Oier Aranzabal: "Kanpoan bilatu arren, askotan etsai handiena norbere burua da"

Oier Aranzabal: "Kanpoan bilatu arren, askotan etsai handiena norbere burua da" Nolakoa da artistaren errealitatea oihala jaisten denean? Txaloak amaitu eta argiak itzaltzean? Artea lanbide bilakatzeak dakarrenaz mintzo da Oier Aranzabalen 'Margolaria' filma. Donostiako Zinemalditik igaro ondoren, martxoaren 22an estreinatuko da. Zuri beltz poetikoan, kazetari eta musikariak Mikel Urdangarin hautatu du bere opera primaren protagonista moduan. Bi urtez jarraitu ditu Aranzabalek Urdangarinen pausoak munduan zehar, eta bidaia horren nondik norakoak kontatu dizkigu; emaitza, artistaren bizitzari eginiko oda. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oier-aranzabal-kanpoan-bilatu-arren-askotan-etsai-handiena-norbere-burua-da/@@download/image/Captura de pantalla 2019-02-15 a las 10.31.54.png
2019/02/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Nolakoa da artistaren errealitatea oihala jaisten denean? Txaloak amaitu eta argiak itzaltzean? Artea lanbide bilakatzeak dakarrenaz mintzo da Oier Aranzabalen 'Margolaria' filma. Donostiako Zinemalditik igaro ondoren, martxoaren 22an estreinatuko da. Zuri beltz poetikoan, kazetari eta musikariak Mikel Urdangarin hautatu du bere opera primaren protagonista moduan. Bi urtez jarraitu ditu Aranzabalek Urdangarinen pausoak munduan zehar, eta bidaia horren nondik norakoak kontatu dizkigu; emaitza, artistaren bizitzari eginiko oda.
Oier Aranzabal: "Kanpoan bilatu arren, askotan etsai handiena norbere burua da"

Kazetari, musikari, eta orain, zuzendari; nola etorri da zinemarako saltoa?

Betidanik izan dut ikus-entzunekiko zaletasuna, baina orain arte eremu pribatuan landutako afizioa besterik ez da izan. Hiruzpalau urte interesgarri bizi izan ditut Garoa liburu dendan lanean zein Lou Topet taldean jotzen, eta tarte horretan voyeur edo ikusle moduan sentitu dut nire burua, musikari handien biziak gertutik ikusten. Taula gainetik jaitsi eta nola bizi ziren begiratzen nuen, eta kazetari sena piztu zitzaidan; istorio hori kontatu behar nuen.

Mikel Urdangarin aukeratu duzu istorio hori kontatzeko; zergatik?

Mikel ezagutu nuen Alain Urrutia margolariaren erakusketa batean; une berezia izan zen zentzu askotan, garai horretan hartua bainuen autonomo bihurtu eta sorkuntzaz bizitzeko erabakia. Denak bat egin zuen; gerora, filmaren abiapuntu bihurtu ziren Alain eta Mikel.

Filma zuri beltz soilean errodaturik dago; hasieratik hartutako erabakia izan zen?

Ez zen lehen unetik hartutako erabakia izan; Alainen arteak inspiratutako erabakia izan zen, bere figurarekin oso lotuta dagoelako eta baduelako obsesio puntu bat monokromatismoarekin. Nik ere, asko maite dut zuri beltza, soiltasuna transmititzen duelako, distrazioak aldenduz; probatzea erabaki nuen, eta gustatu zitzaidan emaitza, filmak kontatzen duenari mesede egiten dio.

 

"Argi nuen ez zela Mikel Urdangarinen inguruko biopic bat izango; Mikelen figuraz harago joan nahi nuen, bera da artistaren figurara iristeko bidea".

 

Sormen lanaren atzean ezkutatzen diren argi-ilunak erakusten ditu filmak; bakardadea, ziurgabetasunak, maite denaz bizitzearen poztasuna... artistaren bizitzari gorazarre egiteko modua ote da filma?

Agian neurri batean bai. Argi nuen ez zela Mikel Urdangarinen inguruko biopic bat izango; Mikelen figuraz harago joan nahi nuen, bera da artistaren figurara iristeko bidea. Bestalde, film hau egiterakoan nire obsesioetako bat izan da Euskal Herrian bezala nazioartean ere disfrutatzeko moduko pelikula sortzea; hortaz, istorioak ez du ikuslea baldintzatu behar Urdangarin ezagutzera. Filma berdin ulertzen da protagonista ezagututa ala ez.

Urdangarinez gain, hainbat artistek osatzen dute kontatu duzun istorioa; Kirmen Uribe, Alain Urrutia, Elizabeth Macklin...

Istorioa errodatu bitartean osatzen joan ginen; bi urtez ibili gara Urdangarinekin bidaiatzen, eta tarte horretan filmean agertzen diren gainontzeko pertsonaiak ezagutu genituen. Margolaria izenburua bera ere, ez genuen hasieratik aukeratu; grabatzen hasi eta urtebetera hautatu genuen. Material pila bildu genuen bi urte horietan, eta asko kanpoan gelditu da; zaila izan da aukeraketa egitea, baina noski, Mikelen bidean gurutzatutako artista guzti horiek istorioa osatzeko ezinbestekoak bihurtu dira.

 

"Film zuzendari izateak batzuetan zirujau baten hoztasuna eskatzen du".

 

Material asko kanpoan gelditu behar horretan, ba al da bereziki penaz baztertu duzun errodatutako anekdota edo bizipenen bat?

Gauza askok eman didate pena, eta hor ikasi dut film zuzendari izateak batzuetan zirujau baten hoztasuna eskatzen duela. Dena den materiala hor dago, zuzenekoak, entseguak...

Filma Urdangarinen irudiaz harago doala aipatu duzu, baina musikaria sakon ezagutzeko aukera izan duzu bi urtetan; loratutako adiskidetasun horretarik bestelako proiektuak etorriko ote dira?

Ziur aski bai; zaila izan da horrenbeste denbora elkarrekin egon ondoren banatzea, nolabaiteko abstinentzia sindromea sentitu dut. Gauza gogorrak pasa ditugu, tartean bere amaren heriotza filma estreinatu aurretik. Etxeko bihurtu ginen.

Lehen filma egin berri duzu; errepikatzeko moduko esperientzia izan da?

Margolariaren aurretik, ez nekien zer zen film bat egitea, eta esperientzia polita izan da. Gustatu zait dokumental motatako filma egitea, eta istorioak kontatzeko bokazioa dudanez, gustura aritu naiz. Dena den, halako proiektu batean murgiltzeko ilusioa izan behar da, eta sekulako konfiantza eskatzen du. Indar askorekin hasi nintzen, baina egon ziren uneak non buruak traizioa egin zidan, egiten ari nintzena zalantzan jartzeraino. Kanpoan bilatu arren, askotan etsai handiena norbere burua da.