Ontzirik handienak, bidaia luzeenak

Ontzirik handienak, bidaia luzeenak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ontzirik-handienak-bidaia-luzeenak/@@download/image/201156676apaiza_1361450156.jpg
2011/05/06
erreportajea
Testua: Antxoka Agirre
Ontzirik handienak, bidaia luzeenak
Garai batean euskal ontziolek ingelesena edo holandarrena bezalako itsas potentziek baino teknologia aurreratuagoa zuten. Eta euskara izan zen Ipar Ameriketako indioek salerosketarako entzun zuten lehen hizkuntza europearra.

Orduko Bilbo eta Pasaiako portuak gaurko NASAren Cabo Cañaberalekin alderatzen ditu Xabier Agotek, eta bertako itsas gizonak inor baino urrunago iristen baziren, besteak beste, sagardoaren C bitaminari esker lortzen zutela dio.

Albaola Itsas Kultur Elkarteak egoitza berria estreinatu zuen Pasai San Pedroko Ondartxon 2010ean. Abandonaturiko ontziola bat egokitu eta bi gune ireki dituzte bertan. Ontzigunea deiturikoan ondare balioa izan dezaketen ontzi eta txalupak bildu eta zaharberritu egiten dituzte. Ontziola deiturikoa, berriz, ontzi tradizionalen ikerketa eta eraikuntza zentroa da. Guztira, 800 metro karratu hartzen ditu egoitzak, lehorretik baino itsasotik gertuago dagoen espazio eder bat.

Proiektuaren abiapuntua AEBak izan ziren, eta ez Euskal Herria. Agotek Maine estatuko Itsas Museora jo behar izan zuen ontzigintza tradizionala ikastera, hemen ez baitzegoen horrelako eskolarik. Lanbidea ikastera joan eta espero baino aurkikuntza handiagoa egin zuen donostiarrak: "Ikusi nuen ontzigintza eta nabigazio tradizionalaren teknikak gordetzeko modurik onena hauek bizirik mantentzea zela. Hemengo eredua ontziak apaletan gordetzera mugatzen zen bitartean, hangoak ontziak eraiki eta itsasora ateratzen zituela". Eredua Euskal Herrira ekarri nahi izan zuen, baina ez zuen inolako laguntzarik lortu, eta berriro ere AEBetara itzuli behar izan zuen. Han sortu zuen 1997an Albaola Elkartea eta euskal diasporak bildutako diruarekin eraiki zuen bere lehen ontzi tradizionala: Ameriketatik.   

Itsas ondarearearen kudeaketan Danimarka, Norbegia, Holanda, Bretainia eta Ingalaterra aipatzen ditu eredu gisa. Eta Euskal Herriak horiek bezain itsas ondare garrantzitsua daukala dio. Bertan XVI. mendean erabiltzen ziren teknikak mende bat geroago iritsi omen ziren Ingalaterra, Frantzia edo Holandara. "Garai hartan Espainia zen munduko lehen potentzia, eta euskal portuak bere zentro teknologikoa ziren, egun NASArentzat Cabo Cañaberal izan daitekeenaren pareko zerbait", dio.

Espainiako erregeek armadako ontzi guztiak Euskal Herrian egin behar zirela agindu omen zuen. Batetik bertan zegoelako egurrik onena; "haritzak pinuak baino askoz hobe jasaten ditu bidaia luzeak, batez ere ur beroetara, Karibera, bidaiatu beharra baldin badago". Bestetik bertan oso eskura zeudelako ontziolak hornitzeko beharrezkoak ziren elementu guztiak; "basoak kostatik oso gertu zeuden hemen, ibaiak ere bazeuden egurra garraiatu eta ontziolek behar zuten energia lortzeko… Aingurak, kateak, iltzeak eta armak egiteko erabiltzen zuten burdina ere soberan zegoen Bizkaiko meatzeetan".

Ontzi mordoa egin zuten erregeentzat, bada, baina ez haientzat bakarrik. "Euskaldunak euren kasara inor baino urrunago iritsi ziren balearen eta bakailaoaren atzetik", kontatzen du Agotek. Ternuara, esaterako, urtero 6.000 arrantzale joaten omen ziren, eta ur haietan 35.000 bale harrapatu omen zituzten. "Ipar Ameriketako indioek eta inuitek salerosketarako entzun zuten lehen hizkuntza europarra euskara izan zen", dio.    

Baserriarekin eta artzantzarekin lotu ohi da euskal tradizioaren irudia, baina irudi hori oso mugatua da. XIX. mendean Espainiako inperioaren gainbeherarekin euskal ontziolen krisia etorri zela esplikatzen du donostiarrak, Gerra Karlistek miseria ekarri zutela, baina ordurarte bertako gizartea oso industrializatua eta aurreratua izan zela. "Gaur ezagutzen dugun euskal baserria itsas bidaien hornikuntzarako sortu zen eredu bat da" gaineratzen du. XV. mendean egurrezkoak omen ziren bertako eraikinik gehienak, txikiagoak, eta sagardo gehiago produzitzeko tolare handiagoak behar zituztelako hasi omen ziren harrizko baserri handiak eraikitzen. "Ontzi handienak izateaz gain, edabe majikoa zuten euskaldunek: bidaia luzeetan edateko ura usteldu egiten zen, baina sagardoarekin nahastuta askoz gehiago iraun zezakeen; gainera sagardoaren C bitamina dela eta ez zuten eskorbuturik harrapatzen".

Turismoaren ikuspegitik potentzial handia izateaz gain, iragan horrek guztiak ispilu egokia eskaini diezaioke euskal gizarteari. Eta hasieran haizea kontra izan bazuen ere, pixkanaka, lortu du Albaolak bere bidea egitea, gai honen inguruan euskal gizartearen nahiz erakundeen arreta piztea. 2000 urtean Oarsoaldeko Garapen Agentziaren laguntzaz lehen Ontziola ireki ahal izan zuten Pasai Donibanen, 2010ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz ireki dute berria San Pedron, eta tartean elkartearen zenbait espediziok dezenteko oihartzuna lortu izan dute komunikabideetan.

"Abentura funtsezko elementu bat da Albaolarentzat" dio Agotek. Honela, 2001ean, adibidez, Urko Mendibururekin batera arraunean zeharkatu zuen Atlantikoa. 73 egun egin zituzten txalupa txiki batean sartuta, eurak arrantzatutako arrain gordinaz elikatuaz. "Egin dudan gogorrena hori izan zen; baina ez jatekoagatik, shushia oso gustuko baitut. Aurrekontu eta material eskasak genituen eta larri ibili ginen iristeko" oroitzen du.  2003an Irlandari eman zioten itzulia ere ez dauka saltzeko: "Katolikoz eta protestantez osaturiko Ipar Irlandako Elkarte batekin batera egin genuen, bizikidetzaren alde, eta oso polita izan zen". Hala ere, 2006an Ternuan egin zuten Apaizac Obeto espedizioa izan zen proiektuari behar zuen azken bultzada eman ziona: "Sekulako oihartzuna izan zuen, batez ere Ion Maiak jokaturiko paperari esker. Ordutik badirudi haizea eta korrontea alde dauzkagula". 

Bultzada honek hainbat proiektu berriri ekiteko indarra eman die, eta baita aspaldiko ametsei heltzekoa ere. San Juan baleuntzia eraikitzeko irrikaz ageri da Agote “Aurreko egoitzan ezin genion proiektu honi ekin, txikiegia zelako, baina egoitza berrian eta erakundeak erakusten duten interes berrituarekin ezinezkoa izateari utzi dio” kontatzen du. Ternuan euskaldunek izan zuten gune garrantzitsuenean Red Bay-en uretan XVI. mendeko lau euskal baleontzi eta beste hainbat txalupa topatu zituzten duela hiru hamarkada. Tartean Munduko Itsas Ondare izendatu zuten San Juan baleontzia aurkitzen zen, inoiz topatu izan den aintzinako baleontzi handiena eta hobekien kontserbaturikoa. “Istorio honetan sartu izan naizenetik baleontzi horren erreplika bat egitea izan da nire amets nagusietariko bat” dio.

Egoitza berriaren musealizazio plana burutzen ari dira orain: ikus-entzunezkoak, panelak, espazioen egokitzapenak... Baina martxan dira ontziola, interpretazio zentrua, ikerketa zentrua eta ontzitegia. Irteerak antolatzen zituzten aurreko egoitzan ere, baina arautu eta zabaldu egin nahi dituzte orain. “Lehen elkarte moduan irteten ginen. Albaolako jendea eta geure lagun eta ezagunak. Orain mundu guztiari ireki nahi dizkiogu irteera hauek eta gehiago egin. Horretarako, ordea, kontu guzti honen arauketa egin beharra dago”.

Azkenik ontzigintza eskolarena izango litzateke Agoteren beste proiektu kutunenetariko bat. “Albaola martxan jarri zenetik beti izan ontziolan ofizioa ikastera gerturatu den atzerritarren bat. Orain ere estatubatuar bat eta alemaniar bat dauzkagu baina beti izan ditugu bat edo bi; japoniar bat, mexikar bat, hego afrikar bat... Guk ez dugu zerbitzu hori publikoki eskaini, baina ikasteko gogo handia duen jende gaztea izan ohi da, nolabait enteratu eta ezagutza eske gerturatzen dena”. Modu informal batean egiten dutena formalizatu eta eskala handiagoan egitea litzateke bada asmoa. “Bokazionala eta internazionala izan beharko luke eskolak. Ni joan nintzen bezala etor daitezela orain hona, eta ontzigintzaz gain ikasiko dituzte bestelakoak ere” dio. Eta komentatzen digu nahiko ohikoa izaten dela ikasle atzerritar hauek euskara ere ikastea.
“Kasualitatea ere bada, gaur bertan esan dit gure ikasleetariko batek, Jaque Andersonek, Lezoko euskaltegian izena eman duela”.  

Jon Maia, Espedizioko kronista “Bost urtean ez naiz txalupatik jaitsi”



XVI. mendeko bidaiaren kontakizuna egiteko nor egokiago bertsolari bat baino. Albaolako komunikazio arduraduna da egun.
XVI. mendean Ipar Amerikako indijenei "Zer moduz?" galdetu eta "Apaizac obeto" erantzuten omen zuten…
Euskaldunek Ternuan zuten presentzia oso garrantzitsua zen. Espedizioan zehar Red Bay-en egin genuen geldialdietariko bat; garai hartako lau euskal baleontzi eta beste hainbeste txalupa topatu dituzte bertan. Handik gertu 140 euskal arrantzaleren hilobiak dauzkan hilerri bat topatu dute… Ipar Ameriketako lehen pidgin-a, Mohikano, Majawk eta Uron tribuen algonkinar hizkuntza eta euskararen arteko nahasketa bat izan zen.

Apaizac obeto entzuten duzunean zer datorkizu zuri burura?
2000 kilometro egin genituen arraunean eta denboran bost mende atzera: orduko euskal arrantzaleek bezala nabigatu genuen, beraien txalupa eta jantziekin, beraiek jaten zutena janaz, beraiek deskubritutako tokiak ikusiz.

Arkeonabigazioa deitzen zaio honi. Gure historian barrurantzako bidaia bat izan zen eta haiek senti zitzaketen sentsazioetara hurbiltzeko aukera eman zigun. Pribilejio bat.

Espedizioaren ondotik kronika liburua etorri zen, gero hitzaldiak, berriki dokumentala…
Esan daiteke, beste gauza askoren artean ibili behar izan badut ere, azken bost urteetan ez naizela txalupatik jaitsi. Eta jarraitzeko gogoarekin gainera.

Albaolaren komunikazio lanetan ere banabil orain, eta ikusten dut kontu hauek guztiak garrantzitsuak diren arren, euskal gizarteak ez dituela behar bezainbeste ezagutzen.

Zer moduz ari da funtzionatzen dokumentala?
Ondo. Baliabide gutxirekin egindakoa da, baina sentimendu nahiz eduki karga handiak dauzka eta badirudi jendeari iristen zaiola. Bestalde, munduko hainbat itsas erakunderi eta pertsonalitateri bidali diegu, eta erantzun ezin hobea eduki du. Zientifikoen froga hori pasatzea garrantzitsua zen niretzat… Orain ETBk erosi du, Kanadan ere erosi dute, eta uste dugu ibilbide luze samarra izango duela.

Zein dira epe motzera esku artean dituzuen proiektuak?
Webgune berria oraintxe estreinatuko dugu, eta itsas aldizkari bezala funtzionatu nahi duen blog bat ekarriko du, Itsasotik begira izenekoa. Eta ekains hasieran Bretainiako Morbihan Golkoan ospatuko den itsasontzi tradizionalen topaketara gonbidatu nagusi gisa joango gara. Laupabost egunetan 2.000 ontzi eta 500.000 lagun inguru bilduko gara erakusketak, estropadak eta hainbat ekitaldi egiteko. Ordezkaritza handia antolatu dugu elkarte eta erakundeekin.

Fontcuberta eta L 'Île aux Basques


Joan Fontcuberta mundu mailan oso ezaguna den argazkilari kataluniar bat da. Frantzian, AEBetan, Espainian, Alemanian alor honetan ematen diren saririk garrantzitsuenak irabazi ditu. Euskaldunen uhartea, berriz, Quebec-eko (Kanada) uharte txiki bat da. Bertan ez da euskaldun bakar bat ere bizi, baina Amerikako Euskal Abenturaren Parkea, Euskal Arrantzaleen Museoa, frontoiak eta Euskal Pilota Elkartea dituzte. Fontcuberta fikziozko irudiak benetakoak balira bezala salduaz egin da ospetsu: existitzen ez diren landare eta intsektu espezieak, Bin Ladenen argazki berri bat, espazioan desagerturiko astronauta sobietar batek bidali ahal izan zuen argazkia... Eta behin baino gehiagotan komunikabideei ziria sartzea lortu izan du; astronautarenarekin Iker Jimenezen 'Cuarto Milenio' ezaguna, esaterako. 2003an Quebec-eko Euskaldunen Uharteari buruzko lan bat argitaratu zuen, benetako argazkiekin. Komunikabideek katalanaren beste asmakizun bat zela pentsatu zuten orduko hartan.