Ocaña eta inspirazio feminista dira protagonistak Montehermoson inauguratu dituzten bi erakusketeta

Ocaña eta inspirazio feminista dira protagonistak Montehermoson inauguratu dituzten bi erakusketeta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ocana-eta-inspirazio-feminista-dira-protagonistak-montehermoson-inauguratu-dituzten-bi-erakusketetan/@@download/image/20111077997ocana.jpg
2012/12/13
berria
Urtarrilaren 15era arte, bi arrazoi berri Gasteizko Kulturunera hurbiltzeko. Batetik, Ocaña artista sevillarraren ekintza publikoak, jolas emanaldiak eta aktibismo politikoa ezagutarazi nahi dituen 'Ocaña 1973-1983' erakusketa bisita daiteke. Eta, bestetik, 60ko hamarkadatik 80ko hamarkada hasierara bitarteko performance artea genero ikuspegitik aztertzen duen 'Re.Act.Feminism#2' proiektua iritsi da Euskal Herrira. 

Gasteizko Montehermoso kulturuneak bi erakusketa inauguratu berri ditu. Gaurtik hasita eta urtarrilaren 15era bitarte, 'Ocaña 1973-1983: Ekintzak, emanaldiak, aktibismoa' eta 'Re.Act.Feminism#2 – Performance artxiboa' bisita daitezke. Komisarioak Pedro G. Romero eta Bettina Knaup & Beatrice Ellen Stammer dira, hurrenez hurren. 



Ocaña 1973-1983: Ekintzak, emanaldiak, aktibismoa

Ocaña artista sevillarra –Ramblatik emakumez jantzita guztiak asaldatzen zituena– Bartzelonako underground mugimenduaren protagonista izan zen 70eko hamarkada amaieran eta, beraz, baita estatu espainiarreko kontrakulturaren ikono ere.
Artista gisa asko eta askotariko lanak egin zituen; margolaria zen, martxe paper artisaua, zinema aktorea, kupletista trabestitua... Horri guztiari, baina, ekitaldi politikoetan egiten zituen agerraldi dibertigarriak eta gay nahiz lesbianen protesta ekimenetan zuen protagonismoa gehitu behar zaio.
Montehermosok hartu berri duen erakusketak Ocañaren aro emankorreneko (1973-1983) aktibismo artistiko, publiko eta politikoaren lagin bat izan nahi du. Eta horretarako, bere lanak ez ezik, beste zenbait egileren argazki, film, eskultura, pintura eta marrazkiak bildu dituzte. Guztietan, Ocaña da protagonista. 


Re.Act.Feminism#2 – Performance artxiboa

Etengabe handitzen ari den behin behineko performance bizia da hau. Izan ere, 2008az geroztik ari da proiektu hau etengabe aberasten.
Re.Act.Feminism ekimenaren interesgunea 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitarte garaturiko inspirazio feministadun performance artea da, beti ere ikuspegi feministatik begiratuta.
Urte horietan guztietan horretan lanean aritutako 125 artista eta kolektiboren lanak daude ikusgai, beraz, Gasteizen. Europa ekialde nahiz mendebaldekoak dira, Mediterraneokoak, arabiar mundukoak, Estatu Batuetakoak eta Latinamerikako zenbait herrialdetakoak.
Euskal Herritik pasa ondoren, Kroaziara, Poloniara, Estoniara, Danimarkara eta Alemaniara iritsiko da, bertan ibilbidea amaitzeko. Behin behineko artxiboa, hortaz, handitzen joango da tokian tokiko ikerketei eta adituen lankidetzari esker.