Olatz Salvador: "Mugitzen nauena kanalizatzeko bidea da niretzat sorkuntza".

Olatz Salvador: "Mugitzen nauena kanalizatzeko bidea da niretzat sorkuntza". Itxurakeriaren aroan norberaren egiak aldarrikatu nahi izan ditu Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) "Aho Uhal" deitutako bigarren lanean biluziz. Zaurgarri agertzeko ausardiarekin arima dardarka jartzen duten abestiak sortu ditu erraietako pop melodien bitartez. Sortzailearekin hitz egin dugu disko honi buruz gehiago jakiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatz-salvador-mugitzen-nauena-kanalizatzeko-bidea-da-niretzat-sorkuntza/@@download/image/20210205192655_olatz-salvador-aho-uhal_amp_w1200.jpg
2021/02/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Itxurakeriaren aroan norberaren egiak aldarrikatu nahi izan ditu Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) "Aho Uhal" deitutako bigarren lanean biluziz. Zaurgarri agertzeko ausardiarekin arima dardarka jartzen duten abestiak sortu ditu erraietako pop melodien bitartez. Sortzailearekin hitz egin dugu disko honi buruz gehiago jakiteko.
Olatz Salvador: "Mugitzen nauena kanalizatzeko bidea da niretzat sorkuntza".

Norbaitek zure musika ezagutuko ez balu nola deskribatuko zenioke?
Hasieran musika lasaia dela dirudi, baina jarraitzaile batzuek esan didate ezin dudala hori esan, barruak asaldatzen dituelako. Beraz, pop atmosferikoa etiketan eroso sentitzen naiz. Erraietako popa dela esan dezaket. 

Bigarren diskoak zein ezberdintasun edo berritasun dakartza?
Ez naiz alderaketen oso zalea, baina lehen lanetik bigarrenera eboluzio bide luzea izan da niretzat zentzu askotan. Hasteko, lan hau ni berri batetik sortu da, hasiera berri baten bila, alegia. Ekoizle batekin, estudio ezberdin batean eta musikari ezberdinekin lan egiteak ere badu eragina hor eta hori soinu aldaketetan nabaritu daiteke. Kolaborazioei dagokienez ere izen berriak topatu daitezke. 

Lehen diskoaren eta oraingoaren artean bi urte pasa dira. Nolakoa izan da sortze prozesua? Zein zailtasunekin aurkitu zara?
Ez da erraza izan. Gora behera handiak izan ditut prozesu honetan. Nire buruarekin presio moduko bat sentitu dut eta horrek ez du aske sortzeko laguntzen. Mugatu egiten ninduen, autoexijentzia maila igo egin bainuen, gai ez nintzela sentitzeraino. Lehen pausoak bakarrik eman nituen, ez lehen diskoan bezala, non musikari lagunek ikuspuntuak helarazten zizkidaten. Oraingoan, zirriborroak anaiari erakusten nizkion eta bera izan da nire euskarri nagusienetako bat. Ñako, nire managerra ere, oso adi egon da eta asko sinetsi du nigan. Gero Pablo Novoa sartu zen jokoan eta beste era batera lan egiten hasi nintzen. Hasieran ez zen erraza izan zen, Pablo beste mundu batekoa da eta nik ez neukan argi hori ote zen nahi nuena. Azkenean ordea, eroso sentitu nintzen eta hau da emaitza. 

Zertan inspiratu zara?
Ez da galdera erraza. Sentitzen ditudan gauzak dira niretzat musa nagusiak. Beraiek erakusten didate bidea hori dena hitzetan jarri eta musikaren bitartez adierazten saiatzeko. Mugitzen nauena kanalizatzeko bidea da niretzat sorkuntza. Nire prozesua ez da gai aukeraketa arrazional bat. Nik lehendabizi kanta bat sortzen dut eta gero nire burua ulertzen dut kanta horren bitartez. Nire musikak horregatik denetik du pixka bat: maitasuna, dolua, hauskortasuna, ausardia...

Rozalen, Idoia Asurmendi... aipatu duzun bezala, kolaborazioz betetako diskoa da hau lehena bezala, zer dela eta horrenbeste eta zergatik beraiek?
Asko gustatzen zait jende ezberdinarekin lan egitea. Euren lana horrenbeste miresten dudan pertsonek nire proiektuan parte hartzea niretzat ohore bat da eta saretze sentimendua areagotzen dit. Oraingoan oso profil ezberdinetako pertsonek hartu dute parte diskoan eta bakoitzarekin izandako prozesuak ez du besteekin zerikusirik izan. Beraiek izan dira proposamena onartu eta nirekin bidea egitera animatu direnak. 

Letretan ere nabari dira kolaborazio horiek, Alaia Martin eta Ane Labaka arduratu baitira hitzez, nola izan zen prozesu hori? Zure ideietatik abiatu ziren ala askatasun osoa eman zenien?
Aneren kasuan guztiz askea izan zen. Alaiaren kasuan aldiz aho uhal kontzeptuaren proposamena jaurti nion eta hortik tiraka sortu zituen hitz-joko zoragarri horiek. Garai hartan lehorte moduko bat izan nuen eta ez zitzaidan gustuko hitzik ateratzen. Hori dela eta, bien ekarpenek asko lagundu zidaten sormen prozesu horrek etenik izan ez zezan. 

Zer nolako harrera izan du diskoak?
Oso ona. Egia esan ez nuen horrelakorik espero, ez behintzat gertatu den dimentsioan. Diskoa kaleratu nuen egunean bertan izugarrizko erantzuna izan nuen. Jendeak berehala bere egin zuen eta Euskal Herritik kapora ere, Estatu Espainiarretik eta Latinoamerikako hainbat herrialdetatik ere idatzi zidaten. Momentu batzuetan pixka bat gainditua sentitu nintzen, baina oso pozik. 

"Aho uhal" deitzen da diskoa, egungo garaiak ederki islatzen ditu izenak. Nondik tiraka sortu zen kontzeptua?
Duela parte bat urte gaztelaniazko rienda hitza oso presente zegoen nigan. Momentu batean, honen euskarazko itzulpena topatzeko helburuz, hiztegian begiratu eta aho uhal hitza ezagutu nuen, ordura arte entzun gabekoa. Gaztelaniazko konnotazioaren aurkakoa irudikatzen zuela iruditu zitzaidan eta paradoxa horrek asko erakarri ninduen kontzeptua lantzerako garaian. Egungo garaiari spoiler egin niola sentitzen dut -barreak-. 

Azken abestia Ivan Ferreiroren abesti baten bertsioa da, gaztelaniaz. Etorkizunean bi hizkuntzetan abesteko aukera irekita uzten al du honek?
Hizkuntzaren aferak itsutzerainoko garrantzia hartzen duela iruditzen zait. Nerabezaroan markatu ninduen abesti horren egilearekin abestea baino albisteagoa da lehen aldiz gaztelerazko zerbait grabatu dudala, batzuetan era gutxiesle batean gainera. Ez zait justua iruditzen eta nire euskararekiko hautua argi utzi dudala esango nuke, nahiz eta hala ez balitz ere zilegi izango litzatekeen. Ez da estrategia bat izan bertsio hau grabatzea, era oso natural batean jaiotako zerbait baizik. 

Zer moduz daramazu pandemia egoera hau?
Gora behera handiak izan ditut, garai ilunak ere bai. Zoriontasun zati bat lapurtu digu guzti honek, dolu asko dago, ez bakarrik pertsona bat galtzegatik, baita egin gabe uzten ari garen gauza guzti horiengatik. Ondorioak ekarriko dizkigula argi ikusten dut. 

Zuzeneko batzuk ematen hasi zara, zer moduz daramazu publikoa musukoarekin ikustea?
Ez da erraza oholtza batera igo eta aurpegia erdi estalita duen jende paralizatu batekin topatzea. Publiko bezala ere kostatzen da, badakit. Komunikazioa asko zailtzen du eta niretzat hain justu, hori da kontzertuen funtsa. Jende asko animatua etorri da eta harrera beroa eman digute, eta musukoak musuko, energia txute erraldoia izan da. Beste batzuetan aldiz, galdera bat egin eta airean geratzen da inork erantzuten ez duelako. Hala ere, jendearekin hitz egiterakoan, guztiek helarazi didate oso gustura egon direla eta horrekin geratzen naiz. 

Zer aurkituko du zure zuzenekoetara hurbiltzen den entzuleak?
Zuzeneko zaindua, goi mailako musikari eta teknikariekin, eszenografia landuago bat eta garrantzitsuena, egiazko zerbait. Nik sortutako abestiak izanik, benetan sentitzen dut esaten ari naizena, era batera edo bestera bizitu dudalako eta esango nuke hori dela nik eskaintzeko dudan gauzarik baliotsuena. 

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Saiatzen naiz etorkizunean gehiegi ez pentsatzen, nahiz eta kostatzen zaidan. Musikari bezala, desegonkortasunean bizitzea dagokit eta egoera honek sentsazio hori areagotu besterik ez du egiten. Hori dela eta, gako eraikitzaileetan mugitu nahi nuke eta bidea egiten jarraitu, nahiz eta badakidan edozein momentutan dena erori daitekeela. Orainean asko egotea da praktikatu nahi dudan ariketetako bat.