Oier Guillan idazleak 'VHS' izeneko nobela aurkeztu du

Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Oier Guillan (Donostia 1975) euskal idazle, kazetari eta antzerkigileak nobela berria aurkeztu zuen atzo. Oreretako Mikelazulo taldeko kidea izan zen. 2008tik Metrokoadroka kolektiboko kidea da, haiekin taularatu ditu Poza, Zertarako Hegoak, Su izan nahi, Salto, eta Hura ez da lekua bezalako lanak besteak beste.
VHS. “Eskuartean dugu VHS nobela! Neuk sinatzen badut ere, jende askoren talde-lanak egin du posible momentu hau. Birus beteko itxialdian bidelagun izan dut edizio prozesua, utopia posible bat eskainiz guztiak geldirik zirudienean”, adierazi du idazleak sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean.
Eleberria Victor aktorearen heriotzarekin hasten da, pertsonaia auto istripuz hiltzen da, pailazo sudurra jantzita eta, kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatuko du heriotza hura ikertzeko.
Detektibearen bidez hasiko da iragana desegiten, eta 23 urte atzera Berlinetik Andaluziara egindako auto bidaia gogora ekartzen. Road movie moduko bidai iniziatikoa, haien ibilbide artistikorako pizgarri izango zena. Iragan hartan ezagutu zuen Ilehoriak Victor eta oroitzapenen bitartez ekar dezake soilik orainaldira. Tarteka orainaldian, tarteka oroitzapen moduan, Sevillan ezagutu zuten La Marabunta antzerki taldea eta kideak gogoratuko ditu, eta VHS batean egin zuten grabaketa bat.
“Tarteka orainaldian eta tarteka oroitzapen moduan helduko zaigu kontakizuna”, azaldu Leire Lopez Susako editoreak Donostian egin duten aurkezpenean, “Elkartasun basatia deitzen da Guillanen poema liburuetako bat eta lan honetan ere bada elkartasun basati horretarako tartea eta horretan eskuzabaltasuna dago, arauen haustura, memoriaren eraikuntza kolektiboa, hausnarketa politikoa eta bitala eta baita umorea eta absurdoa ere”.