ondo jantziak eta arropa dotoreekin butaketan zintzo eserita irudikatu izan ditugu normalean. Abeslari eta artista gazte talde batek Opera Gazte sortu du topiko hauekin guztiekin hautsi eta kontrakoa erakutsi nahian: opera arina, edonork gozatzeko modukoa eta merkea ere izan daiteke.

Martxoaren 13an, arratsaldeko zazpietan, "La finta Giardiniera" lana aurkeztuko dute Irungo Amaia antzokian. Taldearen lehen lana da, kide guztiak 23 eta 31 urte bitarteko gazteak dira, dena eurek egin dute –finantzaketa ere haien poltsikoetatik irten da– ,eta ilusioz beterik ari dira lanean egun horri begira.

Mozarten lanaren moldaketa bat taularatuko dute: denborari dagokionean ohikoa baino motzagoa; argudioak gaurkotasunezko keinu batzuk jasotzen ditu, eta formatu txikikoa da, hots, orkestrarekin beharrean piano soil batekin jardungo dira. Sarrera ere ohikoa baino merkeago jarri dute: 15 euro.

Plan ona izan daiteke zerbait ezberdina probatu nahi duenarentzat. Guk behintzat, operara inoiz joan gabeak, itxura polita hartu diogu entseguan ikusitakoari. Sekulako ahotsak dituzte abeslariek, eta bertatik bertara entzunda edonor harritzeko modukoa da erakusten duten potentzia eta kontrola. Neska bat mutilez mozorroturik ari da kantuan; burua mahai baten atzetik aterata abesten du beste batek; batetik bestera dabiltza denak... gustura ari dira eta ez diegu traba handirik egin nahi. Pianoa automatikoan jarri eta Arkaitz Mendozak, piano-joleak, lagundu gaitu beste gela batera. Galderei erantzuten dien bitartean, urruti samar dauden arren, garbi eta ozen entzun daitezke artisten ahotsak.

“Duela bi urte hasi ziren abeslarietariko batzuk lehen atala prestatzen.

Musikeneko –Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia– ikasle gisa egindako lan bat izan zen”, kontatu digu. Taldeko kideak etorkizun handiko abeslariak dira. Miren Urbieta donostiarra, esaterako, duela gutxi saritu dute Guridiren El Caserio operan eginiko lanarengatik, baina operarena ez da aukerak oso erraz ematen dituen mundua. “Bilbon ABAO elkarteak antolatzen du emanaldi bat hilean behin, eta Donostian edo Irunen ere egiten da zerbait oso noizbehinka, baina normalean programatzaileek sona handiko abeslariei deitzen diete”, dio Mendozak. Honela, Musikenen sorturiko lanetik abiatuta autoekoizpenaren bidea hartzea erabaki zuten joan den udan. “Irailean hasi ginen entseguekin. Hasieran banan-bana lan eginaz, abeslari bakoitzarekin bere ariak eta eszenak landuaz, gero binaka... Otsailean, hiru asteburu-pasa egin ditugu entseatzen, eta azken astean Amaia antzokia guretzat daukagu...”, azaldu du piano-joleak.

Umorezko istorio bat aukeratu dute. Maitasun istorio barregarrien eta gaizki-ulertuen bidez korapilatuz doa argumentua, eta gaurkotasun ukitu batzuk ere eman dizkiote, paparazziaren pertsonaia sartuz, adibidez. “Bestalde, dinamismo handia eman diogu. Zenbaitetan, operak estatikoegiak dira eta horrek ez du laguntzen publiko berria erakartzen”, dio. Opera gazteengana hurbiltzeko pedagogia egin beharra dagoela dio, eta asmo horrekin haurrentzako emanaldi didaktiko bat antolatu dute bezperan, hau da, martxoaren 12an. “Kalitate handiko musika eta antzerkia bateratzen ditu operak: ez du zertan aspergarria izan”, laburbildu du Arkaitz Mendozak.

Fitxa teknikoa


Izenburua: "La finta Giardiniera".
Egilea: W.A. Mozart
Formatua: Ganbera opera (pianoz lagundua).
Generoa: Opera bufoa (umorezkoa).
Hizkuntzak: Italiera. Liburuxka euskarara eta gaztelerara itzulia.
Iraupena: 90 minutu.
Abeslariak: Naiara Intxausti sopranoa (Violante), Miren Urbieta sopranoa (Arminda), Mario Cerda tenorra (Conte Belfiore), Abenauara Grafiggna sopranoa (Serpetta), Ainhoa Franco sopranoa (Ramiro), Ruben Ramada baritonoa (Nardo), Iker Casares tenorra (Podesta).
Musika: Arkaitz Mendoza, pianoa eta musika zuzendaritza.
Aktoreen zuzendaria: Ekaitz Gonzalez.
Eszena zuzendaria: Oihana Regüela.
Argiztapena: Edi Naudo.
Produkzioa eta eszenografia: Iker Casares.