Olatz Perez de Viñasprek jasoko du II. Gladys Saria

Olatz Perez de Viñasprek jasoko du II. Gladys Saria Bere ibilbidearen aitortza egiten duen saria hilaren amaiera aldera emango diote. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatz-perez-de-vinasprek-jasoko-du-ii-gladys-saria/@@download/image/olatz-perez.jpg
2022/09/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkia: PuntuEus

 

Bere ibilbidearen aitortza egiten duen saria hilaren amaiera aldera emango diote.
Olatz Perez de Viñasprek jasoko du II. Gladys Saria

Olatz Perez de Viñaspre gasteiztarra izendatu dute II. Gladys Sariaren irabazle. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta sarituaren ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronkei erantzuteko egindako lana nabarmendu du. EHUko Informatika Fakultatean emango diote saria, irailaren 27an.

Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da. Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin zuen, eta baita gai beraren inguruko doktoretza ere. Gaur egun irakasle atxikia da EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketan ere aritzen da. Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariko ingeniaritza arloko saria jaso zuen 2018an, eta baita I. Ikergazte: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuko sari berezia ere. 

PuntuEus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak antolatzen dute sari hau, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzeko asmoz. Gainera, Gladys del Estal informatikaria ere gogora ekartzen du sariketa honek.