Olentzeroen armada?

Olentzeroen armada? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olentzeroen-armada/@@download/image/Fertxu.jpg
2009/12/04
erreportajea
Fertxu Izquierdo
error while rendering contentleadimage


Iruñeko auzoetan urteak dira olentzeroak kalera ateratzen dituztela. Orain arte auzoetako jai batzorde herrikoiak arduratu dira horretaz. Eta lan itzela egin dute urte hauetan guztietan olentzero abenduaren 24an hiriko auzo bakoitzean egon zedin.

Urte batzuetatik hona, berriz, Iruñeko Udalak lagundu ordez mota guztietako oztopoak jarri dizkie jai batzordeei: baldintza beteezinak, mehatxuak, isunak...
Azkenean, honen guztiaren ondorioz, jai batzordeek olentzeroak antolatzeari utzi diote. Baina halere olentzeroak ez dira etxean geratu, ez jauna! Auzo bakoitzeko bizilagunek jai batzordearen lekukoa hartu, eta olentzero kaleratzen jarraitu dute, klandestinoki, betiere.

XXI. mende honetan, Iruñekoak ez bazarete behintzat, zaila egingo zaizue imajinatzea abenduaren 24ko irudi hori. Nire auzoan, esaterako, aitortu behar dizuet azken urte hauetan olentzero klandestinoa behin baino gehiagotan ikusi dudala. Lorategiz lorategi, zuhaitzez zuhaitz, udaltzainen zaintzatik ihes egin nahian. Eta irudi ikaragarria izan da. Imajinatu! Txikitatik opariak ekarri dizkizun gizon jator hori atxilotua izateko arriskuan! Hau zentzugabekeria, aizue!

Zapatisten Marcos komandanteordea zetorkidan burura. Lacandona oihan erdian ezkutatua. Zapi batez aurpegia estalita. Nazio Askapenerako Olentzeroen Armadako burua izango ote zen? Hala zirudien, bederen. Eta une batez, nire auzoko bizilagunak gerrilari bihurtuta. Tirofijo deituriko hura baino arriskutsuagoak. Olentzero bat kalera ateratzeagatik. Haurren irribarreak konkistatu nahi izateagatik.

Baina badirudi Iruñeko Udalarentzat haurren irribarreena lurralde debekatua dela. Haur horiek euskaldunak badira, behintzat. Eta badirudi gure olentzerori hirira etortzeko baimena ez diotela eman nahi. Baina olentzerok egun gehiegi ematen ditu mendian urtean zehar. Beraz, abendu bukaeran etortzen denean harrera ederra prestatu behar diogu. Behintzat auzokideok. Marcos komandanteordea ematen badu ere. Irribarreen Askapenerako Haurren Armada osatu behar badugu ere.

Zain dezagun olentzero. Eta negar egin dezatela, berriro ere, Iruñeko Udalean…