Omar Sy: Beste Frantzia

Omar Sy: Beste Frantzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/omar-sy-beste-frantzia/@@download/image/omar_sy_1361540303.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
"Bi Frantzia existitzen dira. Nik lanean hasi nintzenean ezagutu nuen beste Frantzia. Bagenekien existitzen zela, baina ez genuen inoiz ikusi." Halaxe zioen Omar Syk 'Untouchable' (2011) filma aurkezteko elkarrizketa batean.

Hain zuzen ere, ukiezinak diruditen bi Frantzien arteko elkarrulertzea, hiriburuko burgesiaren eta banlieuetako etorkin komunitatearen adiskidetzea irudikatuz, sos kontuetan zinema frantsesaren historiako filmik arrakastatsuena izan denaren aurkezpenean. Agian iritsi da gizartearen piramideari buelta emateko garaia? 2011ko aktorerik onenaren Cesar sarian behintzat, periferiatik etorritako mutila gailendu zitzaion Parisko 7. arrondissementean hezitako lankide François Cluzeti.

Ama mauritaniarra, neskamea. Aita senegaldarra, eraikuntzako langilea. Ez zuen gaztaro oparoa izan Omarrek, baina diruak ez omen du zoriona ematen, eta eguraldi txarrari, umore ona. Hala, Fred Testot kidearekin batera, Omar et Fred duo komikoa osatu zuen. Nova Radio irratian hasi eta Canal+ telebista kateko hainbat saiotan egin zuten ibilbidea. Eta bikote batetik, beste batera. Zinean Eric Toledano eta Olivier Nakache zuzendarien aktore fetitxeetakoa bilakatu zen, Nos jours hereux (2006) lehenengo, Tellement proches (2009) gero, Untouchablerekin gailurrera iristeko. Tartean, Jean-Pierre Jeunet ipuin kontalariaren Micmacs (2009) ere bai.

Etorkizuna badu bai oparoa. Hasteko, hilabete honetan bi film estreinatuko ditu. Lehena Les Seigneurs. Olivier Dahanen komedian, Frantziako futbol selekzioko jokalari ohia izango da, Lilian Thuram bailitzan. Bigarrena bi Frantziak berriz aurrez aurre jarriko dituen filma: De l'autre cote du periph. Laurent Laffite (Les petits mouchoirs, 2010) Parisko polizia kriminalaren burua izango da, eta Omar Sy periferiako agentea. Patronaleko buruaren emaztea hilik aurkitzen dutenean, elkarlanak batuko ditu bi aldeak. Eta urtea amaitu aurretik, L'Écume des jours Michel Gondryren amets surrealistan parte hartuko du, Audrey Tautou eta Romain Duris ikonoen alboan. Beste frantziarren zinemak ere badu ikono berria, Le Journal du Dimanche aldizkari ezagunak 2012ko frantziar gogokoena izendatu duena, Sy jauna.

Nortasun Agiria


Izena: Omar Sy
Jaioteguna: 1978-01-20
Jaiolekua: Trappes (Frantzia)
Emaztea: Helene Sy
Maite du: Emakumeen barruko arropa
Gorroto du: Aurreikuspenak ezartzea