Olatuetan itzulipurdika

Olatuetan itzulipurdika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatuetan-itzulipurdika/@@download/image/kayak_1479110985.jpg
2016/11/11
erreportajea
Uretako bi kirol bat eginda jaioa da kayaksurfa; beharbada ez zaizu oso ezaguna egingo, baina Euskal Herriko Kayaksurf Selekzioak mundu mailako txapelketa garrantzitsuenak irabazi ditu. Zurriola Cup txapelketa hirugarrenez antolatu dute urrian, mundu mailan erreferente bilakatuz; uretako akrobata hauek ikuskizun itzela eskaintzen dute.

Surfa eta piraguismoa ezagunak zaizkigu, baina bada bi modalitateak biltzen dituen kirol mota ezezagun bat; kayaksurfa. Izenak dioen bezala, piraguarekin surf egitean datza, eta inguruan badira horretan iaioak direnak. Euskal Herrian 1997. urtetik dabil lanean surf mota hau praktikatzen duen selekzioa, eta mundu mailako txapelketa ugaritan irabazle izan dira. Duela hiru urte, Zurriola Cup txapelketa antolatzen hasi ziren, Euskal Herri mailan zirkuitu profesionala zabaldu eta Donostiako Zurriola hondartza mundu mailako lehian kokatzeko helburuarekin. Urrian egin dute azken txapelketa, eta dagoeneko hasi dira erreferente bihurtzen.

Aurten 40 kirolari inguru lehiatu dira Zurriolan; iaz 60ra iritsi ziren, baina aurten Portugal eta Galiziako kirolariak ez dira aurkeztu, egun horietan txapelketa garrantzitsu bat zegoelako Portugalen. Julen Arrizabalaga kayaksurflari eta selekzioko kidearen esanetan, txapelketa pixkanaka sendotzen eta ezaguna egiten saiatu dira, eta pozik daude orain arte egindako bidearekin: "Kayaksurfa, gaur egun, nazioarteko mailan lehiatzen den kirola da. AEBetako mendebaldeko kostaldetik eta Hegoameriketatik, Japonia eta Australiaraino. Europan ere, txapelketa garrantzitsuak egiten dira, eta eta horien artean egotea da gure helburua, maila berean".

Txapelketa profesionala da Zurriolakoa, eta beraz, kirolariek ez dute lehiaketan beste ezertan pentsatu behar: "Logistikoki, hona datorren kayaksurflariak ez du bestelako betebeharrik; horretarako, baditugu antolaketaz arduratzen diren profesional eta boluntarioak. Horrekin batera, hainbat lekutako lehiakideak datoz, hala nola, Frantziatik eta Espainiatik". Kirol mota honek geroz eta oihartzun handiagoa bereganatu du azken urteotan, eta maila geroz eta zorrotzagoa da, baina oraindik ez dute olinpiadetan onartu, eta beraz, selekzioak ez ditu laguntzarik jasotzen. Dena den, aurrera egiteko asmo irmoa dute.

Ikuskizun paregabea

Arrizabalaga Nautikoaren bitartez hasi zen kirol honekin, eta haiei esker lortzen du ekipazioa. Neskak zein mutilak dabiltza txapelketetan, nahiz eta mutilak gehiago diren oraingoz: "Mutilen estiloa agresiboagoa da, baina neskek oso giro ikusgarriak egiten dituzte". Arauak surfeko berdinak dira, eta epaileek kontutan hartzen dute olatu gainean iraun eta ahal bezainbeste itzulipurdi egiteko kirolari bakoitzaren trebezia maila. "Zurriolako txapelketan hiru epaile izan ohi ditugu; olatu handi eta luzeak baloratzen dituzte, eta ahal bezain beste maniobra egiteko gai izatea".

Zurriolako hondartzak betetzen ditu txapelketa interegarriak eskaintzeko baldintzak; eguraldia lagun badute, metro-terdiko olatu ertainekin, eta hegoa haizea lagun, sekulako ikuskizunaz gozatu daiteke bertara inguratuta. "Azken txapelketetan zorte handia izan dugu eguraldiarekin, eta orain arte baldintza metereologikoak gurekin egon dira".

Ez pentsa edozein piraguak balio duela kirol hau praktikatzeko; mota askotakoak erabiltzen dituzte, baina olatuetan ibiltzeko propio diseinatutakoak dira. "Piragua batek surfeatu ahal izateko, bere diseinuaren egituran ezaugarri bereziak izango ditu piraguak olatuan jaitsi, igo, kanteatu, bonbeatu eta abiadurarekin planeatu ahal izateko. Kayaksurfeko piragua kantu zorrotza eta killak dituena da, nahiz eta badagoen killa gabekorik ere". Beste modalitate bat waveskia da, hankak estali gabe daramatzan piragua mota. "Gure kasuan, olatuak surflariek baino dezente azkarrago surfeatzeko gai gara, eta errazago ibili gaitezke gainean; baina piragua eramatea zailagoa da, eta mugimenduak egiteko traba gehiago ditugu".

Kirol honek naturarekin harreman estuan jartzen ditu kirolariak, inor oraindik iritsi edo ikusi ez dituen leku eta zokoetara gerturatzeko aukera eskaintzen dielako. Bestalde, partaide gehienek kayaksurfa mundu osoan zehar praktikatzeko aukera izan dute. Zurriola, erreferentziazko leku horietako batean bihurtzea espero dute txapelketaren antolatzaileek: "Pixkanaka ezaguna egiten doan kirola da kayaksurfa, eta bide horretan jarraituko duela sinetsita gaude. Geroz eta gehiago dira zirrara handiz gure entrenamenduak ikustera hurbiltzen direnak; jendeak harrituta begiratzen gaitu olatuak hartzen eta maniobratzen. Dena ondo badoa, Zurriolakoa mundu mailako kayaksurf txapeleketa garrantzitsuenetako bat bilakatuko da".