One man band: gizona bere bakardadean

One man band: gizona bere bakardadean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/one-man-band-gizona-bere-bakardadean/@@download/image/76p58tigerman_1363906094.jpg
2007/07/06
erreportajea
Julen Azpitarte
One Man Band (OMB) edo gizon orkestren fenomenoa —emakumerik ez dugu aurkitu; beraz, jatorrizko izendapen matxista erabiliko dugu— herri musikak emandako estilo zaharrekin lotuta dago; 50eko hamarkadako bluesarekin eta rockabillyarekin. AEB Hegoaldeko Memphis hiria da Kide bakarreko banden jatorria.

Memphiseko country blues estiloaren aldaera berezia da One Man Banden fenomenoa, eta Joe Hill Louis eta Doctor Ross musikariak dira ordezkari nagusiak. Ezin dugu ahaztu, hala ere, Hasil Adkins rockabilly estiloko musikaria: instrumentu guztiak batera joz, 7.000tik gora kanta idatzi omen zituen, West Virginiako mendietan.

Louisek eta Rossek, gitarra jotzeaz gain, lepotik zintzilik zuten harmonikari haizea ematen zioten. Eta, era berean, oinekin, bateriaren danborrak eta txindatak astintzen zituzten. Gitarra antzera jotzen zuten: haien estiloa ez zen blues soloetan oinarritzen, gitarra riff-etan baizik, boogie doinua nabarmenduta. Irrati esatariak izan ziren biak, eta blues artista ezagun bilakatu ziren gero.

Sasoi hartan, Memphis musikariz gainezka zegoen, eta beraz, merkeagoa zen musikari bakarra kontratatzea banda osoa hartzea baino. Horrek lagundu egin zien arrakasta lortzen. Urteekin, ordea, OMBen fenomenoa gainbehera etorri zen. Hala ere, 60ko hamarkadan, zenbait folk artistek formatua berreskuratu zuten. Gaur egun, formatu horren iratzarraldi txikia dugu, punk-rock eta rock and roll underground-aren esparru ilunenetan sortzen ari diren musikari bakartiei esker. Hona hemen bakardadearen arriskuari muzin eginda oholtzara igo ziren eta oraindik ere igotzen diren gizaki orkestra xelebre batzuk.

Doctor Ross.
Doctor Isaiah Rossek (1925-1993) 50eko hamarkada amaieran lortu zuen ospea. Sasoi hartan txakurrei ematen zieten jaki marka batetik hartu zuen izena. Oso ezagun bihurtu zen, boogie gitarra riff itzelak jotzen zituelako, John Lee Hokker-en erara, eta harmonika ozen entzunarazten zuelako, Sonny Boy Williams-ek egiten zuen bezala. Bere kanta ezagunenetariko bat —Cat Squirrel— Eric Clapton-en Cream bandak egokitu zuen, 70eko hamarkadan. Flamin Groovies taldeak ere Doctor Boogie abestia jaso zuen Teenage Head disko biribilean. Eta horrez gainera: Sam Phillips-ek, Memphiseko Sun Records zigiluko arduradunak —diskoetxe horretan erein zuten rock and roll-aren hazia; tartean, Elvis Presley mukizuaren lehendabiziko kantak grabatu zituzten bertan— bere katalogoan sartu zuen musikaria. "Chicago Brakown kanta inoiz entzundako grabazio onenetarikoa da", esan zuen Sam Philipsek, Rossen doinua entzun zuenean.

Ross ezkerra zen, eta instrumentu guztiak aldrebes jotzen zituen. Elvis Presleyk arrakasta lortu ondoren, Detroiteko auto industrian jardun zuen, eta hango Fortune zigiluarekin grabatu zituen abesti onenak: Industrial Boogie eta Call The Doctor, besteak beste. Estreinako lan luzea 1970ean kaleratu zuen, Testament diskoetxearekin.

Joe Hill Louis.
50eko hamarkadako Memphisen musikari ospetsua izan zen  Joe Hill Louis Be Bop Boy (1921-1957). Irrati esataria ere bazen, eta estudioan, BB King gaztearekin jo izan zuen zuzenean. Lehen urteetan harmonika jotzen zuen arren, denborarekin, bateria eta gitarra jotzen ikasi zuen. Hasieran nahiko baldarra omen zen, baina ondoren, teknika hobetu zuen eta One Man Band iaio bilakatu zen.

Tipo irribarretsua zen Louis. Beti dotore jantzita zebilen. Eta arrakasta handia omen zuen emakumeen artean: ezkonduta zegoen, baina asteko egun bakoitzean emakume batekin ibiltzen zen. Berak ere Sun Records zigilu mitikoarekin grabatu zuen. Bere doinua gordina zen: purua, basatia eta leundu gabea. T-Bone Walker eta Arthur Cudrup artisten musika maite zuen, baina berak bereari ekin zion; blues basatia jotzeari, alegia. Ross-en antzera gertatu zitzaion Louisi: Elvis gogor jotzen ari zen, eta komunitate beltzak nahiago zuen rhythm and blues banda handiak kontsumitu. Beraz, country blues primitiboak tokia galdu zuen. Louis gazte hil zen, tetanoak jota, 1957. urtean; antza, etxeko lorategia zaintzen ari zela eskua  moztu zuen, eta, gainera, handik astebetera, auto batek harrapatu zuen. Ez dago batere garbi bi ezbeharretako zeinek eragin zion heriotza.

Hasil Haze Adkins. Musikari hau (1937-1985) erabat ezezaguna izan zen 50eko eta 60ko hamarkadetan; New Yorkeko Norton Records diskoetxeak 80ko hamarkadan bere musika ezagutarazteko egindako ahaleginari esker izan genuen Adkinsen berri. Aipatu behar da, hala ere, The Cramps taldeak She Said bere kanta jotzen zuela 70eko hamarkadan.

Bederatzi edo hamar anaia-arrebetan gazteena zen Adkins. Ama 1985ean hil zen arte, berarekin bizi izan zen beti. Amak prestatzen zion jana eta berak zaintzen zuen. Eta Adkinsek amaren etxean grabatu zituen kanta zahar guztiak. Ama hil ondoren, lur jota gelditu zen musikaria.

Txikitan, Adkinsek hillybilly, country eta bluegrass estiloetako disko zaharrak entzuten zituen. Gabazioetan entzuten zituen doinuak batera grabaturik zeudela uste zuelako bilakatu zen gizon orkestra. 7.000tik gora abesti idatzi zituela eta 2.000 bertsio buruz jotzeko gai zela diote. Horrez gainera, berak egiten zituen bere instrumentuak: tutuak, botilak eta pitxerrak musika tresna baliagarriak ziren. Kantetan jorratutako gaiak, bestalde, rockabilly estiloaren klixeetatik urrun zeuden: buruak mozteari, kakahuetea jateari eta emakumeak izutzeari buruz abesten zuen musikari xelebreak.
 
Garaikideak eta bakartiak
Esan bezala, gizon orkestra garaikide asko dago munduan. Gehienak, rock and roll underground eta punk-rock esparruetatik datoz. Hona hemen lagin bat:

Mark Sultan/BBQ.
Kanadiarra da, eta besteak beste, Sexareenos rock and roll taldeko kide izan da. Aspalditik One Man Band formatuarekin aritzen da. Distortsioz beteriko gitarra jotzen du, eta oinekin bonboa eta panderoa astintzen ditu. Sustraidun rock and roll-a jotzen du, melodia baztertu gabe. Sexareenos bandan lagun izandako King Khan soulman-arekin, King Khan & BBQ egitasmoa ere abiatu du; hor ere gitarra eta bateria jotzen ditu batera. Bikote gisa primerako bi disko argitaratu dituzte. Sultanek beste lan bat kaleratu berri du, In The Red zigiluarekin: The Sultanic Verses. Oraingoan bandarekin grabatu du, baina aurrekoa bakarlari gisa egin zuen: The Complete Recordings bikaina.

John Schooley and His One Man Band.
Schooley estatubatuarra Crypt zigilu ezagunarekin grabatzen zuen The Revelators hirukoteko gitarra jotzaileetako bat zen; gainontzeko bi kideek gitarra eta bateria jotzen zuten. Cryptekin disko bakarra argitaratu zuten — beste bat omen dago grabatuta, baina ez dute sekula kaleratu—. Revelators desegin ondoren, Hard Feelings bandarekin aritu zen.

Tartean, hiru single argitaratu zituen One Man Band formatuarekin. 2005ean, Suitzako Voodoo Rhythm rock and roll diskoetxearekin, lan luzea argitaratu zuen Schooleyk; diskoan blues bertsio sorta ederra bildu zuen, eta tartean dira Doctor Ross-en Chicago Breakdown eta Cat Squirrel edo Jimmy Reed-en Honest I Do abestiak. Blues disko biribila da. Orduz geroztik, beste hiru single kaleratu ditu diskoetxe banarekin.

Bob Log III.
Tucson (Arizona) hiriko bluesman hau Chuck Berry, Bo Diddley eta Fred McDowell-en doinu klasikoekin maitemindu zen gaztetan. Lehendabiziko egitasmo serioa Doo Rag bikotea izan zen; musika eta zarata hotsak sortzen zituzten hodiak, garagardo kaxak eta ile lehorgailuak erabilita, besteak beste. Thermos Mailing taldekideak egitasmo zaratatsua utzi zuen, ordea, eta Bob Log III.ak bere talde propioa abiatu zuen: gizon orkestra formatuko blues banda xelebrea. Chicagora lehen kontzertua eskaintzera zihoala, bidean geldialdia egin eta moto gidariek erabiltzen duten kaskoa erosi zuen eta telefono bati lapurturiko mikroa gehitu zion. Geroztik, ez du kaskoa kendu. Zuzenekoetan slide gitarra, bonboa, txindatak eta erritmo kutxa jotzen ditu. Disko gehienak Fat Possum blues zigiluarekin plazaratu ditu.

The Legendary Tigerman One Man Band.
Portugaldarra da, Coimbra hirikoa, eta Joe Hill Louisen abesti batetik hartu du ezizena. Portugalek inoiz emandako rock and roll banda onenean aritu ondoren —Tedio Boys—, gizon orkestra hasi zen. AEBetako blues kanta tradizionalak jotzeaz gain, Bo Diddley eta Hadsil Atkins artista zaharren bertsioak ere egiten ditu. AEBetan ibilia da, eta oso harrera ona izan du. Japonian ere argitaratu dituzte bere lanak. Biluzik dauden emakumeekin bideoklip lizunak egitea atsegin du. Hirugarren lana kaleratu berri du oraintsu: Masquerade.

Oinarrizko diskografia



· Dr. Ross. Boggie Disease. Arhoolie.
· Joe Hill Louis. Boogie in the Park. ACE.
· Hasil Adkins. Out To Hunch. Norton.
· BBQ. The Complete Recordings. Sounds of Subterranial.
· John Schooley and His One Man Band. John Schooley and his one man band. Voodoo Rhythm.
· Bob Log III. Trike. Fat Possum.
· The Legendarty Tigerman One Man Band. Naked Blues. Munster.