Oneka Tirado eta Aitor Bilbao (Igerrak): "Hazten jarraitu nahi dugu"

Oneka Tirado eta Aitor Bilbao (Igerrak): "Hazten jarraitu nahi dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oneka-tirado-eta-aitor-bilbao-igerrak-hazten-jarraitu-nahi-dugu/@@download/image/image1_1449576726.jpg
2015/12/08
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)

Noiz eta nola sortu zenuten Igerrak komunitatea?

Ofizialki 2014ko azaroaren 6an ireki genuen gure profila. Gu Instagrameko erabiltzaileak ginen eta hainbat komunitate ezagutzen genituen baina zerbait falta zitzaigun: euskara. Ideia horri bueltak ematen, bururatu zitzaigun faltan botatzen genuen hori guk geuk sortzea eta hortan gaude...

Zenbat kidek osatzen duzue komunitatea egun, eta zein da zuen lan dinamika?

Momentuz, Igerrak komunitatearen kudeaketa biok egiten dugu. Lagun eta laguntzaile asko topatu ditugu bidean eta gaur egun 2100 kidetik gora osatzen dugu komunitatea.  

Zein da zuen lan dinamika?

Erraza da. Astero gure kideen argazki-gogoa berotzeko, gai bat botatzen dugu eta eurek astean zehar argazkiak proposatutako erronkarekin lotzen dituzte. Guk horietako hainbat aipatzen ditugu eta aste bukaeran irabazle bat izendatzen dugu, guztiz sinbolikoa. Batzuetan, gainera, lehiaketak antolatzen ditugu eta gure komunitatea indartzeko topaketak ere egiten ditugu noizean behin. 

Zein da Instagram komunitatearen helburu nagusia?

Hori argi geneukan hasieratik: instagrameko erabiltzaile euskaldunak biltzea, euskara bultzatzen dugun bitartean gure esparru txikitxoan.

Gaur aurkeztu duzue Igerrak kounitatea. Durangoko Azokan ere bertaratzen direnek euren esperientziak elkarbanatzeko lehiaketa bat jarri duzue martxan. 

Argazkilaritza, gauzak kontatzeko modu bat da. Hau oinarritzat harturik, jendea animatu dugu euren Durangoko Azokaren bizipena eta orokorrean euskal kulturara nola hurbiltzen diren, argazkien bitartez adieraztera. Baina ez dute zertan Azokan egindako argazkiak izan behar.

Durangoko Azokak 50 urte betetzen dituen honetan Igerrak aurkezpena egitea zenbaterainoko garrantzia du zuentzat?

Guretzat ikaragarria da. Iaz hasiberriak ginen eta gure artean komentatzen genuen inoiz Durangoko Azokan egon behar ginela. Eta begira, urte bat beranduago hitzaldia emango dugu bertan eta euren instagrameko lehiaketaren parte gara. Hemen, Zornotzako Barnetegiari eskerrak eman behar dizkiogu, eurena izan baitzen Azokarekin lehiaketa egitearen ideia.

Aurrerantzean zein izango da Igerrak komunitatearen erronka nagusia?

Esaten dute, edozein arlotan, zailena mantentzea dela. Guk hazten jarraitu nahi dugu. Datorren urteari begira proiektu berriak ditugu martxan eta... momentuz ezin gehiago esan!