Olatz Salvadorren 'Zainak eman' disko berria, kantuz kantu

Olatz Salvadorren 'Zainak eman' disko berria, kantuz kantu Hamar abestiz osatutako lana kaleratu du Olatz Salvadorrek. Segi irakurtzen eta disko osoari egingo diogu errepasoa, elkarrekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatz-salvadorren-disko-berria-kantuz-kantu/@@download/image/Zainak Eman Olatz Salvador-4.jpg
2024/09/26
Hamar abestiz osatutako lana kaleratu du Olatz Salvadorrek. Segi irakurtzen eta disko osoari egingo diogu errepasoa, elkarrekin.
Olatz Salvadorren 'Zainak eman' disko berria, kantuz kantu

Olatz Salvadorrek bere hirugarren diskoa kaleratu du, Zainak eman izenekoa.  Diskoaren abiapuntua "fedea izateko beharra" da. "Dena likidoa eta eferbeszentea dela dirudienean, zerbaitetan konfiantza izateko beharra. Nork bere buruari eusteko zerbait bilatzea. Harago joatekoa. Zarataren artean argia edo espiritualtasuna bilatzea dela esan daiteke", azaldu du.

Diskoaren izenburuan zainak aipatzen dira eta honela adierazi du hautaketa horren nondik norakoa: "Beste hizkuntza batzuetan tripek hitz egiten duten bezala, euskarak zainari egotzi dio lan hori. Intuizioa, bihozkadak, nerbioak eta haserrealdiak… horiek guztiak zainei esker omen ditugu. Arbolaren zainen antzera, ikusten ez diren, baina galtzera erresistitzen garen (edo esan beharko nuke zain eta muin defendatzen dugun) esentzia batera lotzen gaituzten zutabe organikoak dira zainak. Gure gorputza eta munduaren arteko bidezidorrak, zubiak, xendrak". 

Soinuari dagokionez, zarata eta oihuari lekua egin dio eta hainbat efektu erabili ditu: saturazioak, detune, fuzz, delaus, autotunea... Erritmo ezberdineko abestiak sortu ditu, eta dantzarako aukera ematen dutenak ere badira. Itxura minimalista eman nahi izan die kantuei, eta ahotsekin, geruzekin eta efektuekin jolastu du lan berrian. Ohiko moduan, letrari garrantzia eman dio, eta berak idatzitakoez gain, badira bertsolari eta idazleek egindakoak ere.

Hamar kantuz osatutako diskoa da eta banan-banan errepasatuko ditugu ondorengo lerroetan: 

1. HARAGI BIZITAN
Diskoaren hasieran bertan aurkituko duzu sorpresa. Spoken word estiloko Haragi bizitan kantarekin hasten da diskoa, hau da, abestearen eta errezitatzearen arteko muga horretan dabil jostari. Diskoaren mamia aurreratzen du, barrukoa dena erakustera datorrela. 

2. ZARATAZ HARATAGO
Lehenengo kolaborazioa topatuko duzu bertan, Alba Morena kantari kataluniarrarekin. Isiltasunaren beharrari kantatzen diote, mugako beste ariketa bat: "Isiltasun bat behar dut, inoiz baino ozenago". Zarataren erdian egia isilen bila joateko gonbita da.

3. BASAN
Azken hilabeteetan sareetan bueltaka ibili den kantua, gure basatasunera eramaten gaituena. Olatz aske eta basatiagoa aurkituko duzu, zainetara itzuli eta bidean galdutako askatasunaren erreskatean. "
Zuhaitzak bezain soil, atzamarrak basan. Ikusten ez dugunaren gainean dantzan", kantatzen du musikariak. Oihana Arana eta Leire Vargasek idatzi dute letra.

4. GERORIK BALEGO
Etorkizun ziurgabea ageri da kantu honetan, zerbaitetan sinetsi nahi baina giro zakarra sumatzen duenaren ezinegona, abiadura azkarregian, orainari heldu ezinik, gabiltzan garaian. Hala dio Salvadorrek: "Gerorik balego, norantz da. Hegorik balego, gorantza. Erori ta gero, gero, gero. Gerorik balego edo, edo. Gerorik balego bego".

5. ZALDI ZURI BAT
Zaldi zuri baten irudia dakar abestiak, logelan sartu eta atea itxi duena. Sabelean sartu eta zango bat bihotz gainean jartzen duen zaldia. Barruko zainak ezin bareturik, irtenbidea zaldi gainean ihes egitea dela uste du. "Atalka banandu dut kulpa ihes egitearen bulka ni naiz neure etsaia". Izaro Bilbaorena da letra. 

6. AZKEN EGUZKI PRINTZAK
Hasperena hasieran, goxotasuna eta samurtasuna, sentsualitatea eta erakarmena, eta esperantza argiak daude kantu honetan: "Erakarri dituzu azken eguzki printzak. Eta, nahi baduzu behintzat nik jango zaitut". Hozten ari den egun hauetan eguzkiaren epelaren pare sartuko zaizu abestia. 

7. HAN TOPATZEN DUTENA
Elizara sartzera doan emakume zahar baten irudia erakusten digu Itziar Ugarteren poema batetik abiatutako letrak. Zerbaiten bila dabil, non topatuko duen jakin gabe: "Ez dakit non bilatuko dudan nik andre horrek han topatzen duena. Ez dakit non bilatuko dudan orain barrukoek han topatzen dutena".

8. ZERBAITEN ZAIN
Izaro kantaria du bidelagun ahotsetan hemen. Erritmo elektronikoek indarra ematen diote, eta baita Izaroren koruek ere. Hala abestu du: "Konturatu nintzen, aztarna batek alda nazake, salba nazake. Eta zerbaiten zain nago". 

9. NAHI GABE
Piano doinuak hartzen ditu belarriak kantu honen hasieran, eta Salvadorren ahotsak hartzen du dena gero. Malenkonia datorkigu barruraino. "Nahi gabe ukitu nizkizun zenbait zauri. Eta orain eman nahi dizut zerua zuri" kantatzen du donostiarrak.

10. ETZIDAMUZ
Izaro Bilbaoren hitzen oihartzuna kantu honetan, bestearen galera eta beharra, eta damua : "
Damua duzu amu, «Ahalko banu»-ak mamu. Etzidamuz, berandu, zatoz berriz ta han gu zaildu, zainak eman eta zaindu". Lorea emateko prest Salvador, eta gu hartzeko pronto beti. Munduak zerbait zain du eta gu beti bere musikaren zain gaude.

Zainak, zauriak, argi izpiak, malenkonia eta dantzarako kantuak bildu ditu Salvadorrek disko berrian. Entzun patxadaz, nahi beste alditan, eta sartu zainetan! Gozatu!