"Oilo Ipurdia" ikusgai da Gasteizko Artiumen

"Oilo Ipurdia" ikusgai da Gasteizko Artiumen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oilo-ipurdia-ikusgai-da-gasteizko-artiumen/@@download/image/20121261479oiloipurdia.jpg
2012/12/13
berria
Regina Jose Galindo guatemalarra da, eta 'Oilo Ipurdia' izeneko erakusketa ekarri du Euskal Herrira. Hain zuzen, hotzaren aurrean gizakiok jasaten dugun erreakzio naturala aztertu du bere lanaren bidez. Bihar irekiko du erakusketa; Galindo bera kamara hotz baten barruan sartuta egongo da, eta ikusleek leihoa ireki eta bere azala ukitu ahal izango dute, hotzaren ondorioak zuzenean sentitzeko.

Hotzaz gain, emozioek ere erreakzioak eragiten ditu gure azalarengan, biak dira oilo ipurdiaren eragile. Galindok gizakiaren gorputzetik bidaiatu du, eta bidai horretan zehar lortutakoa bost aretotan banatu du.
Lehenengo aretoan ahotsari eman dio garrantzia. 'Lo voy a gritar al viento' lana 1999koa da. Guatemalako hiri batetako zubi batean zintzilikatu eta bertatik bere poemak errezitatu zituen orduan, garrasika. Handik lortutakoa ekarri du.
Bigarren eremuan, ordea, metaforaren ideia jorratu du artistak. Nortasuna, malenkonia, errepikapena eta performancea nahasi ditu, eta gizabanakook beste pertsonen azalean jartzeko dugun gaitasunaren ideia nabarmendu du.
Ondoren, tortura fisikoa islatzen duten piezek heriotzaren aurrera eramango dute ikuslea. Galindok bere alderdirik haragizkoena ikusarazi du bertan.
Laugarren aretoan Veneziako Bienalean aurkeztutako erakusketak bildu ditu. Sail zabal honetan lau urtetan Italian jarritako lanak bildu ditu, eta norbere traumak gainditzearen inguruko erreflexio sakona gauzatu du bertan. Urrezko Lehoia irabazi zuen, Bienaleko saririk potoloena.
Bosgarren eremuan, azkenik, igorpenaren ideia landu du. Hain zuzen, norbere ekintzek bigarren batengan eragiten dituzten aldaketetan murgildu da.
Kutxa barruko performancea, dena dela, bihar egingo du, inaugurazio egunean. Aurrerantzean, maiatzaren 1a arte izango da 'Oilo Ipurdia' ikusgai.