Oier Arantzabal: “Audio bidez ere sekulako lanak egin ditzakegu euskaraz”.

Oier Arantzabal: “Audio bidez ere sekulako lanak egin ditzakegu euskaraz”. Oier Arantzabal, eta Xabier eta Martin Etxeberria anaien ideia original batetik abiatuta sortu eta garatu da ‘Artxipelagoa’ podcasta. 2103. urtean bestelako mundu bat erakusten digu audio fikzio honek, hiru olatu-aldiren ostean urpean geratu baita zatirik handiena. Baliabide handirik gabeko giro horretan ezagutuko ditugu euskal artxipelagoan bizi diren Jare neska-gaztea, haren aitona Aitor, Nizar laguna eta gainerako pertsonaiak. Seigarren atala estreinatu dute gaur, eta zuzendari lanetan aritutako Oier Arantzabalekin (Zarautz, 1988) solastu gara podcasten aroaz eta audioaren indarraz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oier-arantzabal-201caudio-bidez-ere-sekulako-lanak-egin-ditzakegu-euskaraz201d/@@download/image/horizontala.jpg
2021/11/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Oier Arantzabal, eta Xabier eta Martin Etxeberria anaien ideia original batetik abiatuta sortu eta garatu da ‘Artxipelagoa’ podcasta. 2103. urtean bestelako mundu bat erakusten digu audio fikzio honek, hiru olatu-aldiren ostean urpean geratu baita zatirik handiena. Baliabide handirik gabeko giro horretan ezagutuko ditugu euskal artxipelagoan bizi diren Jare neska-gaztea, haren aitona Aitor, Nizar laguna eta gainerako pertsonaiak. Seigarren atala estreinatu dute gaur, eta zuzendari lanetan aritutako Oier Arantzabalekin (Zarautz, 1988) solastu gara podcasten aroaz eta audioaren indarraz.
Oier Arantzabal: “Audio bidez ere sekulako lanak egin ditzakegu euskaraz”.

Distopia dela esango genuke, baina bizi duguna ikusita ez dago hain urruti errealitatetik.
Egia da gerta daitekeela, ez agian hau, baina bai pareko zerbait. Gaur egun daramagun bizimoduarekin planeta honek amaiera bat dauka. Saiatu ginen marrazten etorkizun posible bat, alegia, gure arduragabekeriaren ondorioz sortutako agertoki postapokaliptikoa, munduak egiten duen reset moduko bat. Egia da distopia euskal literaturan ez dela gehiegi landu, eta ikus-entzunezkoan ere apenas, besteak beste, horrelako munduak sortzea ez delako hain erraza ikus-entzunezkoan. Orain modan dago pandemiagatik, edo honengatik edo hargatik, baina bada bide polit bat urratzeko eta hainbat istorio kontatzeko. Gainera, komikigintzatik eta nobelagintzatik ere landu litekeen generoa da.

Euskal artxipelagoa aipatzen da, Urbasan kaia dagoela, Goierri kostaldean, gehiena urpean. Ingurumenaren gaiari ez heltzeak ekar dezakeen ondorioa gogorarazten digu.
Azken batean planteatzen dena da reset horren osteko egoera geopolitikoa. Ez dago estaturik, hondoratutako mundu horretan sortutako botere berriak daude. Botere berri horietan indar korrelazio berriak sortu dira, adibidez Espainiatik geratzen den gutxi hori arabiarren lurra da. Horren atzean Espainia eta arabiarrek izandako gerra dago, arabiarrek segituan irabazi zutena. Euskal artxipelagoa da horrelako gune bat, uharte bakoitzean botere-gune bat dago, baina mantentzen da Euskal Herriko batasun moduko bat, politikoa, Gorbeiako Batzar horretan artikulatzen dena. Guri interesgarria egin zaigu osagai horiekin Jareren istorioa marraztea. Jare katastrofearen aurreko mundua nolakoa zen ezagutu ez duen gazte bat da, baina bere aitonarekin bizi da eta bere aitona da aurreko mundua nolakoa zen ezagutu zuen gutxietako bat. Bada esperantza moduko bat Gorbeiako Batzarrarentzat, badagoelako itxaropen moduko bat mundua berreraikitzeko, garai hartatik kontatzen diren istorioak berriz ere piztekoa. 

Zergatik erabaki zenuten Jare neska gaztea izatea protagonista eta beretik kontatzea istorioa?
Argi geneukan distopia horretan barneratzeko gatazka betean dagoen pertsonaia bat behar genuela. Bere aitonak mundu zaharra irudikatzen du, eta bere aitonarekin duen gatazka pertsonala da, baina gatazka politiko batekin nahasten da. Protagonista emakumea izatea nahi genuen, gaztea, eta leitmotiv bat izatea, hau da, bere iragana ezagutzea eta mundua ezagutzea bide batez. Oso ariketa ederra egin dute Etxeberriatarrek Jare marrazten, eta beste pertsonaiak ere oso mamitsuak dira. 

Aktore ezagunak aukeratu dituzue, ahots bereizgarriak dituztenak, eta bikoizketan arituak gehienak. Zer nolako prozesua izan da beraientzat?
Denontzat izan da gauza berria; Juan G. Andres eta biontzat zuzendaritzan, baina baita gidoian ere. Gidoia audiorako egitea ez da ikus-entzunerako edo antzerkirako egitea bezala. Oso osagai ezberdinak daude kontuan hartu beharrekoak. Aktoreentzat ere berezia izan dela esango nuke, gorputza ez dutelako erabili, interpretazio guztia ahotsaren bitartez egin behar izan dutelako. Ederra izan da estudioan nola girotu diren ikustea. Gogoratzen ditut Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy estudioko kabinan erratz batekin, arraunean ari balira bezala. Azpimarratu nahiko nuke Anartz Zuazuaren lana; berak egin du aktore zuzendaritza, eta grabaketa guztian zehar egon da aktoreei laguntzen. Guk nahi genuena zen ahotsaren eta soinuaren bidez mundu horretan barneratzea, eta hor Anartzek listoia oso altu jarri zuen, eta nik uste nabaritzen dela. 

Hain zuzen ere, erronka polita, eta era berean zaila, izango da kontatu nahi den guztia audio bidez transmititzea.
Pentsatu behar duzu informazio guztia ahotsaren eta soinuaren bidez eman behar duzula, eta horrek aukera asko zabaltzen dizkizu, baina mugak jarri ere bai. Ikus-entzunezko batean izan daiteke pelikula edo telesail bateko zati garrantzitsu bat bisuala, izan daiteke barku bat ilunabarrean itsasorantz joanez eta musikarekin, eta segur aski sekulako informazioa emango digu eta oso ikusgarria izango da, baina audio-fikzioan hori ezin duzu egin. Kontuan hartu behar duzu eszena bakoitzak zer soinu-osagai  dituen, eta akaso eszena baldintzatua egongo da soinuarengatik. Eszena non gertatuko da, mangladiko uretan ala barku batean? Berdin dit zer dekorazio dagoen, zer sofa, inporta dit nola entzuten den, soinua. Behartu gaitu pentsatzera: hemen biniloa entzuten da, hemen afaltzen ari dira kopa batzuekin, barkuan motorra entzun behar dugu ala ez…

Egia esan bizigarria izan da diseinu hori guztia, Xanti Salvador eta Koldo Corellarekin batera, eta gidoitik hasita Etxeberriatarrekin egin duguna. Nik uste asko ikasi dugula zentzu horretan. Rafa Rueda eta Aritz Aranbururen lana ere nabarmendu nahiko nuke. Nola jartzen diozu soinu banda soinuarekin bakarrik kontatzen den istorio bati? Kontuz ibili behar duzu neurriarekin, informazioa ez kentzeko, soinuak ez estaltzeko, eta erronka bat izan da Rafa eta Aritzen lana.

Soinuek laguntzen dute dena irudikatzen…
Hori da, bai. Podcastetan ikusten da zer potentzial duen soinuak istorioak kontatzeko, bere horretan, bera bakarrik. Istorioak modu zoragarri batean kontatzea irudirik behar izan gabe. Iruditzen zait ez dugula behar beste balioesten ikus-entzunezkoan soinuak duen rola, eta akaso horrelako lanek lagunduko dute soinuaren lanari balioa ematen. Entzuten dugun soinuaren %70etik gora postprodukzioan egindakoa da normalean, eta soinu lan hori kentzen badiozu pelikula bati, kaka zaharra geratzen zaizu. Nik uste honek ere balio duela Xanti Salvador eta Koldo Corella bezalako pertsonek bestelako produkzioetan ere egiten duten lanaren balioa nabarmentzeko eta, bide batez, ozen esateko: aizue, audio bidez ere sekulako lanak egin ditzakegu euskaraz!

Audio espaziala erabili duzue, sistema binaurala, zer eragin du horrek entzuterakoan?
Sistema binaurala da, azken batean, hiru dimentsiotan nahastea soinuak. Alegia, algoritmoen bitartez soinu bat jar dezakezu zuk nahi duzun lekuan. Nola egiten da hori? Ba, gaur egun oso ondo dakigu gure belarriek nola entzuten duten eta nola jasotzen duten soinua ingurutik, eta orduan algoritmo horrek eraldatu dezake soinua, guk sentitu dezagun aurretik, atzetik, eskuinetik, ezkerretik, goitik ala behetik entzuten dugula. Zertarako balio digu horrek? Kasu honetan, Artxipelagoan, gu gauzak gertatzen diren espazioan bertan egoteko. Horrek balio digu jabetzeko non dagoen Jare hitz egiten duenean eta non dagoen Nizar, eta nora bota duen harria eta nondik datorren gurdia. Hori egin daiteke entzuketa binauralarekin eta hori da guk erabili duguna, kaskoen bitartez hori simulatzen du. Teknologia audio-espaziala oso garatua dago eta entzulea kontuak gertatzen diren lekuan kokatzen du.

Deigarria da podcasten aro hau, irudiak, laburtasunak eta berehalakotasunak hainbesteko garrantzia duen garaian, podcastek kontrakoa eskatzen baitute: patxada, denbora hartzea, ahalegina entzulearen partetik…
Esango nuke ahalegin txikiagoa eskatzen duela ikus-entzunezkoak baino, eta horregatik ikus-entzunezkoak sarean ez dira hamar minututik gorakoak izaten normalean. Podcastak, aldiz, luzera askotakoak izan daitezke. Ni neu nahiko aseta nago irudiekin, harrapatu nau momentu batean non bideoak ikusteak ariketa handiagoa eskatzen didan. Zergatik? Begiekin begira egon behar dudalako pantailari zer gertatzen den eta, bestela, informazioren bat galdu dezaket. Podcastekin kontrakoa da, irratiaren formularen antzekoa da, eta irratia horregatik da hain boteretsua, eta horregatik ez da hil eta ez da hilko. Entzuketa pasiboa ahalbidetzen du, beste gauza bat egiten dudan bitartean atentzioa jar dezaket hor kontatzen denari. Alegia, korrika egitera noa eta entzun dezaket ordubeteko elkarrizketa bat. Etxetik lanera noan bitartean entzun dezaket podcast bat eta lanera iritsi banaiz, gero jarraitu dezaket entzuten. Ez dit eskatzen pantaila bati begira egotea, eta hori nik uste gaur egun terapeutikoa ere badela.

Podcastek eskaintzen duten patxada bada hausnartzeko, bestelako eduki batzuk landu eta entzuteko bide bat, eta geratzeko datorrena gainera. Podcasten olatu honek munduan eragina izan du, eta niri ez zait burbuila bat iruditzen. On demand edukiek irauli egin dute edukiak kontsumitzeko modua, eta podcasten aro hau ezin dugu ulertu eztanda hori gabe. Nik uste zuzenki lotuta daudela. Horregatik, podcasten kontua geratzeko datorrela uste dut. Iruditzen zait gure esku dagoela ahalik eta eduki gehien sareratzea, hau da, euskal aktore, euskal komunikabide, euskal eduki sortzaileek, hor badaukatela aukera bat jendearengana iristeko, zeren jendeak Euskal Herrian ohitura dauka audioa euskaraz kontsumitzeko. Gu horretan ari gara, eta asko poztuko ginateke beste jende bat ere horretan hasiko balitz.

Ekoizteko ere izango ditu bere abantailak ikus-entzunezkoarekin alderatuta…
Baliabide aldetik ikus-entzunezko batek baino gutxiago behar ditu, baina beste gezur handi bat ere badago, asko aipatzen dena: podcastak merkeak direla. Podcasta merkea da egiten duenari ordaintzen ez badiozu, edo egiten duenak sartu dituen orduak kontatzen ez badituzu. Orduan bai, noski. Izan daiteke baliabide aldetik merkeagoa, baina gu ari gara modu profesionalean podcastak egiten eta gure aldarrikapena da egiten den lana ordaindu egin behar dela. Aukera asko zabaltzen ditu, eta audioak baditu ezaugarri batzuk edukien alde izan daitezkeenak. Audioak ematen du patxada gauzen inguruan hitz egiteko, gauzak kontatzeko, akaso gehiago probestu beharko genukeena.

‘Barruan Gaude’ podcasta ere baduzu eta bertan arnas luzeko elkarrizketak egiten dituzu gonbidatuekin. Gainera, Rikardo Arregi Komunikazio Saria jasotzeko hautagaia da. 42 atal egin dituzu dagoeneko; zer moduzko esperientzia izaten ari da zuretzat diziplina ezberdinetako sortzaileekin elkarrizketa luze eta zabalak egitea?
Nire lan kutuna da, lan guztiak gustura egiten ditut, baina nire lan pertsonala da. Hiru urte-edo badaramatzat proiektuarekin eta oso gustura egiten dut. Luxua da horrelako pertsona interesgarrien etxeetan sartzea, beraien konfiantza hori izatea, eta saiatzen naiz konfiantza hori saritzen podcastekin. Asko gustatzen zait hitz egitea eta asko gustatzen zait meatzaritza lana egitea. Saiatzen naiz pertsona bakoitzaren zati interesgarriak ateratzen, eta hausnarketa interesgarriak eta zeresana emango dieten gaiak mahaigaineratzen.

Rikardo Arregi sarirako hautagaitzarekin ere oso gustura nago, hor egote hutsa badelako aitortza, eta estimatzen da. Gainerako hautagaitzak ere oso indartsuak dira eta asko gustatzen zaizkit, bai Basilika, bai Pantailak Euskaraz eta baita 3000 Twitz ere. Iruditzen zait merezimendu osoz daudela hor, eta sariaren irabazlea dena dela ere, ospatuko dugu.

Hitz egitea asko gustatzen zaizula aipatu duzu, baina entzutea ere gustatuko zaizu horrelako podcasta egiteko…
Entzutea da elkarrizketatzaile onaren bertutea nik uste. Elkarrizketak modu onean egiteko ondo prestatu behar dira eta ezagutu behar da aurrean daukazuna, baina iruditzen zait entzutea ere oso garrantzitsua dela. Denok gaude momentu jakin batean egoera jakin batean, eta entzute hutsarekin askotan zabaltzen dira bide batzuk bestela ez liratekeenak zabalduko. Podcastaren abantailetako bat da ez daukagula presarik. Barruan gaude-n ez doa iragarkirik ostean, ez doa beste saio bat ondoren, ni noa berarekin denbora bat pasa, lasai hitz egin eta elkarrizketa patxadatsu bat izatera presarik gabe. Eta hortik ateratzen da pieza bat. Entzutea oso inportantea da eta ni entzutera noa, nire iritziak ez dauka baliorik; beti ihes egiten dit zerbaitek, pertsona naizelako eta solasaldi horietan eman behar delako jaso nahi baldin baduzu. Aurrean daukadan horrengandik ikastera noa eta aurrean daukadan horrekin hitz egitera eta, noski, entzutera.

Hori da elkarrizketaren alderdirik aberasgarriena, ezta? Bestearengandik ikastea entzunez.
Bai, nik uste askotan ahaztu egiten zaigula, eta akaso momentuak eta formatuak baldintzatuta, zeren luxua da patxada horrekin norbaitekin hitz egitea. Kontziente naiz nire ofiziokide asko presaka bizi direla eta ez daukatela besterik, prekarietatean dagoelako lanbidea, edo hala eskatu zaielako, edo ez dagoelako denborarik. Behin baino gehiagotan ahaztu egiten zaigu parekoari entzutea eta oso istorio mamitsuak galtzen zaizkigu.

Apaiz kartzela, Zamorako kartzelan preso egon ziren abadeen inguruko dokumentala, ere hilaren 26an estreinatuko duzue zinemetan. Zer da ikus-entzuleek dokumentalean topatuko dutena?
Apaiz kartzela Francok zabaldu zuen kartzela da, Vaticanoaren konkordatuaren adostasunarekin, apaiz abertzale eta komunistak kartzelaratzeko. Frankismo amaieran elizaren parte baten aldetik matxinada moduko bat egon zen mezetan, eta esan dezagun  frankismoaren oposizio ofizialetako bat batez ere Euskal Herriko eta Kataluniako elizetan sortu zela, eta apaiz komunista batzuen aldetik. Hasieran partxeak egiten hasi ziren, apaizak monasterioetan sartzen-eta, baina azkenean Zamoran kartzela bat sortu zuten haientzat. Munduan ezagutzen den kartzela bakarra da espresuki apaizentzat sortua.

Dokumentalak gure apaiz hauen historia jasotzen du: Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika… Apaiz mordo bat pasa ziren bertatik eta beraien historia kontatu behar da. Kontatu egin behar da isildu den historietako bat delako, garai hartatik isildu den askotariko bat, eta badirudi estali egin nahi direla. Beraien borrokak zertan zetzan eta zertan datzan kontatzen du, zeren kartzela hartatik pasatako apaiz ohiak gerora ere militante izan dira eta asko daukate kontatzeko.