Ondo ezagutzen zaituztegu!

Ondo ezagutzen zaituztegu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ondo-ezagutzen-zaituztegu/@@download/image/literatura_1460119564.jpg
2016/04/13
erreportajea
Liburua aurkezten ari zela, Orham Pamuk idazleari emakume bat hurbildu zitzaion. Elkar ikusten zuten lehenengo aldia izan arren, ondo ezagutzen zuela esan zion emakumeak idazleari. Mesfidati begiratu zion Pamukek. Orduan, emakumea hizketan hasi zitzaion. Azaldu zion, idazlearen idazketa mekanismoak eta gustuak ezagutzen dituenak, idazlearen izaera eta nortasuna deszifratzen dituela. Horrela bada, idazle turkiarrak irakurlearekin berdin gertatzen dela defendatzen du: irakurketek izaera eraikitzen dute.

Jon Martin Bertsolaria


"Gehien irakurri ditudan liburuak Antoine de Saint-Exupéryren Le Petit Prince eta Pablo Nerudaren Veinte poemas de amor y una canción desesperada dira. Txikitan, asko markatu ninduen Gotzon Garateren Esku Leuna liburuak. Antropologo bat Marten ere asko gustatzen zait, Oliver Sacksena".

"Niretzat sortzea gozamen bat izateaz gain, behar bat ere bada. Sormeneko nire lehen bidea literatura izan zen. Ikaragarri gustatzen zitzaidan irakurtzea txikitan eta asko idazten nuen. Beranduago, ordea, bertsotan hasi nintzen".

Itziar Ituño Aktorea


"Hamaika liburu kuttun ditut buruan, nire bizitzaren garai batzuk markatu dituztenak. Bakoitzak bere pisua izan du momentu jakin bakoitzean. Adibidez, Alessandro Bariccoren Seda ipuin zoragarriak leku berezia dauka nire bihotzean. Zeta antzezlana egiten ibili nintzen garaian makina bat aldiz irakurri nuenez, pasarte batzuk buruz dakizkit! Nobela historikoa dut gustuko eta Toti Martinez de Lezearen La Herbolerak maitemindu ninduen, baita El ojo de la mujer Giocconda Belliren poema liburuak ere".

"Euskera ikasi nuenean mundu bat deskubritu nuen: euskal literaturarena. Joseba Sarrionandiaren fana naiz. Bere poema batzuk altxor moduen gordeta ditut memorian. Lagunmin batek zabaldu zidan ate hau, euskaraz idatzitako liburu ederrak oparitu zizkidalako. Gotzon Barandiaran da bera, idazle fin eta poeta zoragarria: Arrakalak, Katamalo..."

Jon Artano Kazetaria


"Ez dut gogoratzen nerabezaroan bereziki markatu ninduen libururik. Baina liburu kuttunaz hitz egiten badugu… denak dira kuttunak! Oso bibliofiloa naiz, eta oso maniatikoa eta fetitxista. Adibidez, liburua gomendatzen didatenean ez diet uzten liburua utz diezadaten, gero bueltatu beharko nukeelako. Gomendioa iturri onekoa bada, liburu hori erosi egiten dut. Objektu bezala, denak ditut kuttunak".

"Leku eta garai jakin batzuekin lotzen ditut gehien markatu nauten irakurketak, eta sarritan bat egiten du oporraldiekin. Literaturak probesten duen plazer mundial horrekin bat egin dudala esan nezake, literaturari esker barne emozio guztiak bizi izan ditudalako: poza, tristura…"

"Batzuetan gertatu izan zait lan jarduna literaturarekin gurutzatzea eta esango nuke aberasten duela".

Maite Gurrutxaga Ilustratzailea


"Uste dut gaztetan hasi nintzela irakurketara serio zaletzen, eta garai hartatik gogoratzen dut Bernardo Atxagaren Obabakoak: harritu egin ninduen, asko gustatu zitzaidan. Pereirak dioenez, Antonio Tabucchirena da nere liburu kuttunetako bat, eta Roberto Bolaño idazlearen liburu guztiak atsegin ditut, bera baita neure idazle gustukoena".

"Nire ustetan literatura eta ilustrazioa eskutik helduta doaz. Kasu honetan, hitzak, ideiak edo kontzeptuak sustraiak izan litezke, eta hortik hazten den landarea ilustrazioa. Plazerez irakurtzen ditudan liburu, komiki, album ilustratu etabarrek ere eragina dute nire jardunean, irudimenaren leihoak irekitzen dizkidaten heinean".

Eñaut Elorrieta Musikaria


"Ikasle garaian, Joseba Sarrionandiaren Narrazioak izan zen nire liburu kuttuna. Eta gerora bere poesiak ireki dizkit konposatu ditudan kantu askotarako ateak. Inspiratzen nauen idazle bat da. Hnuy illa nyha majah yahoo ondo gordeta dudan liburua da, zoragarria iruditzen zait, irakurtzen dudan aldiro zerbait desberdinak atentzioa deitzen didana...

Ez naiz oso irakurzalea, baina liburu batzuekin harreman afektiboa mantentzen dut. Nire inguru hurbilean literatur zale amorratuak dauzkat eta asko gustatzen zait hori. Liburu eta poesiek erritmo eta melodia propioa dutela uste dut, eta horiek deskubritzea eta interpretatzeak harrapatuta nauka. Beti irakurtzen dut melodiei begira, beti irakurtzen dut pentagrama bat begietan".

Olatz Mitxelena Emarri, harri-tiratzaileak


"Ez dakit literaturaren atea zerk eta nork ireki zidan, ziur aski nobelak berak baino etxeko liburuzainek irekiko zidaten euren gomendioekin. Joera dugu etxean batek irakurtzen duena besteari emateko eta halaxe, nobela trafiko horren partaide izanda, iritsi zen nire eskuetara garai hartan inflexio puntua izan zen nobela. Nik uste dut, ipuin eta kontu motzetatik lehenengo nobelara, Toti Martinez de Lezearen La Herbolera nobelarekin eman nuela. Euskal Herria pixkanaka ezagutzen ari nintzen nerabezaroan izan zen, nobela historikoa baino hoberik ez zela uste nuen garaian".

"Egoera emozional bakoitzak, bizitzako etapa bakoitzak, irakurketa mota bat dakarrela uste dut. Ez dakit, liburuek ipuinak dakartzate barruan, protagonistak, arazoak eta konponbideak, lan intelektual handia. Loturak, familiak, lagunak, izaerak. Dena da sormena. Eta gozatu egiten dut ongi idatzitako lanekin".