Onddo izan

Onddo izan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/onddo-izan/@@download/image/drogak_145_1382617207.jpg
2013/11/04
erreportajea
Testua: Maitane De Anitua
Onddo izan
Antzinatik euskal mendietan egon arren, badirudi azken hamarkadetan mongiak
euskaldunon artean ezagunagoak egin direla. Urtero hainbat gaztek, eta ez hain gaztek, Euskal Herriko mendi edo landa jakin batzuetan onddo txiki hauek biltzen dituzte udazken garaian.


Udazkenean, euskal mendi batzuetan modu naturalean hazten dira Psilocybe semilanceata izeneko onddo psikoaktibo txikiak, jendartean mongi izenarekin ezagutzen direnak. Batez ere irailean eta urrian agertzen dira, eta azaroan ere biltzen dituzte. Euskal Herrian onddo horiek aho bidez kontsumitzen dira gehienbat; hezeak zein lehorrak, hainbat modutara jan edo prestatzen dira.
 
Onddo guztiekin gertatzen den bezala, ezinbestekoa da mongiak ondo ezagutzea, lurretik atera aurretik identifikatu ahal izateko, eta beste onddo batzuekin nahastea ekiditeko. Ingurugiroarekiko kontzientzia izatea ere funtsezkoa da: beharrezkoak diren aleak bakarrik bildu, zurtoinetik moztu eta bestelako onddoak errespetatzen saiatu, mendialdea garbi mantentzea ahaztu gabe.

Itxurari dagokionez, mongiek zentimetro bat eta sei zentimetro arteko tamaina izaten dute, eta garatu ahala zuritik marroira aldatzen joaten den kanpai itxurako txapela. Orokorrean, klima heze eta epeletan hazten dira (itsas mailatik 1.000 metrotik gora), ondo ongarritutako zelaietan. Mongiak kontsumitzerako orduan beste zerbait ere jateko asmoa izanez gero, komenigarria da otordu hori ordu eta erdi lehenago egitea, digestio txarra ekiditeko.

Kontsumoa egiten den bitartean ere, badira zaindu beharreko kontu batzuk. Adibidez, leku eroso eta seguruan egotea gomendatzen da, eta egokiena konfiantzazko pertsonez inguratzea da, bakarrik egotea saihestuz. Hala ere, nahi ez diren eraginak agertuz gero, konfiantzazko pertsona horietakoren batekin leku are lasaiago batera joatea da onena, bertan lasaitzera, eraginak pasa arte, efektuak iragankorrak baitira.

Mongien printzipio aktibo nagusiak psilozibina eta psilozina dira, eta dosiaren arabera eragin psikoaktiboak nabaritzen dira. Horregatik, nahi ez diren eraginak saihesteko, "bidaia txarrak" adibidez, beste drogekin bezala dosia, egoera fisiko zein psikologikoa eta testuingurua kontuan hartu behar dira.

Hasteko, gomendagarria da jakitea onddo lehorrek psilozibina askoz gehiago izateko joera duten arren, ale guztiek ez dutela psilozibina kontzentrazio bera. Batez beste, gutxi gora-behera, dosi gomendagarria bost gramokoa izan arren, hori jakiteak ez du askorako balio, pertsona bakoitzaren tolerantzia maila ezagutu gabe. Horregatik, komenigarria da dosi hori baino gutxiago hartzea, eta apurka-apurka kontsumitzea, ondo murtxikatuta. Kontuan hartu behar da baita ere, eragin haluzinogenoak dituztela, kantitate gehiago hartu aurretik eraginei itxaron behar zaiela, ez dela komeni bestelako substantzia psikoaktiboekin nahastea (adibidez, alkoholarekin hartzean bien eraginak indargabetu daitezke, mozkortuta egotearen sentipena arindu daiteke edota goragalea handitu) edota hartuko den dosia aurretik planifikatu behar dela.

Kontuan hartu behar da baita ere, onddo freskoak debekatuta ez dauden arren, onddo lehorrak izateak, landatzeak edo toki publikoetan kontsumitzeak isuna dakarrela, eta trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela zigorra.