Onddo? Bai ondo!

Onddo? Bai ondo! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/onddo-bai-ondo/@@download/image/17p10-1_1370345661.jpg
2002/03/01
erreportajea
Alberto Irazu
Nafarroako Bera herriak sena berezia du musikarako. Bertan sortu zen Petti-ren ahots berezia, eta bertatik datorkigu Onddo taldea "Errepideak ez ditut maite" estreinako lan bikainaz.

Doinu gogorretara makurtutako Euskal Herriko musika munduan, Onddo taldearen pop abesti goxoek mendi tontorrean arnastutako oxigenoa dirudite. Gutxitan kaleratu ohi dira gurean hain atmosfera liluragarriko diskoak. Dudarik gabe, "Errepideak ez ditut maite" podiumera igo beharreko lana da. Podiumera igotzea merezi du, halaber, bertako musika eta hitzen egile Joseba Irazokik.     

"Onddo diskoarekin batera sortu zen", diosku Josebak. "Nire kasa abestiak egiten aritu naiz, eta hamar bat nituenean, Telletxea anaiengana eta Igor Gogorzarengana jo nuen taldea osatzeko". Entseiu bakan batzuk egin ondoren, Berako lagun baten estudioan hilabeteak eman zituzten, erritmo patxadatsuan.

Goxoa da emaitza, han eta hemen ñabardura txikiez aberastua. Hori al zen helburua? "Ez dakit, baina abestiak eta konponketak horrela atera dira. Niri tankera horretako atmosferak gustatzen zaizkit, eta entzuten ditudan diskoetan horrelako giroetan arreta jartzen dut. Giro hori sortzeko elementuak berez atera dira: teklatu horiek, soinutxo horiek…". Izan ere, oso nota gutxiko melodiak dira. "Agian minimalismo hitza erratea gehiegi da. Nik, adibidez, disko hau egin arte ez nuen sekula teklatua jo, eta behatzak han eta hemen jarrita, melodia polit eta errazak lortzen ahalegindu nintzen ", adierazi digu Josebak.

Bera psikodelikoa?
Pop uholdearen barruan, badago kantu rockeroagoetarako tarterik. Horixe da "Luzaroan zu gabe" abestiaren kasua. "Abesti hori gitarra riff batetik abiatu zen, eta ondoren sartu genituen gainontzeko tresnak. Niri musika gogorragoa ere gustatzen zait, baina orohar abesti intimistagoak atera zaizkit".

Galdera txoro batez agurtu dugu Joseba: disko hau bezain psikodelikoa al da Bera? Eta errepideak ez maitatzearen kontu hori? Hona erantzuna: "Beran jende alaia gara. Psikodelia burua pixkat bat galtzea bezala ulertzen dut nik. Errepideak? Badakigu beharrezkoak direla, baina mendi gehiegi puskatzen dute". Errepideak errepide, zein ondo dagoen Onddo!