Olatz Urkia: "Mendebaldean daukagun urruntasun sentsazio horrek txinatarrak beste espezie bat balira bezala jokatzera ere eramaten du jendea".

Olatz Urkia: "Mendebaldean daukagun urruntasun sentsazio horrek txinatarrak beste espezie bat balira bezala jokatzera ere eramaten du jendea". Asiatik albisteak iristen zaizkigunean Olatz Urkiaren (Donostia, 1986) aurpegia agertzen zaigu ETBn; hari esker pandemiaren lehen berriak jaso genituen Wuhanetik zuzenean, baina Txinakoak ez ezik, kontinente guztiko albisteak lantzen ditu korrespontsalak. Beijing-en bizi izan da azken urteetan, eta bertan igaro du itxialdia; normaltasuna berreskuratuta, bertako egunerokotasunaz eta Asiako bizimoduaz mintzatu da gurekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatz-urkia-mendebaldean-daukagun-urruntasun-sentsazio-horrek-txinatarrak-beste-espezie-bat-balira-bezala-jokatzera-ere-eramaten-du-jendea/@@download/image/4.Minoría buriat MongoliaInterior.JPG
2020/11/04
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Asiatik albisteak iristen zaizkigunean Olatz Urkiaren (Donostia, 1986) aurpegia agertzen zaigu ETBn; hari esker pandemiaren lehen berriak jaso genituen Wuhanetik zuzenean, baina Txinakoak ez ezik, kontinente guztiko albisteak lantzen ditu korrespontsalak. Beijing-en bizi izan da azken urteetan, eta bertan igaro du itxialdia; normaltasuna berreskuratuta, bertako egunerokotasunaz eta Asiako bizimoduaz mintzatu da gurekin.
Olatz Urkia: "Mendebaldean daukagun urruntasun sentsazio horrek txinatarrak beste espezie bat balira bezala jokatzera ere eramaten du jendea".

Lehenik eta behin, zer moduz? Nola bizi duzu pandemia egoera?

Orain oso ondo normaltasuna daukagu bueltan eta, baina Euskal Herrira joateko gogoekin ere noski. Mugetan oraindik kontrol handia dago eta ateratzea posible bai, baina gero hona itzultzea oso konplikatua izan daiteke eta ezin dut korrespontsalia luzaroan utzi. Gainera orain EHn daukazuen egoera txarra ikusita kezkatu egiten naiz familia eta lagunengatik.

Bai Txinan eta baita Euskal Herrian, nolako bizipenak izan dituzu inguruan?

Urtarrilean guztia hasi zenean EHn nengoen oporretan eta bat-batean itzuli behar izan nintzen lanera Txinara. Oso arraroa izan zen hona iritsi eta isolamendu bolada hori hastea. Hemen momentu okerrenean neurri oso zorrotzak hartu ziren. Hilabeteetan guztiz itxita egon ziren hiriak, ez bakarrik Wuhan, eta noski milioika pertsonak lana galdu dute, guztiz paralizatu zen guztia.


Thailandiako hauteskundeetan, taxiarekin atzean.

COVID-19aren inguruko lehen albisteak hasi zirenean Wuhanen izan zinen berriemaile; orain baina, egoera guztiz kontrolpean dute bertan. Nola lortu dute?

Apirilean joan ginen Wuhanera hiria ireki zutenean. Bertakoek kontatu ziguten ia hiru hilabete etxetik atera gabe pasatu zituztela. Mediku eta erizainekin ere izan ginen eta azaldu ziguten nola ospitaleak kolapsatu zirenean beste eskualdeetatik bidali zituzten milaka sanitario anbulantzietan. Mobilizazioa izugarria izan zen.

Arrakastaren sekretua: neurri zorrotzak salbuespenik gabe, erabaki azkarrak, baliabideak ospitaleentzat, kutsatuen kontaktuen jarraipen azkarra eta test masiboak direla esango nuke. Orain azkenean normaltasuna dute Wuhanen eta merezi dute. Benetan neurri zorrotzak hartu ziren. Espero dut Euskal Herrian ere egoera azkar hobetuko dela.

Zer ari gara gaizki egiten hemen? Nola ikusten gaituzte Txinan?

Nire lagun txinatarrek askotan galdetzen didate nolakoa den EHn egoera, ea familia eta lagunak ondo dauden. Eta ulertzen dute jendeak neurri zorrotzak onartzeko zailtasunak izatea. Txinatarren obedientziaren topiko hori estereotipoa da, hemen EHn bezalaxe jendeak asko sufritu zuen etxetik atera gabe egon behar izatea. Baina hori bai, askok ez dute ulertzen askatasun indibidualen izenean jendea protestetan ibiltzea. Hemen bizi garen atzerritar gehienok ere horrela ikusten dugu, askatasuna bai, baina erantzukizuna eta ingurukoak babestu nahi izatea ere oso garrantzitsua dela uste dugu.

"Arrakastaren sekretua: neurri zorrotzak salbuespenik gabe, erabaki azkarrak, baliabideak ospitaleentzat, kutsatuen kontaktuen jarraipen azkarra eta test masiboak direla esango nuke. Orain azkenean normaltasuna dute Wuhanen eta merezi dute. Benetan neurri zorrotzak hartu ziren. Espero dut Euskal Herrian ere egoera azkar hobetuko dela".

Uste duzu Europa eta AEBetan posible dela Asiako herrialdetan hartu diren neurriak diziplina berarekin betetzea?

Noski baietz. Ez gara hain desberdinak. Bakarrik zera, Txinan beste epidemia baten esperientzia badutela, SARSa hain zuzen ere, eta agian jarrera baikorragoa dutela iristen dena lasaitasunez hartzeko. Baina bestela hemen berdin-berdin, ez du inork gustuko lanera joan ezin soldatarik gabe geratzea, edo lagunekin zerbeza bat hartu ezin izatea. Hala eta guztiz ere aldatu zuten txipa pandemia iristean eta neurri zorrotzak hartu ziren. Noski posible dela mendebaldean ere egitea. Nik uste dut badaukagula denok egoera berrien aurrean egokitzeko gaitasuna.

Nolakoa da egunerokotasuna orain Txinan? Maskarak eta distantzia soziala oraindik praktikatzen dira?

Musukoa daramagu leku itxietan, kalean ere ikusten dira, baina ez da derrigorrezkoa. Hori bai, olde berri bat iristen den bezain laster berriz normaltasuna denboraldi batez galtzeko prest dago jendea. Adibidez, ekainean Beijingen hegoaldeko Xinfadi merkatuan olde berri bat hasi zenean egun batetik bestera eman genuen atzerapausoa: Beijing itxi egin zuten, musukoa derrigorrezkoa bihurtu zen berriz, kaleetara sartzeko kontrolak jarri zituzten, eta garrantzitsuena: aste bakar batean hiri osoak, hau da 20 milioi pertsona baino gehiagok PCRa egin genuen.


Taiwanen Asiako lehen LGBTI ezkontzaren berri ematen.

Europako beldur handiena ondorio ekonomikoak dira, eta horregatik ez dira neurri zorrotzagoak hartzera ausartu; estrategia okerra izan ote da?

Nire ustez bai, estrategia okerra da. Agian hobe izango litzateke hilabete batez guztizko geldialdia onartu eta gero normaltasuna azkarrago berreskuratzea. Erdizkako neurriekin luzatu egiten da egoera. Zoritxarrez kolpe ekonomikoa saihestea ez da posible horrelako emergentzia sanitario bat izanda.

Pandemiaren inguruan lehen albisteak ateratzen hasi zirenean, zer pentsatu zenuen? Eta Wuhanen informatzen egon zinenean? Nolakoa izan zen esperientzia?

Urtarrilean lehen titular alarmistak ikusten hasi ginenean esajerazioa zela pentsatu nuen, ez nuen serio hartu, baina Txinara iritsi eta txipa segituan aldatu nuen, ikusi nuen ez zela txantxa. Wuhanen hasieran beldurtuta ibili ginen traje zuri horiek eta kanpotik iristen ginenak desinfektatzeko puntuak edonon ikusita, itxura distopikoa zuen hiriak. Hala ere segituan ohitu eta egoera lasaitasunez eraman genuen kobertura ona egiten saiatzeko.

"Wuhanen hasieran beldurtuta ibili ginen traje zuri horiek eta kanpotik iristen ginenak desinfektatzeko puntuak edonon ikusita, itxura distopikoa zuen hiriak". 

Itxialdia nola bizi zenuen? Zer izan zen gogorrena?

Otsailean denbora asko pasatu nuen bakarrik. Lanari esker atera behar izaten nintzen kalera, baina ez zen posible lagunekin geratzea eta isolatuta sentitu nintzen.

Gero Wuhanetik bueltan probatu nuen erabateko itxialdia. Beijingera iritsi bezain laster zuzenean etxera ekarri ninduten autobus berezi batean eta mugimendu detektorea jarri zidaten atean. 15 egunetan behin ere ez nintzen etxetik atera. Zorionez Beijingeko alde zaharrean bizi naiz solairu bakar bateko etxean eta leihotik jendea pasatzen ikustea posible da. Lagunak etortzen zitzaizkidan egunero erosketak ekarri eta zaborra ateratzeko. Leihotik pasatzen zidaten guztia. Txakurra ere horrela pasatzen nien egunean hirutan paseatzeko.


Gutxiengo etnikoen inguruko erreportajea prestatzen.

Orokorrean, Txinatik iristen diren albisteak errezeloz hartzen ditugu mendebaldean; aurreiritzi handiak ditugu asiarren, eta batez ere txinatarren inguruan?

Dudarik gabe. Adibidez, orain hemen normaltasuna daukagula esan eta batzuek: “ba nik Txinak esaten duen ezer ez dut sinesten” diote. Eta aitzakia horrekin ez dute urruti dagoen errealitate bat ulertzen saiatu behar. Jarrera errazena da: urrun dagoena ulertzeko saiakera egiteko nagitasuna mesfidantza horrekin mozorrotzea. Eta Txina defenditzen badugu batzuek ateratzen duten ondorioa alderdi komunistak kontrolpean gaituela eta beren ideiak burmuinean sartu dizkigutela izaten da, oso barregarria. 

Argi dago Txinako gobernua autoritarioa dela, eta arazo asko daudela hemen, nik kazetari bezala lanean hori argi eta garbi ikusten dut egunero, baina horrek ez nau guztia negatiboa dela pentsatzera eramaten, errealitatea konplexua da. Eta nire ustez argi dago adibidez pandemia hemen ondo kudeatu dela, eta mendebaldeko herrialde askotan ez.

Nolako kontzeptua dute europarren inguruan bertan? Eta Euskal Herriaren inguruan?

Euskal Herriarekiko interesa handia da gutxiengo etnikoak dauden eskualdeetan, adibidez Barne Mongolian. Beijingen ere jende ireki eta irakurriak interesa du eta ezagutu dut euskarari buruz dezente dakien jendea. Baina gehienek ez dute ezagutzen: Europan Txina oso zaku berean sartzen duten bezalaxe, hemen ere batzuek Europa osoa zaku berean sartzen dute.

Itxiagoak direnek aurreiritziak dituzte, mendebaldean denak indibidualistak eta umeen modura apetatsuak garela uste dute. Baina bidaiatu dutenek guk ere ikusten ez ditugun alde positibo asko aurkitzen dituzte Europan: adibidez gure plaza politak, katedralak eta kale lasaiak maite dituzte. Esan liteke Europa leku lasai eta kultural bat bezala ikusten dutela, amona geldo, babesle eta polit bat bezala, aldiz Txina gazte ero eta kaotikoa izango litzateke.

"Euskal Herriarekiko interesa handia da gutxiengo etnikoak dauden eskualdeetan, adibidez Barne Mongolian. Beijingen ere jende ireki eta irakurriak interesa du eta ezagutu dut euskarari buruz deZente dakien jendea. Baina gehienek ez dute ezagutzen: Europan Txina oso zaku berean sartzen duten bezalaxe, hemen ere batzuek Europa osoa zaku berean sartzen dute".

Duela gutxi Instagramen txinatarren inguruko irudi bilduma interesgarria kaleratu zenuen "txinatar guztiak berdinak diren" aurreiritzia astintzeko; ikasteko asko dugu oraindik?

Bai, 1 400 milioi pertsona inguru bizi dira Txinan, 56 talde etniko desberdin; iparralde eta hegoaldean aurkitu dezakegun kultura, itxura fisikoa, gastronomia… guztia da desberdina. Txinatarrekiko dauzkagun estereotipo guzti horiek ezabatzeko ordua bada. Hemen denetarik dago: jende oso itxia ezagutu dut, baina nire bizitza osoan ezagutu dudan jende ireki eta sortzaileena ere hemen ezagutu dut.

Mendebaldean daukagun urruntasun sentsazio horrek txinatarrak beste espezie bat balira bezala jokatzera ere eramaten du jendea. Wuhanen itxialdi zorrotza zutenean Txinako autoritarismoa salatu zen, eta orain, azkenean normaltasuna bueltan dutenean, wuhandarrak festan diskoteketan egotea kritikatzen dute. Txinan gaizki daudenean mendebaldean normal egotea ondo iruditzen zaie, baina mendebaldean gaizki daudenean Txinan ondo egotea ez. Ez da bidezkoa, ezta?

Gainera pentsaera hori Europaren kontra ere badoa eta pandemian argi geratu da: denbora gehiegi behar izan dute Asiako herrien adibidea jarraitzea ideia ona izan daitekeela ulertzeko.

Zer moduzkoa da berriemaile bezala munduan ibiltzea? Asian jarraitzeko asmoa duzu?

Nire ametsetako lana da, ezin naiz kexatu. Noski, berriemailearen bizitza kaotikoa da eta nahiko esklaboa. Gertatu izan zait sarritan lagunekin edo neskarekin afaltzen egon eta bat-batean alde egin behar izatea, bulegoko terrazan zuzenekoak egitera, edo gehiago: Zeelanda Berrira atentatu baten berri ematera, edo Indonesiara tsunamira. Baina merezi du, benetan lan polita da, eta korrespontsalia oso interesgarria ere. Zortea daukat ETBrekin ere, beste komunikabide askorekin alderatuta neutroagoa izaten da eta sentsazionalismoa ez du bultzatzen. Gainera lan honek posible egiten dit atzerrian bizitzea, baina aldi berean EHrekin lotura sendoa izaten jarraitzea, ez bakarrik bizitza pertsonalean, lanean ere. Luzaroan Asian geratzeko intentzioa daukat bai, posible bada behintzat.

 
Beijingen lagunekin!