Olaia Irigoienek eta Elsa Sabaterrek 'Inesa Gaxen. Sorgin ausart baten historia' ipuina argitaratu dute
Olaia Irigoien idazleak eta Elsa Sabater marrazkilariak Inesa Gaxen. Sorgin ausart baten historia liburua sortu dute, Adapta argitaletxearen Akelarre izeneko bildumaren baitan. Akelarre bildumak XVI eta XVII. mendeetan bizi izan ziren eta "sorginkeriatan" aritzeagatik jazarriak izan ziren bost emakumeren benetako bizitza jasotzen du: Inesa Gaxen, Elisabet Martí, Lucía Cabrera, Ana Pérez Duesca eta María Solinha.
2021. urtean, Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrietak Inesa Gaxenen bizitza azaltzen duen abestia kaleratu zuten, eta horrek animatu zuen Irigoien 6-8 urte bitarteko haurrentzako bilduma ilustratua sortzera.
Ipuinak Nafarroa Beherean jaiotako Inesa Gaxenen "historia zirragarria" azaltzen du. Infusioak egin eta inguruarekiko jakin-mina azaltzeagatik, sorginkeriatan aritzea leporatu zioten behin baino gehiagotan. Liburuko ilustrazio koloretsu eta biziez lagunduta, XVII. mendean bizi izandako emakume honen benetako historia ezagutuko dute irakurleek. "Benetan sorginak nortzuk ziren azaltzea eta haien egiazko historia zabaltzea" da liburuaren helburua, eta "baita "sorgin" hitzaren atzean benetan zer zegoen kontatzea ere".
Olaia Irigoien (Elgoibar, 1996) Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatu zen eta itzultzaile eta zuzentzaile lanetan aritu zen, besteak beste. Liburuen argitalpenarekin lotutako Masterra egin zuen Bartzelonan. CEDRO saria eman zioten Master Amaierako lanagatik, eta horrek bultzatu zuen Akelarre bilduma sortzera.
Elsa Sabater (Bartzelona, 1994) Frantzian bizi da 2016tik. Haurrentzako literaturan eta komikigintzan da aditua, txiki-txikitatik gustatu izan zaio marraztea eta hogei urterekin erabaki zuen profesionalki bide hori hartzea. Hainbat ipuin bere kabuz argitaratzeaz gain, orain Adapta argitaletxeak argitaratutako Akelarre bildumaren ilustratzailea da.