On Benito, Benitaren blues hirukoak

On Benito, Benitaren blues hirukoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/on-benito-benitaren-blues-hirukoak/@@download/image/76p75onbenito_1363904440.jpg
2007/07/06
erreportajea
Julen Azpitarte
On Benito, Benitaren blues hirukoak
"Benita, ez zen gizon bakarreko emakumea. Horregatik, bere semeek lotura bat izan zezaten, denei Benito izena jarri zien. Benitak musika anitz maite zuen, eta semeekin ordu luzeak ematen zituen irratiaren ondoan. Istorio kontalari ederra ere bazen, eta 30eko hamarkadako bluesman zaharren istorioak kontatzen zizkien semeei. Semeak musikazale amorratuak bilakatu ziren. 50eko hamarkadako rock and rolla maite zuten batez ere".

Horrela aurkezten dute beren burua On Benito Berako blues banda osatzen duten hirukiek: Benito Irazoki (gitarra eta ahotsa), Benito Lertxundi (bateria) eta Benito Garzia (harmonika). Hirurek, hainbat egitasmotan aritu ondoren —tartean, Petti, Do, Borrokan, Ataka eta Mugaldekoak—, blues zahar eta odoltsua jotzen dute. "Gordin samarrak dira gure kantak. Gure ustez, gordintasunean, azalik gabe, gauzak hobeki disfrutatzen dira. Argi genuen elementu gutxi erabili nahi genituela kantetan. Proiektu primitiboa izatea nahi genuen; ez dugu gizakiaren eboluzioan sobera sinesten", dio Benito Irazokik.

Aipatu primitibotasun hori bandaren formatuan nabarmen islatzen da: bateria, gitarra eta harmonika pertsona berak joko balitu bezala entzuten dira. Black Keys, Soledad Brothers edota Inmortal Lee County Killers AEBetako taldeen erara, On Benitok blues artista zaharren doinuak bere egin ditu. Euskaraz, gainera. "Bluesa beti agertu izan da jorratu ditugun proiektu guztietan, nahiz eta zeharka izan. Oraingoan, baina, egitasmoa bluesen erabat oinarrituta dago.

Betidanik entzun ditugu bluesman zaharrak. Batez ere, Deltakoak ditugu gogoko: Son House, Robert Johnson, Skip James… Geroagoko taldeak ere gustuko ditugu: Captain Beefheart, Hendrix bera...".

Blues hirukiek jada grabazio bat dute kalean; bost kantako ep-a, hain zuzen. Bertan, blues eta rock and roll ukituko doinu primitiboak daude. Hiru anaia musikariak pozik daude. Bai diskoak bai zuzenekoek harrera ona dutelako: "Orain arte, hagitz ona. Tirada txikia egin dugu, baina, myspace orriaren bitartez ere jendeari gustatu zaiola ikusten ari gara. Batez ere, zuzenekoetan sumatzen ari gara jendearen berotasuna". Diskoa eskuratzerik izan ez duzuenok klik egin www.myspace.com/onbenito gunean, eta presta zaitezte Euskal Herriko blues egitasmo indartsuena entzuteko.