Oihana Sagastizaba: "Pololoak erantzi beharrak zeharo aztoratzen zuen Xabinaitor"

Oihana Sagastizaba: "Pololoak erantzi beharrak zeharo aztoratzen zuen Xabinaitor" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oihana-sagastizaba-quotpololoak-erantzi-beharrak-zeharo-aztoratzen-zuen-xabinaitorquot/@@download/image/2010341184oihan_1362433727.jpg
2010/03/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Oihana Sagastizabal poxpolina –baina ez txoliña– Ategorrietakoa da, 28 urte ditu eta Xabinaitor sakonean ezagutzen du orain hilabete batzuk harekin izandako topaketa sexual bizi eta grinatsu bati esker. Superheroiaren sekretuak agerian uzteko prest datorkigu marimaistra. Ea ba….

Esan egia. Benetakoa al zen Xabinaitorrek erakusten zuen guztia?
Niri behintzat hezur haragizkoa iruditu zitzaidan bertatik bertara ikusitakoa; hezur, haragi eta odol bero askokoa. Aiii... –hasperen egiten du nostalgiaz– erakutsitakoaren azpian ez zegoen ez photoshopik, ez bestelako tranpa edo efektu berezirik.

Lehen kolpean ikaratzeko modukoa…

Beno, aldaka kolpeekin hasi aurretik emeki-emeki berotu, bigundu eta urtarazi ninduen, eta jakina, horrek ikara guztiak uxatzen dizkizu. Badakizu, lubrifikazio eta malgutasun kontua da neurri handi batean, nahiz eta kasu honetan, dena esan behar bada, neurria dezente handia izan. Kar, kar, kar.

Eta hegaldiek ere ez al zintuzten izutzen?

Hegaldiek? Plazeraren plazeraz zeruan bezala sentiarazten ninduen. Haiek bai hegaldiak! Izutzeko modukoak! Ez nintzen, ordea, erorketaren arriskuaz asko akordatzen une horretan –irribarre maltzurra du ahoan–.

Aizu, baina pololoak ez dira oso erosoak geroko jolasetarako, ala?

Horixe ba, gero gerokoak... gainera, uste dut horrek jartzen zuela bereziki bero-bero Xabinaitor, oihal deseroso hori eranzteko zeregin neketsu horrek, alegia, hain ongi gordetako haragi epel eta urtsuak agerian uzteko irrika horrek...

Ongi al zekien Xabinaitorrek zer den emakumeok behar duguna?

Nola jakingo zuen bada, batzutan guk geuk ere ez dakigu eta! Kar, kar, kar! Ez, orain serio, beste guztien moduan zebilen hau ere. Hau da, ez, ez zekien ondo zer den behar duguna, baina asko ahalegintzen zen hori deskubritu nahian... Hain zen saiatua mutila, aiii... –hasperen egin du berriz ere–.

Eta zer eman zenion zuk txora-txora eginda edukitzeko?

Lehenik eta behin, esan dizudana, pololoak erantzi beharrak erabat aztoratzen zuen. Eta gero erresistentzia apur bat, badakizu, "O, ez, mesedez!" eta horrelako gezurtxoak oraindik ere bere onetik gehiago ateratzeko, nahiz eta ni irrikatzen egon berarekin larrutan egin eta izerdi batean urtzeko. Sakonean, ni ere lizun xamarra naiz, badakizu...

Ongi al zeneraman super heroia hainbeste poxpolinekin partekatzearena?

Bai, neska, nirekin izandakoa sexu-jolasa baino ez zen izan. Elkarrekiko sedukzio puntu bat zegoen jolas horretan, bai, baina ez dira gauzak nahastu behar. Ni poxpolina naiz, baina ez txolina. Hasieratik nekien maitasun kontuetarako beste bat zeukala gogoan, baina zergatik uko egin jolas horri?

Aholkua eskatu behar dizut: zer egin behar dugu gainontzeko emakumeok gure bizitzan Xabinaitor bat lortzeko?

Lehenik eta behin, Anbotoko Mariri eskatu, nik dakidala inguruotan hegan egiten duen gutxi dabil eta. Eta zerbait normalagoarekin konformatuz gero, bilatu maitale bihurri, kotxino xamar eta oso samur bat, ederki pasako duzue eta.