Obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero ikuspegia jorratzen dituzten antzezlanak hartuko ditu bere baitan Iruñeko Antzerki Aroak

Obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero ikuspegia jorratzen dituzten antzezlanak hartuko ditu bere baitan Iruñeko Antzerki Aroak Gaurtik maiatzaren 18ra bitarte iraungo du zikloak eta 'Alderray' antzezlana eskainiko dute gaur. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/obesioak-belaunaldien-arteko-talka-eta-genero-ikuspegia-jorratzen-dituzten-antzezlanak-hartuko-ditu-bere-baitan-iruneko-antzerki-aroak/@@download/image/AK0A4463-web.jpg
2022/04/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaurtik maiatzaren 18ra bitarte iraungo du zikloak eta 'Alderray' antzezlana eskainiko dute gaur.
Obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero ikuspegia jorratzen dituzten antzezlanak hartuko ditu bere baitan Iruñeko Antzerki Aroak

Hiru antzezlanek osatuko dute Antzerki Aroa zikloaren udaberriko egitaraua. Tartean Teatroa, ATX Teatroa, Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren lanek obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero-ikuspegia izango dituzte ardatz.

Tartean Teatroaren Alderray antzezlana izango da gaur, pertsonaien ehiztari eta narratzaile bati buruzkoa. Honela azaldu dute antzezlanaren nondik norakoa: "Beti alderrai bizi izan da, erabat aske, hautatutako bakardadean, berarentzat zama bihurtu dena. Une horretan, Alderrayren lanaren mireslea den neska gazte bat agertzen da bere bizitzan, harekin batera ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak ehiztari zaharra misantropo ozpindu eta antisoziala bihurtu du, baina, hala ere, neskame gisa hartzea onartzen du. Ustekabeko etorrera horrek zerbait hausten du Alderrayren barruan eta pertsonaia batekin obsesionatzen hasten da. Ez daki nor den, baina hurbil, oso hurbil, dagoela sentitzen du. Alderrayk beste pertsonaia batzuk harrapatzeko gogoa galdu du, bere arima torturatzen duen hori besterik ez du aurkitu nahi". Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre dira aktoreak, eta Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du obra. 

Belaunaldien arteko talka eta munduaren ikuspegi ezberdinen inguruko Lubaki lainotsua lana eskainiko du ATX Teatroa konpainiak maiatzaren 11n. Izenik gabeko gerra bateko lubaki batean, gudari beterano bat dago, bakarrik, beste garai bateko borrokalari bat, baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina gogorrekoa. Aspaldian ez da egon gudurik, ezta areriorik ere... Dena lasai dagoela ematen du. Jeneralek “bakea” sinatu zuten, tropak etxera bidali zituzten, baina ez zuten ordezkorik bidali, eta garbi dago ordezkorik gabe ezin dela postua utzi. Bat-batean, ordezkoa heltzen da, gutxi zaildutako soldadu gaztea, gerraren antzekorik ere ezagutu ez duena. Maren Basterretxea, Miriam K Marchante, eta Javier Barandiaran dira obrako antzezleak. 

Udaberriko zikloari amaiera emateko, berriz, Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroa taldeek Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi taularatuko dute maiatzaren 18an. Hiru emakume mahai baten inguruan elkartuko dira, askaltzeko. Gorputzak tisanaz, pastaz, azukrez eta pasteltxoz beteko dituzte beren egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Hainbat galdera sortuko dira: "Ba ote dakite beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?". Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Erika Olaizola dira obraren idazle, zuzendari eta aktoreak. 

Antzezlanak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etan, eta sarrerak zortzi euroan eskura daitezke webgunean zein NAEko txarteldegian emanaldiak hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.